Hamaikak bat

Hain modan dagoenez zor historikoak kitatzearena, nik beste Arana´tar batek (Sabinok, hain zuzen) egindako akatsa zuzentzera nator.

Denok soberan jakingo duzue honezkero britainiarrek euskal jatorria dutela, ezta? Eta, honen ondorioz, ez garela, orain arte pentsatu izan dugun moduan, zazpiak bat. Gustukoa izan ala ez, hemendik aurrera, hamaika gara eta hamaikok bat eginda jo beharko dugu aurrera.

Sabino Arana, bisionario bat zela garbi dago, eta ikurrina asmatu zuenean teoria guzti honen gainean zer edo zer bazekiela argi geratu da.

Sabinok bere garaian bukatu barik utzi zuen lana, orain guri, errematatzea tokatzen zaigu… hau da, ikurrinaren diseinuaren jatorrizko ideia, muturrera eraman!
Emaitza aldetik ez da oso originala ikurrina berria baina, Bizkaiko itsasoaren beste aldean ahaztuta izan ditugun anai-arrebei sor diegun kontua da. Trukean, eta total anexionista jarriz gero, toki aldetik hain larri gabiltzan herri honetarako beste lau probintzia eskuratuko ditugu (bai, denok hainbeste miresten dugun Ipar-Irlanda era bai!).

Ikurrina berria

Oharra:  Lasai irakurle, hau ez da Aranatarrok, bakarrik, dugun pribilegio bat. Zuk ere —Arana abizenekoa ez izan arren— bidal dezakezu ikurrina berritzeko proposamenak.

Etengabeko espantsioan

Gomendagarria iruditu zait Berrian, Arte ataleko “Autodefinituak zutabeko larunbat honetako “Mendeku txikiak” artikulua.

Robin Collyer artistaren obra aitzaki hartuta, publizitatearen definizioaz, betebeharrez eta sortzen dituen menpekotasunez kritika zorrotza eta interesgarria egiten du Xabier Gantzarainek bere zutabean…

Hemen duzue artikulu osoa, merezi du irakurtzeak…

        “Munduan beste askok legez, nik ere irakurri egiten ditut neuk idatzitakoak. Eta motz gelditu izanaren sentsazioak ematen dit amorrurik handiena. Hauxe idatzi nuen, esate baterako, orain dela ez asko: «Besterik pentsa daitekeen arren, publizitateak aspaldi utzi zion produktuak saltzeari. Orain zeregin jasoagoa du, zailagoa, garrantzitsuagoa. Markaren irudia sortu behar du, balizko eroslearen enpatia bilatu behar du, arrazoi bat eman behar dio produktua eros dezan. Eta arrazoi horiek ez dira arrazionalak gehienetan. Publizitateak beste lotura batzuk bilatzen ditu: emozionalak, afektiboak, estetikoak, ideologikoak».
        Eta ez nuen esan, ez nintzen konturatu, publizitateak baduela, produktuak saldu, markaren irudia sortu eta balizko eroslearen enpatia bilatzeaz gainera, beste zeregin bat, guztietan inportanteena: publizitateak mundu perfektua eskaintzen digu, izaki zoriontsuz betea, gizon erakargarri eta ausartez, emakume eder eta liberatuz; mundu perfektua, hatsaren kiratsa edo alkandoraren zuria beste arazorik ez duen jendez betea, bere katua ongi elikatzea beste kezkarik ez duen jendez habitatua.
        Publizitateak mundu perfektua eskaintzen digu; ez han eros dezagun bakarrik, ordea, han bizi gaitezen baizik. Publizitateak babesa eskaintzen digu. Gure bizitza gris eta inperfektuei kolorea jartzeko erremedioa eskaintzen digu: zer desio behar dugun erabakitzen du gure partez. Zoriontsu izateko modua eskaintzen digu.
         Faxismo guztiek izan dute propaganda euren lehentasunetan. Adolf Hitlerrek berak garbi idatzi zuen, bere Mein Kampf liburuan, propagandaren beharraz ez ezik, propagandak eragingarri izateko behar zituen ezaugarriez. Propagandak izan behar zuen, bere iritziz, maila intelektual baxukoa, motzenak ere ongi jasotzeko modukoa. Ez dakit nik zein ejertzitok salbatuko gaituen publizitatearen faxismotik.
         Publizitateak ez du inor hiltzen, esango duzue agian, baina ez du bizitzen uzten, erantzungo dizuet nik. Bazter guztietan dago, etengabe hedatzen du bere mezua, beti daukazu zer hobetua: argaldu, edertu, aberastu. Arrakastaren mitoa gizentzen du, menperatuok errealitatearen kontzientzia galdu eta menperatzaileen ideologia barnera dezagun.
        Menperatuaren aukera bakarra mendeku txikiak hartzea denez, eta artea oraindik erresistentzia eremua izan daitekeenez, Robin Collyer artista kanadarrak bere inguruko paisaia urbanoak hartzen ditu argazkietan, eta gero, Photoshop bidez, ezabatu egiten ditu handik, publizitatearen arrasto guztiak, ezein ejertzitok salbatuko ez gaituen faxismotik askatzeko, gure begiradak bederen”.

