Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak (EIGE) antolatuta Argazki kazetaritzari buruzko V. jardunaldiak bukatu berri dira Donostian. Eskainitako ekitaldien artean mahaingurua bat egon da: Azaleko argazkia, hautaketarako arrazoiak. Mahaiaren bueltan honako hauek: Martxelo Otamendi (Berriako zuzendaria), Josu Juaristi (Garako zuzendariondokoa), Arantza Zugasti (Noticias de Gipuzkoako zuzendariondokoa), Jose Ignacio Lobo Altuna (El Diario Vascoko argazkilari burua) eta gaia testuinguruan kokatzen eta gidari lanean Jon Elexgarai (EHUko foto kazetaritzako irakaslea).
Argazki batek azalean agertzeko izan behar dituen oinarrizko ezaugarriak aipatzeaz gain (bat etorri ziren hizlari denak: irudiaren balio informatiboa, bat etortzea egunkariaren lerro ideologikoarekin, irudiaren inpaktu ahalmena, esklusibotasuna, hurbiltasuna…) era askotako gaiak tratatu ziren hitzaldian, besteak beste, egunkarien eta argazkilarien artean galduz doan harremana (gero eta gehiago agentzien bitartez kontratatzen delako) edo hedapenaren garrantzia (nazionala, herrialdekoa, eskualdekoa…) argazkia aukeratzerakoan. Baina, akaso, mahaingurutik interesgarriena izan zen hizlariek azaldu zutela zeinek (edo zeintzuk, kasu gehienetan) hartzen duen beraien egunkarietan argazkien gaineko azken erabakiak.
Entzundakoagatik Gara, Diario de Noticias eta Berria-n erredaktoreburuen artean, eta normalean aho batez, hartzen dute azaleko argazkiei buruzko erabakiak. Ez dute ez azalerako ez barruko eduki grafikorako editorerik, hau da, ez dago lantaldean inor testua ez den beste informazio guztiaz (egunkariaren %20a, %30a?), propio, arduratuko denik. El Diario Vasco da organigraman editore grafikoari tokia egin dion egunkari bakarra.
Funtzionamendu zuzena eta “demokratikoa” eman dezake “denon artean” argazkien kontuak erabakitzearena baina, baditu ere ondorio txar batzuk. Batetik, sarritan ematen da oso kultura grafiko eskasa duten erredaktoreburuek erabakitzen dutela egunkariaren esparru grafikoaz, eta bestetik, –eta hau, autoedizioarekin, asko zabaldu den arazoa da— inongo irizpide barik erredakzioetako edozein kazetari hasiberriak hamarkadetako eskarmentua duen argazkilariaren lanaren gainean erabakiak hartzen dituela.
Egunkarietan testu gehienak zuzendu eta gainbegiratzen dira, irudiak ez. Askotan kontrakoa esan arren, agerian dago bigarren mailako kontua dela argazkiena.
Onartzen dut erredaktoreburuen artean editore grafikoa egotearena, neurri batean, ahalmen ekonomikoaren araberakoa izan daitekeela baina, batez ere enpresa-erabakia dela uste dut, hau da, lehentasunak finkatzearen kontua (honen adibide garbia Berria izan daiteke, hizkuntzaren zuzentasunarekin duten ardurari erantzun ahal izateko zazpi estilo zuzentzaile dituzte lantaldean. Egoera hau pentsaezina izango litzateke antzeko neurriko beste edozein egunkaritan).
Argazkilari profesionalak eta ondo baloratuak derrigorrezkoak dira paperezko zein interneteko hedabideetan (erredakzio askotan, zoritxarrez, kontrako bidea egin da azken urteotan: kontratu eta lan baldintza kaskartu edo argazki-agentzien presentzia handitu) eta editore grafikoak egon behar dira egunkariaren produktu osoaren mailaz eta ildo grafikoaz arduratzeko: argazkilariekin harremanaz, lanen planteamenduaz, jarraipenaz, aukeraketaz…
Bitxia da gero, mundu zehar, edukiari berebiziko garrantzia ematen dieten hedabideek argazki editorea izaten dute lantaldean, beste batzuk, berriz, beraien burua “bisualagotzat” dutenak, ez. Nola ulertu?