Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

El País

Gogoarekin nago ikusteko zertan geratzen den El País egunkariak irailaren 30erako agindutako “goitik beherako” aldaketa famosoa…

Argitaratu berri da paniko atakea izan dutela El País-eko zuzendaritzan eta sakon-sakoneko aldaketa, azkenean, “egokipenean” geratuko dela.

Batzuk, aldaketarako proposamen grafikoak eginda zituzten aspalditxo…

Ez da lan makala izan behar bere inguruan, eta baita mundu osoan zehar, eragina izan duen egunkari baten diseinua nondik norakoa zehaztea. Gauza serio asko dago jokoan, besteak beste erreferentzialtasunari eta lidergoari eustea, irakurleen harrera, tiradaren gorabeherak, publizitatearen erantzuna… hitz bitan esateko: dirua eta gizartean eragiteko ahalmena. Bakan batzuk, The Guardian egunkari britainiarra adibidez, erakutsi dute modu ezin hobean gainditu daitekeela trantze zail hori eta nazioartean ere erreferentzia izaten jarraitu daitekeela diseinu zaharrarekin zein diseinu berriarekin.

Aldian behin eta zarata larregi barik egin dituzten diseinu ukituak lagunduta primeran bete ditu urteak Reinhard Gäde-k 1976an diseinatutako lanak. Inongo beldur barik esan daiteke itxura ederra duela, oraindik orain, El País-ek. Klasikoa izatera iristearen abantailak, segurutik.

Hala eta guztiz ere, honezkero, garbia da aldatzeko beharra, ez hainbeste, akaso, eguneroko orri solteen itxuran baina, bai produktuaren kontzeptu orokorrean, gehigarri gehienen diseinuan, (Igandetako Domingo gehigarria da, egunkari handienen artean, argitaratzen den itxuraz pasatutakoena), produktuaren batasunean, sailen antolaketan, tipografian eta makina bat detaile txikietan.

Eta prentsa idatziaren panoraman El País-ekoa gutxi balitz, bestelako nobedadeak ere badaude: egunkari berri bat argitaratzekoa da, egun batetik bestera, Espainia aldean:  Público. Erdal blogosferan (euskaraz ez zait ezer parean tokatu kontu honen gainean, zergatik?), behin eta berriro, esan da El País-aren ezkerrera kokatuko dela… ikusiko dugu.

Público-k 100.000 irakurle El País-eri eta 15.000 El Mundo-ri kenduko dizkiola ere idatzi dute. Hau ere, ikusi egin beharko da.

Egitasmo berrirako aukeratutako diseinatzaileak, behintzat, primerakoak dira: Cases i Asociats kataluniarrak (Avui (Cat), The Independent (BH)…

Ez da ausardia txikia ordainpeko prentsaren sektorea dagoen moduan egonda horrelako saltsatan sartzea.

Que la detengan

Modan jarri da Photoshop-en trebezia erakusteko era guztietako muntaiak egitea.

Aurpegien metamorfosiak, lehenengo aldiz, 1993. urtean Benetton-en Colors aldizkariaren 4. zenbakian (Race, arrazaren gaineko zenbakian) ikusi nituen: Britainia Handiko erregina beltzaran bilakatuta, Spike Lee zine zuzendari estatubatuarra zuri arrazakoa edo orduko aita santua asiarra bihurtuta… harrigarriak ziren irudi haiek.

Gaur egungo joera, ordez, bestelakoa da. Egun, bi pertsonai ezagunen arteko hibridoa sortzea dago boladan. Era honetako maisulanak hemen daude ikusgai.

Photoshop-ekin zakar samarra naiz baina, David Civeraren hit ezagunarekin gogoratuta ahalegin txikitxoa egitea erabaki dut: Rosa Diez eta Fernado Savater nahastu ditut (ez, eman arren, bizarraren azpian dagoen ahoa ez da Raxoirena, Savater berarena baizik).

 

Rosa Savater

Ados, onartzen dut, emaitza ez da oso txukun atera, izan ere, arraro samarra geratu da baina, nola ez da-ba arraro izango bi lagun hauen arteko hibridoa?