Ikusgarria da zein eremu zabal eta, askotan, definiezin diren publizitatearena eta artearena, biak, gainera, etengabeko espantsioan egonda: kontzeptu, hizkuntza, euskarri, lan-tresna, disziplinen arteko harreman edo erabiltzaile-kontsumitzaile berrien bila…  

Askotan, ez da erraza izaten bi mundu hauen arteko mugak (edo zorrak!) argi zehaztea, eta hurrengo, berriz, publizitateak begi aurretik ezabatuta artelan eder baten abiapuntua markatu daiteke. Ikaragarria.

Hala ere, argi! Batek daki, aurrerago, ez dugun ikusiko artista honen argazkiak publizitateren baten…  arteak, publizitateak eta mendekuak ez dute amaierarik-eta!

Meeting Point

Ia gauza denek dute bigarren buelta bat…

Aspalditxo idatzi nuen Euskadiko Kutxak Arrasaten duen egoitza nagusiaren ondoan (hemen) agertutako zeinu misteriotsu baten gainean
 Ikur-MisterBAI

Erantzunen artean, larrialdietan elkartzeko tokia edo “Meeting point”-aren ikurra izan zitekeela esaten zuen batek…

Ikur berari, seinaleak biltzen dituen www.swanksigns.org webgune barregarrian, bestelako makina bat esplikazio aurkitu zioten batzuk,  Microsiervos-en ere ibili ziren kontu honekin beste batzuk…

Baina, esan bezala, denak du bigarren partea….

Ikur hark “elkartzeko tokia” adierazi nahi bazuen, zer arraio izango ote da handik metro gutxira, egun batetik bestera, lurrean margotuta agertu den hurrengo hau?

Ikurra

 
Larrialdian, korrikan ibili barik, autoan joatea erabaki dutenentzako elkargunea?

Arrasatearrok autoa erabiltzerakoan ditugun ohiturak ezagututa, seguru!

Olentzero 2.0

Ala, denok batera…

“Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
eguzki-plakak jartzera.
Aditu duenean
Jesusen adopzioarena
lasterka etorri da
blog-ean berri ematera.

Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Txino bat eskuetan duela
eserita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxuakin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin”.

Esajeratuegia eta tokiz kanpo dagoela txinoaren aipamena? Ba, hemen nire proposamena: Zergatik ez duzu zuk Olentzeroren kantaren bertsio hobeago bat egiten? Zeren gainean? Sanz, lesbianismoa, IPod-a, turroia,… nahi duzunaren gainean, jakina. Oraintxe bertan buruan bueltako duzun horren gainean adibidez…

Hala ere, bertsioa bidali 🙂 edo ez bidalita ere 🙁  2007. urtea aurtengoa bezain ona, behintzat, izan dadila opa dizut.

Ez dezala Google-k esan-gero ez duela aurkitzen “Gabon-izpiriturik” euskal blogosferan!

Ah! oinarrizko kantaren hitzak hemen.

Graffitiaurrea

Azken aste hauetan aurkitu ditudan aztarna hauek ez dira Iruña-Veleiakoak bezain zaharrak (ala bai?) baina, ala eta guztiz ere, interestxoa badutela uste dut.

Aurreko aroetatik geratzen diren lekuko solte batzuk dira bildutako eskulan hauek. Graffitiaurreko aztarnak.

Gehienak, brotxa eta pintura erabiltzen ziren sasoikoak dira, orduan, oraindik, graffitiren globalizazioa munduan zehar zabaldu barik zegoen.

Banan-banan…
 EAJ

Bai Estatutuari (EAJ-PNV)
Orain 26 bat urte EAJko kideek Gernikako Estatutuaren alde egindako murala da. Soraluzetik Maltzagarako bidean dago, erreka kontran, hementxe, gutxi gorabehera.

