Dena ez da urre gorria Arrasaten. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta maila altuena duen herrian ere txirotasuna bertatik bertara aurki daiteke.
Ikerkuntza teknologikoa bultzatzeko egiten ari diren Garaia Berrikuntza Gunearen eta hasiberri diren Olandixoko saihesbidearen arteko eremuan luze daramate kanpatuta Errumaniatik etorritako ijito koadrila.
Urriko eguerdi eguzkitsu batean arrimatu nintzen kanpalekura argazkiak egiteko asmoarekin. Lau emakume aurkitu nituen bertan bazkaria prestatzen eta, berehala onartu zuten argazkietan irtetea.
Argazkiekin hastear nengoela lauetariko batek, “egon momentu batean” esan, kanpin-dendara sartu eta etxean egoteko moduko kamiseta erantzi eta gustukoago bat jantzita bueltatu zen: I love Tokyo. Polita izan zen. Kale gorrian bizi arren ez dute neska errumaniar horiek eder agertzeko gogorik galdu. Gainera, begi-bistakoa zen trastu zahar eta pinu-apea artean bizi arren, handik eta hemendik lortutako gauzekin kanpamenduari etxe-giroa ematen ahalegindu direla.
Bestelako kontua izan zen gizonezkoak agertu zirenenen: haiek ez zuten ez barriketarako ezta argazkietarako umorerik. Neskei eskerrak emateko ia asti barik alde egin behar izan nuen.
Argazkiak egin nuenetik ez du ia atertu eta euria bota eta bota dabil. Ez da gero gozoa izan behar…