Bi emakume, bi lan

Azkenaldian bi lan harritu naute. Batetik, liburu bat, Katixa Agirreren Sua falta zaigu ipuin bilduma, eta bestetik, Vanexxaren Se rompe o se raja zuzenekoa eta diskoa.

Sua falta zaigu

Katixaren liburua bukatu berri dut eta burutik kendu ezinka nabil eragindako sentsazioak. Ipuin bildumatik asko gustatu zait harremanen detaile txikiei ematen dion tratamendua eta, batez ere, oso gustuko izan dut idazleak giro bereziak (arrunt-arruntak direnak, bestalde) lortzeko duen maisutasuna. Adibidez, Ness lakuaren ondoko ostatuan izandako afalostearen kontakizuna aluzinantea da, eta, zer esanik ez, Hirugarrenik Asier ipuineko ikuskizun musikala: inpresionantea, antologikoa, aspaldi irakurri dudan gauzarik harrigarriena. Ederra, benetan, liburua.

Vanexxa

Vanexxa, bestalde, apenas ezagutzen nuen, asko jota, behin edo behin Radio3-en abestiren bat entzunda.
Txundituta utzi ninduen hip-hop-era, kabaretera eta rockera honek Arrasaten egindako emanaldiarekin.
Madrildar honek ere, ederki islatzen du mundua helduleku berezitik haritik tiraka.
Ahots suabea du Vanexxak eta letrak, ordea, gogorrak, berak dion bezala: “si me quieres comprar, vengo con doble personalidad”.
YouToube-n, eta horrelakoetan, Vanexxaren abesti mordoa daude jarrita.

Oso desberdinak dira Katixaren eta Vanexxaren lanak baina, aldi berean, badituzte antzekotasunak: lan ezohikoak dira biak eta gaiak tratatzeko modu berria landu dute. Gainera, sorkuntzaren bide berriak jorratu nahian dabiltzala antzematen da eta hori oso eskertzekoa da.

Zorionak biei!

Maketazio programen arteko borroka

Euskal Herriko hedabideetan maketazio lanetan gehien erabiltzen den programa zein den aztertzea eskatu didate HUHEZIko lagun batzuk.

Ezaguna da sekulako borroka dagoela QuarkXPress-en eta InDesign-en artean edizioa grafikoaren merkatua menderatzeko.

QuarkXPres-ek ditu bere alde aspalditik zabalduena, ezagunena eta erabiliena dela prentsa eta edizio munduan; kontra, bestalde, oso garestia dela eta produktu moduan isolatuta geratzeko arrisku bizian dagoela (beste programekin oso-oso ondo ezkondu arren ez du enpresa handi baten babesa).

InDesign berriagoa da baina, Adobe enpresa erraldoiena izanik, merkatuan sartzeko presio handia egiten ari da eta gainera, Creative Suit paketean eros daiteke (InDesign + Photoshop + Illustrator + Acrobat + …) prezio merkeago baten.

Programa biak dira onak. Gure artean, askogatik, konbinaketa hedatuena da QuarkXPress erabiltzea maketatzeko eta FreeHand-a, infografiak, logoak eta horrelakoak egiteko.

Ikusi dudanagatik, ez da apenas aldaketarik egon azken urteotan  baina, noiz arte jarraituko du horrela panorama?

Kontua da, 2005. urtean Adobe-k Macromedia enpresa erosi zuela (besteak beste, FreeHand ekoizten duen enpresa da Macromedia) eta horrela, marrazketa bektoriala egiteko bi produktu nagusien jabe (FreeHand eta Illustrator) bilakatu da.

Diseinatzaileen artean zabaldu da Adobe-ren asmoa FreeHand-a hiltzen uztea dela (hobekuntzarik ez aurkeztu…) eta horrela, Illustrator erabiltzera behartu. Hau dena, kontuan hartuta gainera, Adobe-ren Photoshop-ek (argazki-edizioa) duela, ia esklusiban, merkatua hartuta…

Jokaldia komertzial honen ondorioa: zenbat denbora iraungo dute Quark-eko erabiltzaileak Adobe-ren sarean jausi barik?  Dagoeneko Photoshop-en erabiltzaileak badira eta Illustrator zabaltzea lortzen badute, zergatik ez aldatu InDesign-era? Kontuan hartuta, gainera, merkeagoa dela?

