Etiketaren artxiboa: gasolindegia

Eraikin enblematikoak

Aurretik esango dut aspalditxo aluzinatuta naukatela arkitektoek eta antzeko gremiokoek.

Beraiek egin eta gu (kasu askotan) sufritzen dugun eraikuntza mordoetan behin eta berriro argi eta garbi utzi nahi izaten dute ez dagoela estetika-diseinu-armonia-gustu-arte… edo antzeko ikasgairik karreran edo, baldin badago, erraz gainditzeko maria horietako bat dela, bestela, nola ulertu egiten duten zenbait gauza?

Mikel Irizarrek idatzi zuen Goienkaria-ko zutabean eta izen bereko Piperrautsa blogean Arrasateko erdialdean eraiki duten “tramankuluaz”. Aipatzen du herritarrek horrelakoen aurrean hartzen duten jarrera ironiko eta gupida gabea: diru mordoa balio izan duen eraikuntzari Gasolindegia izen jarri eta listo!

Gasolindegia

Nik dakidala, Gasolindegia ez da ia inoiz erabiltzen. Azoka plazan saltzen ibiltzen diren baserritarrak horra ez doazela esan dute. Ez behintzat pulmoniaren gastuak noren kontura joango diren argitu arte!

Ez da, ordea, Gasolindegia gurean egin den eraikuntza xelebre bakarra…  beno, egia esateko, gure azken eraikin enblematikoa, berez, ez da zehatz-mehatz eraikina, izan ere, eraikin enblematiko mordoaren elkargunea izango den gunearen ataria da: Garaia ikerkuntza gunearen ataria, hain zuzen. Hemen dago, eta labur esateko, XXI. mendeko eraikin mordoari sarrera emango dion XVIII. mendeko ataria da.

Bi zatitan dago banatua lana, batetik,  sarreraren ezkerraldean zulodun xafla herdoilgaitz luze bat dago (azken egunetan hizkiak gehiago nabarmentzeko-edo pintura beltzez margotu dituzte). Estruktura handiegia eta zakarregia da honelako punta-puntako gune modernoa izan nahi duen baterako baina, beno, hainbestean…

Garaia Ikerkuntza Gunea 1

Okerrena, hortik metro gutxira dago, eskuin aldean, autoentzako biribilgunea aprobetxatuz egin duten “instalazioa”: beira zatiekin eta zuri eta beltz errekarri txikiekin gunearen logo erraldoi bat margotu dute tontor handi baten, eta gutxi balitz, harrien gainean Garaiaren letrak bota dituzte.
Hau ere zakarra eta handiegia da, eta gainera, gaizki errematatuta dago!

Garaia Ikerkuntza Gunea 3

Hurrengo 50 urteetan ikusi beharko ditugu egunero-egunero bi mamotreto hauek? Ez, mesedez!