Etiketaren artxiboa: gay

Pink experience

Zer dute gay gaiko kartelak bazterrak horrenbeste harrotzeko? Lumagorriren kartelarenak, hamar bat urte dela izandako antzeko pink bizipen bat gogora ekarri dit.

Gasteizko, Gaytasuna eta Arabako Lesbianen Asanbladako lagunek ekainaren 28rako kartela egiten laguntzea eskatu zidaten. Egin genuen lana: bi mutil/blusa muxuka San Prudentzioaren bedeinkapenarekin; leloa, “Gugan sustraitua dago”.
Blusak gay

Ba, orduan ere egon zen polemika txiki bat. Gogoratzen dut, bereziki, eta lagun horrek kontatuta, blusa batek botatakoa: “Oraingoan, pasatu egin zarete! Zer ikusi dugu blusok homosexualekin?”.

Hamar urte geroago, ez da batere eskandalagarria kartel hura, eta epaitzeko beste parametro batzuk (ala ez?) erabiliko genituzke: ona-txarra, polita-zatarra, nahi dena…

Gauzak aldatu dira, egun, blusa hura ez dut uste (publikoki, behintzat) asaldatuko zenik, egun, mutil bi horiek beraien artean ezkonduta egon daitezke (edo ez), edo dibortziatuta, edo bakoitzak bere aldetik ibili. Segurutik, aldatu ez den bakarra gainean dagoen harrizko estatua izan da, berak ez du-eta  aldatzeko ezta hobetzeko inongo asmorik.

Gizartean ematen diren aldaketa handiak, probokazio fasea behar dute, normaren apurketa transgresioz egiten da, eta hori, eskandalagarria suerta daiteke. Gure kulturan oso sartuta dago homofobia, eta deskuidatu orduko azaleratzen da, modu bortitzenean edo, –ikusi den moduan–, beldurraren formarekin.

Lumagorrikoek, akaso horretan larregi pentsatu barik, debalde eta modu onenean, Ibarretxeri gay ikonoa (harrapa zak!) izateko aukera eskaini diote.

Oraindik, hitz egiteko denboraz zaude, Juan Jose.

Ibarretxeren irudi ona

Polemikatxoa sortu da Bartzelonako Lumagorri gay taldeak urteko jaia iragartzeko ateratako kartelarekin…. euskal-katalandarrak arazoak ekiditeko atzera egitea erabaki omen dute (aurreko estekako erantzunetan, azalpenak), baina, Interneten gauzak eternitaterako direnez –portzierto, betikotasun hori da Internetetik larregi gustatzen ez zaidan kontu bat–, han eta hemen geratu da irudia ikusgai.

Goizean goiz ikusi dut Sustatun kartela. Aztertzeko moduko konbinaketa ezin hobean agertu da gainera (mila esker pantailazoa egiten argi ibili den lagunari!). Batetik, EAJren publizitate arrosa (“egin behar dugu.com”!) zegoen eta, ondo-ondoan, Ibarretxe arrosagoa oraindik… Hemen, irudi zoragarria. Historiarako hau ere.

Irreberenteegia kartela? Babesleei (Bartzelonako Euskal Etxea) “larregi” irudituko ote zaien? Humore falta izugarria dagoela? Edo, beste barik, ezkutuko homofobia eta beldurra?

Ibarretxeren antzeko argazki trukatuen bila jo dut Google-ra… Hau bai dela arduratzeko moduko emaitza!

Ibarretxe

Eskerrak, Lumagorrikoei. Askogatik, positiboena eta ederrena, eurena!

Lehendakariaren irudia hobetzeagatik Jaurlaritzaren dirulaguntza merezi dute hauek!