Ematen duenez, publizitate agentziak ari dira Quark-etik InDesign-erako migrazioa egiten (hau ote da aldaketaren atea?), baina jakina, ez da berdina, batez ere, marrazketa programa erabiltzen duten teknofilo samar izaten diren talde txikietan programaren aldaketa planteatzea edo 25, 50, 100 edo 200 kazetari dituen (eta gainera, kasu askotan, erabiltzaile hain trebeak ez direnak) egunkari batean berdina eskatzea.

Ez dakit nolakoa izango den, epe laburrera,  prentsaren maketazio eta edizioen egoera Euskal Herrian baina, gaur egun, 2007ko martxoan, gure artean behintzat, ez du inork edizio programarik aldatu.

Egunkari handiek, bestalde, ez Quark eta ezta InDesign. Hauek edizio programa pertsonalizatuak erabiltzen dituzte. Oso edizio programa integralak eta fidagarriak izaten dira, gurean, zabalduena Milenium izeneko sistema da.

Inongo asmo zientifiko barik, egoeraren ikuspegi orokor bat ematen duen taula baten bildu ditut jasotako informazioa (hedabide ezagun batzuk eta publizitate agentzia eta inprenta gutxi-gutxi batzuk bildu ditut). Hemen deskargatu dezakezue, PDF dokumentuan, zein hedabidetan zein programa erabiltzen den jakiteko interesa baduzu.

Euskal Herria eta ni

Aurreko baten, EP3 aldizkarian irakurri nuen sasoi baten hain modan egon ziren foto-collage-erretratuak orain, edozeinek egin dezakeela debalde.

Egia da, era horretako collageekin behin lehena ikusi eta gero, ondorengoak nahiko errepikakor eta kantsagarriak suertatzen direla baina, hala ere, froga egin dut.

 Goio collagea

Erraza izan da. Itxuraldatzea edo collage bihurtu nahi duzun argazkia apartatu, zenbat gelaxka-tarte nahi dituzun zehaztu eta atzealde moduan zein gai erabiliko den erabaki baino ez da egin behar.

MacOSaiX (2.0a7) doako programak, Flickr-etik, Google-tik edo norberen bildumatik hartzen ditu argazkiak eta berak egiten du lan guztia. Emaitzaren kalitatea gelaxka-tarte kopuruan dago, zenbat eta argazkitxo gehiago kalitate (eta itxaronaldi) handiagoa.

Nik, oinarri moduan nire aurpegiko argazki bat hartu dut, 20×20 gelaxka-tarte eta gai bezala, Flickr-en “Euskal Herria” etiketa aukeratu dut (deskuidatuz gero zure argazkiren bat egongo tartean!).

Argi dago, emaitza findu daitekeela, ezta? Hemen metamorfosiaren pausoak.

Oharra: lau gauza behar dira, Mac ordenadorea, banda zabala, pazientzia eta pazientzia gehiago. Artaziekin argazkiak banan-banan moztuta baino gehiago tardatzen du-eta!

Martxoak 8

Aspaldiko partez, kartel lehiaketa batera aurkeztu dut nire burua. Gaia, emakumeen nazioarteko eguna zen eta antolatzaileak Arrasateko Emakume Txokokoak.

Esan bezala, urte asko dira horrelako batean ez nuela parte hartzen baina, gaia eta proposatutako leloa gustukoa (eta inspiragarri) nuela, oraingoan, parte hartzea erabaki nuen.

Lehiaketetan gehien-gehien-gehien-gehienetan gertatzen den moduan, irabazlea norbera barik, beste bat izan da. Oraingo honetan, lan hau atera da, hain zuzen, garaile.

