Gomendagarria iruditu zait Berrian, Arte ataleko “Autodefinituak“ zutabeko larunbat honetako “Mendeku txikiak” artikulua.
Robin Collyer artistaren obra aitzaki hartuta, publizitatearen definizioaz, betebeharrez eta sortzen dituen menpekotasunez kritika zorrotza eta interesgarria egiten du Xabier Gantzarainek bere zutabean…
Hemen duzue artikulu osoa, merezi du irakurtzeak…
“Munduan beste askok legez, nik ere irakurri egiten ditut neuk idatzitakoak. Eta motz gelditu izanaren sentsazioak ematen dit amorrurik handiena. Hauxe idatzi nuen, esate baterako, orain dela ez asko: «Besterik pentsa daitekeen arren, publizitateak aspaldi utzi zion produktuak saltzeari. Orain zeregin jasoagoa du, zailagoa, garrantzitsuagoa. Markaren irudia sortu behar du, balizko eroslearen enpatia bilatu behar du, arrazoi bat eman behar dio produktua eros dezan. Eta arrazoi horiek ez dira arrazionalak gehienetan. Publizitateak beste lotura batzuk bilatzen ditu: emozionalak, afektiboak, estetikoak, ideologikoak».
Eta ez nuen esan, ez nintzen konturatu, publizitateak baduela, produktuak saldu, markaren irudia sortu eta balizko eroslearen enpatia bilatzeaz gainera, beste zeregin bat, guztietan inportanteena: publizitateak mundu perfektua eskaintzen digu, izaki zoriontsuz betea, gizon erakargarri eta ausartez, emakume eder eta liberatuz; mundu perfektua, hatsaren kiratsa edo alkandoraren zuria beste arazorik ez duen jendez betea, bere katua ongi elikatzea beste kezkarik ez duen jendez habitatua.
Publizitateak mundu perfektua eskaintzen digu; ez han eros dezagun bakarrik, ordea, han bizi gaitezen baizik. Publizitateak babesa eskaintzen digu. Gure bizitza gris eta inperfektuei kolorea jartzeko erremedioa eskaintzen digu: zer desio behar dugun erabakitzen du gure partez. Zoriontsu izateko modua eskaintzen digu.
Faxismo guztiek izan dute propaganda euren lehentasunetan. Adolf Hitlerrek berak garbi idatzi zuen, bere Mein Kampf liburuan, propagandaren beharraz ez ezik, propagandak eragingarri izateko behar zituen ezaugarriez. Propagandak izan behar zuen, bere iritziz, maila intelektual baxukoa, motzenak ere ongi jasotzeko modukoa. Ez dakit nik zein ejertzitok salbatuko gaituen publizitatearen faxismotik.
Publizitateak ez du inor hiltzen, esango duzue agian, baina ez du bizitzen uzten, erantzungo dizuet nik. Bazter guztietan dago, etengabe hedatzen du bere mezua, beti daukazu zer hobetua: argaldu, edertu, aberastu. Arrakastaren mitoa gizentzen du, menperatuok errealitatearen kontzientzia galdu eta menperatzaileen ideologia barnera dezagun.
Menperatuaren aukera bakarra mendeku txikiak hartzea denez, eta artea oraindik erresistentzia eremua izan daitekeenez, Robin Collyer artista kanadarrak bere inguruko paisaia urbanoak hartzen ditu argazkietan, eta gero, Photoshop bidez, ezabatu egiten ditu handik, publizitatearen arrasto guztiak, ezein ejertzitok salbatuko ez gaituen faxismotik askatzeko, gure begiradak bederen”.
Ikusgarria da zein eremu zabal eta, askotan, definiezin diren publizitatearena eta artearena, biak, gainera, etengabeko espantsioan egonda: kontzeptu, hizkuntza, euskarri, lan-tresna, disziplinen arteko harreman edo erabiltzaile-kontsumitzaile berrien bila…
Askotan, ez da erraza izaten bi mundu hauen arteko mugak (edo zorrak!) argi zehaztea, eta hurrengo, berriz, publizitateak begi aurretik ezabatuta artelan eder baten abiapuntua markatu daiteke. Ikaragarria.
Hala ere, argi! Batek daki, aurrerago, ez dugun ikusiko artista honen argazkiak publizitateren baten… arteak, publizitateak eta mendekuak ez dute amaierarik-eta!