EE-2
EE-EuE

EE (Euskadiko Ezkerra) eta EuE (Euskal Ezkerra)
Euskadiko Ezkerraren eta Euskal Ezkerraren logoak, desagertzear. Durangotik Bilborako bidean, N-634an, dago aztarnategi hau. 15-20 bat urte izango dituzte pintada hauek. Hemen-edo dago. Txabolak ez duela luze iraungo argi dago.


EuE

EuE (Euskal Ezkerra)

Nahiko ondo mantendu da pintada hau. PSOEk Euskadiko Ezkerra xurgatu zuenean ados ez zeundenak sortutako alderdia zen Euskal Ezkerra. Geroago, EArekin ibili ziren koalizioan. Pintada hau ere, N-634an dago, Erletxeko biribilaren ondo-ondoan, hemen hain zuzen.

HASI

HASI (Herriko Abertzale Sozialista Iraultzailea)
Basikoagoa da hurrengo hau, spray-a hartu eta alderdiaren izena idatzi. Hain dago ondo kontserbatuta atzo gauen eginda dagoela ematen duela. Herri Batasunaren hasierako alderdietako bat zen HASI. 30 bat urte izango ditu pintada honek. Hemen dago.

Gipuzkoan, Maltzaga-Elgoibar bidean Espainiako Konstituzioaren kontrako beste bat ere banuen kontrolpean baina, argazkia egitera joan orduko, ezabatuta. Pena.

Askoz gehiago egongo dira hortik zehar…  Horrelakoak -eta zuek ezagutzen dituzuen  beste horiek- gorde beharko genituzke. Gure historiaren zatiak dira, eta behin borratuz gero, agur.

Polita (?) izango litzateke 3000. urtean (?!) halakoak, oraindik, denon bistan egotea…

Pintaden geo-kokapena, Tagzania-rekin eginda dago eta, argazkiak, “pintadak” etiketarekin Flickr-en gordeta geratu dira.

Birus estralurtarra

Graziosoa iruditu zait Osakidetzak egin duen Gripearen kontrako txertoaren publizitate kanpaina.

 gripejg8
 
Badute iragarkiek, retro-kataklismo itxura polit bat. Orson Wells-en “Munduen gerra”k kaleetan sortutako kaosaren parodiaren estilora baina, inbasio barik, gaixotasun kutsakor larri batek eraginda-edo…

Kartelak ikusita, ez dakizu, datorkizuna gripea den ala Ed Wood-en espazio-ontziren batean Venustik etorritako birus, edo bakteria, edo ez dakit zer, baina oso-oso arriskutsua izan behar duen zer edo zer…

Onartu behar dut nahiko argi zegoela, eta, hala ere, kostatu zaidala ulertzea. Hemengo luzeak eta  aipamen hauek irakurtzeak lagundu didate ikusten, benetan, zer zen zetorkiguna… tan-ta-ta-txan…
 logo_ukan_236x268
Telebistan ikusi nuen Ukan birusarena eta, ez dakit erdaldunen osasunaren egoeran zein ondorio izango duen, baina, euskaldunok, uste dut, guztiz akojonatuta gaudela panpina beldurgarri horrekin aurrez-aurrez topo egitearen ideia hutsarekin…

Jabetu egoeraren dramatismoaz. Kaletik zoaz paseoan, normal, eta derrepente, panpina arraro hori agertzen da zure aurrean…  begira dago eta besoak zabal-zabalik ditu zuri besarkada super-handi eta mega-alai bat emateko gertu, han, denon aurrean…
Mutila,beldurtuta
 
Traumatikoa izan behar du, derrigorrez. Argi ibili,  abenduaren hasieran birusa berriro ibiliko da kaleetan zehar… eskerrak, kontrako txertoaren kanpainari!
 
MONTAJEA

Elkarrizketa Broute Mag-en

Broute Magazineko lagunek elkarrizketa-interrogatorioa egiteko gonbita luzatu zidaten… erantzundakoak irakurri nahi izanez gero, hemen daukazue…

Euskal Herrian, diseinu grafikoaren munduan egiten direnen gainean, oso errepaso interesgarriak egiten ari dira Broute Mag-en…, blog honen atzean Lanbrouteko kideak daude.