Emakumearen partehartze sozial bultzatzea nahi zela eta leloa “Zu ere beharrezkoa zara” zela kontuan hartuta, nire lehenengo tentazioa, Osaba Sam-en, “izeko” bertsioa egitea izan zen, hau da, neska bat kamerari zuzenduta eta eskularru desberdinez  adierazi nortasun eta lanbide desberdinak: harrikoa egiteko eskularruekin, mekanikoen eskularruekin, medikuen eskularruekin, traje dotoreenak, autoa gidatzeko eskularruekin…

Azkenean, eskuen bide errazegia baztertu eta oinen bidez, adin, lanbide eta era profil desberdinetako emakumeak erakustea nahiago izan nuen.

Oinak bakarrik erakutsiz, emakume ezberdinen lanbideak, adinak eta egoerak islatzea erabaki nuen, eta gainetik, kartelari begira eta agertzen ez zenari keinua eta jokoa proposatu: “zelakoak dira zuren oinak? zu zein zara? eta, zein da zure lanbidea edo egoera?  Errematatzeko, eta argazki huts baten azpian, leloa: Zu ere beharrezkoa zara”.


Martxoak 8

>> Handiago ikusi nahi izanez gero, hemen.

Lan honetarako ez nuen more koloretik ezta emakumeen ikurren bidetik jotzerik nahi. Izenbururako, Letritas blogetik egun batzuk lehenago debalde jasotako Romeral hizki-mota erabili nuen. Bat-batekotasun giroa emateko, berriz, gaur egun camp samar geratu den polaroid argazkien itxura erabiltzea erabaki nuen.

Kartela egiterakoan konturatu naiz, batetik, zenbateraino diren adierazgarriak jarrerak eta janzkerak eta, bestetik, zein miresgarria den aktoreen lana!… gezurra badirudi ere, argazkiak egiterakoan, eta oinak bakarrik ikusten zirela kontuan hartuta, foto batzuk oso natural geratzen ziren, beste batzuk, ordea, alde batera utzi behar izan nituen posea nabari-nabaria zelako.

Nik aurkeztutako lanak irabazi ez duenez, aprobetxatuko dut bekatutxo bat kontatzeko… ageri diren hanken artean, batzuk, mutil batenak dira! Baina beno, “gerente” moduan ageri dena,  gerente barik, izatez, erizaina da…

Horixe da, azken finean, publizitatea, egi bezala saltzen den ilusio bat.

Consumer

Harrigarri iruditzen zait Eroski-k argitaratzen duen Consumer aldizkariarena: doako argitalpena izanda segurutik, ordainpekokoak diren asko eta asko baino zatia interesgarriagoa da.

Oso beraiena den konparaketa estiloari jarraituta, aldizkari desberdinen prezioa eta kalitatea alderatuz gero sekulako nota aterako luke Consumer-ek, “Oso ongi” bat-edo.

Eta, “Oso ongi” ateratzetik “Bikain” izatera pasatzeko  badute hobetu beharreko, gutxienez, kontu bat: argazkiak.

Consumer eta argazkiak esaterakoan, derrigorrez errekurtso argazkien gaia aipatu behar da.

“Errekurtso argazkiak” edozein diseinatzailek (edo, beste barik, edozein eroslek) eskuragarri dituen argazkiak dira. Zentzuzko salneurri batean, edonork eros ditzaken argazkiak dira (ehunka webgune daude horretarako: hau edo hau edo beste hau…) eta multzoka, edozein gai aitzaki hartuta, (“Industria”, “Kirolak”, “Janaria”,…) CDetan edo banan-banan eros daitezke.

