Euskal Herriko hedabideetan maketazio lanetan gehien erabiltzen den programa zein den aztertzea eskatu didate HUHEZIko lagun batzuk.
Ezaguna da sekulako borroka dagoela QuarkXPress-en eta InDesign-en artean edizioa grafikoaren merkatua menderatzeko.
QuarkXPres-ek ditu bere alde aspalditik zabalduena, ezagunena eta erabiliena dela prentsa eta edizio munduan; kontra, bestalde, oso garestia dela eta produktu moduan isolatuta geratzeko arrisku bizian dagoela (beste programekin oso-oso ondo ezkondu arren ez du enpresa handi baten babesa).
InDesign berriagoa da baina, Adobe enpresa erraldoiena izanik, merkatuan sartzeko presio handia egiten ari da eta gainera, Creative Suit paketean eros daiteke (InDesign + Photoshop + Illustrator + Acrobat + …) prezio merkeago baten.
Programa biak dira onak. Gure artean, askogatik, konbinaketa hedatuena da QuarkXPress erabiltzea maketatzeko eta FreeHand-a, infografiak, logoak eta horrelakoak egiteko.
Ikusi dudanagatik, ez da apenas aldaketarik egon azken urteotan baina, noiz arte jarraituko du horrela panorama?
Kontua da, 2005. urtean Adobe-k Macromedia enpresa erosi zuela (besteak beste, FreeHand ekoizten duen enpresa da Macromedia) eta horrela, marrazketa bektoriala egiteko bi produktu nagusien jabe (FreeHand eta Illustrator) bilakatu da.
Diseinatzaileen artean zabaldu da Adobe-ren asmoa FreeHand-a hiltzen uztea dela (hobekuntzarik ez aurkeztu…) eta horrela, Illustrator erabiltzera behartu. Hau dena, kontuan hartuta gainera, Adobe-ren Photoshop-ek (argazki-edizioa) duela, ia esklusiban, merkatua hartuta…
Jokaldia komertzial honen ondorioa: zenbat denbora iraungo dute Quark-eko erabiltzaileak Adobe-ren sarean jausi barik? Dagoeneko Photoshop-en erabiltzaileak badira eta Illustrator zabaltzea lortzen badute, zergatik ez aldatu InDesign-era? Kontuan hartuta, gainera, merkeagoa dela?
Ematen duenez, publizitate agentziak ari dira Quark-etik InDesign-erako migrazioa egiten (hau ote da aldaketaren atea?), baina jakina, ez da berdina, batez ere, marrazketa programa erabiltzen duten teknofilo samar izaten diren talde txikietan programaren aldaketa planteatzea edo 25, 50, 100 edo 200 kazetari dituen (eta gainera, kasu askotan, erabiltzaile hain trebeak ez direnak) egunkari batean berdina eskatzea.
Ez dakit nolakoa izango den, epe laburrera, prentsaren maketazio eta edizioen egoera Euskal Herrian baina, gaur egun, 2007ko martxoan, gure artean behintzat, ez du inork edizio programarik aldatu.
Egunkari handiek, bestalde, ez Quark eta ezta InDesign. Hauek edizio programa pertsonalizatuak erabiltzen dituzte. Oso edizio programa integralak eta fidagarriak izaten dira, gurean, zabalduena Milenium izeneko sistema da.
Inongo asmo zientifiko barik, egoeraren ikuspegi orokor bat ematen duen taula baten bildu ditut jasotako informazioa (hedabide ezagun batzuk eta publizitate agentzia eta inprenta gutxi-gutxi batzuk bildu ditut). Hemen deskargatu dezakezue, PDF dokumentuan, zein hedabidetan zein programa erabiltzen den jakiteko interesa baduzu.