Nik, nahiz eta aurrez-aurre ezagutu ez, Goio Telletxearekin dut harremana… kasualitatea da gero, biok diseinatzaileak, biok euskaldunak eta biok hain izen xelebrearekin…

Konponbidea

Gauzak zailduz doaz, 20 urteren buruan ez da paperezko egunkaririk egongo diseinatzeko, trineoetarako ardi-izoztuen eranskailuak saltzearen negozioa ez doa batere ondo eta, gainetik, onartu egin beharko dut iragarpenak egitetik ez naizela aberastuko…

Aurreko baten Euskaltel-Orange afera dela eta aurreikusi nuen Euskaltel, diseinu aldetik, pieza mugitu beharrean zegoela… bale, horraino asmatu nuen baina, gaineratu nuen laranja kolorea alde batera utzi beharko zutela… eta, kendu dute Orangerekin hainbeste gerturatzen zen hondo laranja eta letra zuri horiek baina, kolore laranjarekin aurrera egingo dutela argi utzi dute…
EuskaltelBerri

Marka berria dela-eta egun gutxian gauza askotxo entzun dut:

  • Messenger-aren tximeletarekin antza handiegia duela…
  • Ea zer ikusi duen tximeleta batek telefonia konpainia batekin, bizirik geratzen zen azkena, antenen erradiazioaz hil zenean…
  • Ea zergatik kendu duten marka zaharren bolatxo polit haiek (zer ziren, portzierto?).
  • Ez zertara datorren “k” handi hori…

Euskaltelek, beste batzuk ez bezala, ulertu du garai berri baten aurrean gaudela eta horretara egokitzea erabaki du: marka berria, asmo berriak, eta beste edozerekin (tarifak merketu, zerbitzua hobetu…)  hasi aurretik, antzinako galderari erantzutea erabaki du: “Zer eskatzen du herriak?”, eta bezerok erakartzeko konponketaren aldeko keinua egitea erabaki du.

Euskaltel-K

Herrimina negozio Artikoan

Garbi geratu da prentsa-kiosko-iglu bat jartzea Artikoan ez dela  oso negozio ona izango 2050. urtean…

Zenbat euskaldun biziko ote dira han? Has gaitezen eurekin pentsatzen. Zergatik ez identifikagarri bat gure komunitateko kideek izotz-motoetan jarri dezaten? Kataklismoaren aurreko Euskal Herria zelakoa zen gogoratzen lagunduko dien zerbait? Artikoko gau luzeetan gure sustraietara jotzeko balioko dien amets-bidea… bai, gure ardi latxa! zein bestela?
ArdiaHilda
Internazionalista jarrita ere sekulako posibilitateak ditu gainera, hor daude astoa, zezena, behia, elur-oreina… mmmmm

Artikoan, egunkari barik

Aste pare bat dela, El País-en, Microsoft-eko Steve Ballmer-eri Juan Luis Cebriánek egindako elkarrizketa argitaratu zuten. Gaiak, pentsa daitekeen moduan, Microsoft bera, etorkizuna, berrikuntza teknologikoak, informazioa eta horrelakoak izan ziren….

Egunkarien salmenten krisia dela-eta paperezko egunkarien etorkizunari buruzko iragarpena egitea eskatu zion kazetariak, eta zera esan zion Ballmer-ek: “20 urte barru ez da paperezko egunkaririk existituko, egunkari elektronikoak, bakarrik, egongo dira”.

Bost hilabete atzerago, 2006ko maiatzaren 7an, hain zuzen, eta egunkari bereko EPS aldizkarian, James Lovelock (lurra auto-erregulatzen den Gaia teoriaren asmatzailea) elkarrizketatu zuten. Iragarpen apokaliptiko mordoa bota zituen ingelesak, hala nola, mundua, egun ezagutzen dugun moduan 2050 urtea baino lehenago betiko galduko dela; aldaketa klimatikoa, dagoeneko, geldiezina dela eta katastrofearen atari-atarian gaudela… irtenbide bakarra izango duela gure espezieak, Artikoa, baina 500 milioi lagunik bakarrik biziraungo dutela…

Egia esan, teknologia eta ingurugiroa doazen martxan 20 urte askotxo iruditzen zaizkit hainbeste eta hainbeste paperezko egunkari irauteko eta, aldiz, 2050. urtea bueltan ikusten dut Artikoan etxe-iglu-barrakoi edo dena delako baten bila ibili behar izateko…

Nola aldatzen diren gustuak eta ohiturak! Oso gogoko izan arren paperezko egunkariak ez dut halako pena handirik hartzen Ballmer-en iragarpenarekin, hori bai, espero dut James Lovelock guztiz oker ibiltzea.