Edozein gaiekin lotutako argazkiak daude. Oso praktikoa da behar den gaiekin lotutako argazkiak eskuragarri, bat-batean eta erraz lortzearena baina, badituzte desabantaila ugari, adibidez:

  • Esklusibitate eza (esklusiboak direnak askoz garestiagoak dira). Edozeinek eros dezake edozer iragartzeko zuk erositako CD berdina. Gertatu izan da, adibidez, CD bateko pertsonai berak, hauteskunde garaian, bi alderdi desberdinentzat botoa eskatzea.
  • Oso estilo berdintsua izaten dute: gehienetan oso estetika amerikarra, politikoki zuzenegiak eta, sarritan, artifizial samarrak.
  • Zaharkituak geratzen dira berehala, joera estetikoei oso lotuta eginda egoten direlako.
  • Tokitasun falta. Oso gizarte antzekoa eta globalizatua islatzen dute.
  • Nortasuna guztiz kentzen diote argitalpenari eta estiloz, berdindu egiten dute munduko aldizkari guztiak (zer esanik ez  webguneak, zeren  Interneten, nonahi erabiltzen dira horrelako argazkiak).
  • Larregiko ukitu publizitarioa izaten dute gehienetan.
  • Askotan, ez dira batere sinesgarriak: jarrera edo irribarrea dela, erakusten den edertasunagatik, argiztapena artifizialagatik…

Ez dago esan beharrik, aurrekontua dagoela guzti honen atzetik. Aldizkari “onak” edo aurrekontu nahikoa dutenak, ez dute inoiz horrelako argazkirik erabiltzen eta beraiek kontratatutako argazkilarien lanak bakarrik argitaratzen dituzte, honek jakina, sinesgarritasuna, nortasuna eta kalitatea ematen dio medioari baina, ekoizpen-kostua ere handitzen du.

Ikus ditzagun, Consumer-eko azken zenbakian argitaratutako errekurtsoa argazki mordotik adibide batzuk:

 
Txokolatea

>> Norbaitek “sinesten” du argazki hau?



TaldeaSaltoka
>> Zein da errekurtso argazki honen gaia? “Kontsumitzaile babestuagoak” daudela? eta, nongo “kontsumitzaileak”?

 
Girien taldea

>> Identifikatuko ote da irakurlea albiste desberdinetan argitaratutako protagonista hauekin? Argazki naturalak direla uste duzue?

Oso ondo dago errekurtsoko argazkiak eskura izatea, batez ere, aurrekontua txikia denean eta gaia ilustratzeko zailtasunak daudenean. Kalitate aldetik denetik dago, badira argazki bilduma batzuk maila aparta dutenak, baina, dagoeneko, plaga bat da argazkilaritza mota hau eta ez badira neurrian erabiltzen, aldizkariak barik katalogoak ematen dute argitalpenek.

Esandakoak esanda gero, oso ondo Consumer!

Pink experience

Zer dute gay gaiko kartelak bazterrak horrenbeste harrotzeko? Lumagorriren kartelarenak, hamar bat urte dela izandako antzeko pink bizipen bat gogora ekarri dit.

Gasteizko, Gaytasuna eta Arabako Lesbianen Asanbladako lagunek ekainaren 28rako kartela egiten laguntzea eskatu zidaten. Egin genuen lana: bi mutil/blusa muxuka San Prudentzioaren bedeinkapenarekin; leloa, “Gugan sustraitua dago”.
Blusak gay

Ba, orduan ere egon zen polemika txiki bat. Gogoratzen dut, bereziki, eta lagun horrek kontatuta, blusa batek botatakoa: “Oraingoan, pasatu egin zarete! Zer ikusi dugu blusok homosexualekin?”.

Hamar urte geroago, ez da batere eskandalagarria kartel hura, eta epaitzeko beste parametro batzuk (ala ez?) erabiliko genituzke: ona-txarra, polita-zatarra, nahi dena…

Gauzak aldatu dira, egun, blusa hura ez dut uste (publikoki, behintzat) asaldatuko zenik, egun, mutil bi horiek beraien artean ezkonduta egon daitezke (edo ez), edo dibortziatuta, edo bakoitzak bere aldetik ibili. Segurutik, aldatu ez den bakarra gainean dagoen harrizko estatua izan da, berak ez du-eta  aldatzeko ezta hobetzeko inongo asmorik.

Gizartean ematen diren aldaketa handiak, probokazio fasea behar dute, normaren apurketa transgresioz egiten da, eta hori, eskandalagarria suerta daiteke. Gure kulturan oso sartuta dago homofobia, eta deskuidatu orduko azaleratzen da, modu bortitzenean edo, –ikusi den moduan–, beldurraren formarekin.

