Bat bitan

Iaz urte osoan egon zen Goienkariaren mantxetaren azpian “Goienkaria: tokiko atalean Europan ondoen diseinatutako agerkaria” esaten zuen esaldia, eta horren adierazleen ikurra, horretarako eskubidea du-eta European Newspaper Award lehiaketa irabazten duen argitalpenak.

Irabazleen zerrendan ikusten den moduan, Debagoienera iritsi aurretik urrun samar ibili izan da “Ondoen diseinatutako egunkaria”ren logotxoa:

  • I. edizioa: Firda (Norbegia).
  • II. edizioa: The Guardian (Londres. Britainia Handia) (Tokikoa The Guardian?).
  • III. edizioa: Eman gabe geratu zen.
  • IV. edizioa: Tonsbergs Blad (Norvegia).
  • V. edizioa: Goienkaria (Debagoiena. Euskal Herria).
  • VI. edizioa: Diario de Noticias (Iruñea. Euskal Herria).

Behin gugana etorrita (2004an), Euskal Herrian geratzea erabaki omen du sariak eta Debagoienetik Iruñerako saltoa egin du, hau da, 150 kilometro eskaseko saltoa; hori bai, tartean Gasteizen ere geratu da, bertan dago-eta Diario de Noticias de Alava Nafarroako egunkariaren anaia gaztea eta aldi berean bikia.

Diario de Noticias egunkariak 2004ko maiatzaren 28an estreinatu zuen diseinu berria, eta, sei hilabete geroago, 2004ko azaroaren 10ean, Diario de Noticias de Alavaren lehenengoko zenbakia kaleratu zen, hau da, lehiaketan parte hartzeko epea bukatu eta bi hilebetera.

Hain dira berdinak egunkari biak, logotxoa ere bietan jartzea erabaki dutela, eta egoera bitxia sortu: oraingo urtean zehar, baten barik, logoa bi egunkaritan ageriko da! Jostailuak konpartitzen dakiten anaia onen seinale.

Sari banaketa joan den astean egin zen Vienan izandako ekitaldian.

Diario de Noticiaseko diseinu berria Nafarroako Unibertsitatearen barruan lan egiten duen Mediaccion aholkularitzak egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude