Azkenaldian bi lan harritu naute. Batetik, liburu bat, Katixa Agirreren Sua falta zaigu ipuin bilduma, eta bestetik, Vanexxaren Se rompe o se raja zuzenekoa eta diskoa.
Katixaren liburua bukatu berri dut eta burutik kendu ezinka nabil eragindako sentsazioak. Ipuin bildumatik asko gustatu zait harremanen detaile txikiei ematen dion tratamendua eta, batez ere, oso gustuko izan dut idazleak giro bereziak (arrunt-arruntak direnak, bestalde) lortzeko duen maisutasuna. Adibidez, Ness lakuaren ondoko ostatuan izandako afalostearen kontakizuna aluzinantea da, eta, zer esanik ez, Hirugarrenik Asier ipuineko ikuskizun musikala: inpresionantea, antologikoa, aspaldi irakurri dudan gauzarik harrigarriena. Ederra, benetan, liburua.
Vanexxa, bestalde, apenas ezagutzen nuen, asko jota, behin edo behin Radio3-en abestiren bat entzunda.
Txundituta utzi ninduen hip-hop-era, kabaretera eta rockera honek Arrasaten egindako emanaldiarekin.
Madrildar honek ere, ederki islatzen du mundua helduleku berezitik haritik tiraka.
Ahots suabea du Vanexxak eta letrak, ordea, gogorrak, berak dion bezala: “si me quieres comprar, vengo con doble personalidad”.
YouToube-n, eta horrelakoetan, Vanexxaren abesti mordoa daude jarrita.
Oso desberdinak dira Katixaren eta Vanexxaren lanak baina, aldi berean, badituzte antzekotasunak: lan ezohikoak dira biak eta gaiak tratatzeko modu berria landu dute. Gainera, sorkuntzaren bide berriak jorratu nahian dabiltzala antzematen da eta hori oso eskertzekoa da.
Zorionak biei!