Lumagorrikoek, akaso horretan larregi pentsatu barik, debalde eta modu onenean, Ibarretxeri gay ikonoa (harrapa zak!) izateko aukera eskaini diote.

Oraindik, hitz egiteko denboraz zaude, Juan Jose.

Ibarretxeren irudi ona

Polemikatxoa sortu da Bartzelonako Lumagorri gay taldeak urteko jaia iragartzeko ateratako kartelarekin…. euskal-katalandarrak arazoak ekiditeko atzera egitea erabaki omen dute (aurreko estekako erantzunetan, azalpenak), baina, Interneten gauzak eternitaterako direnez –portzierto, betikotasun hori da Internetetik larregi gustatzen ez zaidan kontu bat–, han eta hemen geratu da irudia ikusgai.

Goizean goiz ikusi dut Sustatun kartela. Aztertzeko moduko konbinaketa ezin hobean agertu da gainera (mila esker pantailazoa egiten argi ibili den lagunari!). Batetik, EAJren publizitate arrosa (“egin behar dugu.com”!) zegoen eta, ondo-ondoan, Ibarretxe arrosagoa oraindik… Hemen, irudi zoragarria. Historiarako hau ere.

Irreberenteegia kartela? Babesleei (Bartzelonako Euskal Etxea) “larregi” irudituko ote zaien? Humore falta izugarria dagoela? Edo, beste barik, ezkutuko homofobia eta beldurra?

Ibarretxeren antzeko argazki trukatuen bila jo dut Google-ra… Hau bai dela arduratzeko moduko emaitza!

Ibarretxe

Eskerrak, Lumagorrikoei. Askogatik, positiboena eta ederrena, eurena!

Lehendakariaren irudia hobetzeagatik Jaurlaritzaren dirulaguntza merezi dute hauek!

Pasioa kazetaritzan

Hasieratik esango dut ez ditudala gustuko (edukiaz ari naiz, diseinuan, denetik dagoelako) hiriko kaleetan, eta zenbait toki publikotan, doan banatzen dituzten 20 minutos, Qué! Adn, Metro eta era horretako egunkariak.

Egunkari horiek duten kazetaritza estiloa negargarria iruditzen zait —hurrengo baterako utziko dugu euskarari ematen dioten tratamendua!—, tontakeri mordoa argitaratzen dute, eta tontakeria ez dena, idazten duten tonuagatik, ikuspuntuagatik edo motz idazteagatik, berehala, tontakeri edo bitxikeri hutsa bihurtzen dute.

Atzo, guztiz harrituta geratu nintzen 20 minutos-ko Bilbaoko edizioko azalean irakurritako izenburu batekin. Albistearen gaia, Cabo Verden sekulako krudelkeriaz hildako bi neska italiarren (hirugarrena, txiripaz irten zen bizirik) kasua zen.

‘20 minutos’ eta

Benetan gaiztoa iruditu zait esaldi berean “lapidación” eta “pasional” hain modu nazkagarrian batzea (edizio guztietan atera zuten izenburu berdina). Hau ote da, “erakargarri”, “ulergarri” eta “erraz irakurtzeko” moduko idazketaren adibidea? edo, haserretu barik, motz idaztearen “ordain” moduan ulertu beharko ditugu horrelakoak?
 
“Crimen, pasional”? Pasioz itsu egongo ote ziren hiltzaileak hilketa  antolatzerakoan? Pasio handia sentituko ote zuten halako astakeria egiten ari zirela? Pasioz bete-beterik hilko ote ziren bi emakumeak? 20 minutos-eko kazetariak, bere lanbidean jartzen duen pasio handiak bultzatuta idatziko ote zuen horrelako izenburua? eta, zuzendari “apasionatu” batek eman zion oniritzia?

Gero, beste egunkari baten argitaratutako iritzi artikulu batengatik  96, 13 edo 3 urteko kartzela zigorra eskatzea gauzarik logikoena irudituko zaie 20minutos-eko irakurle askoi!