Etiketaren artxiboa: cuatro

Nafarroa hitz batean definitu nahian

Hurrengo pasadizoa urtarrilaren 14an gertatu zen Espainiako Cuatro telebistako Password lehiaketan.

Lehiaketa horretan binaka jokatzen da. Batetik, diru bila doan lehiakidea
dago eta, bestetik, hari 
laguntzeko, pertsonai 
ezagun bat (kirolari, artista edo musikariren bat). Jokoaren nondik
norakoa hauxe da: kide bati hitz bat erakusten zaio eta, berba bakarra
erabilita, segundo gutxitan, besteari azaldu egin behar dio kontzeptua. Adibidez,
niri “Katua” hitza eman eta nik bikotekideari “Miau” esan, horrekin erraz
asmatuko luke “Katua” dela password ezkutua.

Pasa den
osteguneko bikotekideak ziren Julian Lopez Muchachada Nui saioko umorista eta izena esaterik
ez dudan neska gazte bat

(hasita zegoen saioa eta ezin izan nuen lehiakidearen izena aditu. Pena).

Oso ondo aritu ziren jokoan eta 10.000 euroko saria duen multzoaren azken hitzera iritsi ziren. Hil ala biziko kontua zen password hori asmatzea: asmatuz gero, zailtasun maila horretako saria irabazi, mailaz
igo eta sari handiaren bidean jarri; kale eginez gero,  ostera, ordura arte irabazitako sosak
jaso eta etxera…

Laupabost segundo besterik ez ziren geratzen, azken hitza
asmatzeko nahikoa denbora hala ere.

Ageri da pantailan
azken password-a: NAVARRA.

— Lehiakideak: mmm, mmm.

Eta momentu
horretan burutu zuen neskak publikoaren aurrean aspaldian ikusi dudan ekintza
heroikoena: Espainiako milaka eta milaka ikusleen aurrean, inmolazioa.
Politikari, hedabide, aisialdi eta industria kulturalaren diskurtso bateratzaileari
aurre eginez, heroien bidea hartu zuen neskak eta Navarrarekin lotzea debekatuta dagoen
hitza bota zuen:

— Euskadi.

E-US-KA-DI!?
Ezin nuen sinetsi! Arrapataka, argazki kamera zorrotik atera eta etorkizuneko belaunaldikoei erakusteko argazkia atera nion.

Bi segundo
faltan…

Artista
gonbidatuak
: eeeh, eeh, eh…

…eta txirrinak jo zuen.  Aurkezleak “denbora!” esan zuen,  publikoak “oooooh!” eta, nola ez, txalo zaparrada jo zuten.

Ez zen
erantzunik entzun! Sari handirik gabeko Slumdog millionaire
espainiarra! Neskak ez
zuen froga gainditu; eraman zituen ordura arte pilatutako 5.000 euroak eta,
zer edo zertarako balio badu, nire betiko miresmena.

Zoragarria izan zen. Ez
dakit zergatik egin zuen hautu hori.  Ez jakintasunagatik? urduritasunagatik?
espainiarra izan arren gutarra ere badelako? Ezin jakin.

Telebista showaren bihotzean tinko jotzeagatik atondu berri den Pop Ikonoen Aldare Euskaldunean txokotxoa irabazia duela uste dut. Hemendik aurrera, urtarrilaren 14etan erromesaldi birtuala egin eta kandela gorria piztuko diot lehiakide ezezagunari. Ohorea zuri.