EP3: dezepzionagarria

Diseinu aldetik, asko, larregi akaso, espero nuen Tentaciones (“El País-ek”:http://www.elpais.es gazteentzako ostiraletan argitaratzen duen gehigarria) berri honetatik, eta akaso horregatik, nahiko dezepzionagarria iruditu zait eskainitakoa.

Nahasia eta desordenatuegia (batez ere argazkiak kokatzerako orduan), publizitarioegia (katalogo antza handiegia hartu dute orri askok), gainera, tipografikoki arrunta eta piper gabea dela uste dut… eta, akaso txarrena, trinkotasun eta nortasun grafiko gabea.

Aldeko batzuk? Erakusten duen ekoizpen maila altua, hobetzeko eta inplikazioa lortzeko erakutsi izan duten gaitasuna eta izenburuetarako apartatu duten letra mota ederrak eskaintzen duen joko grafiko handia.

Aldaketak egon direla ezin ukatu. Izenetik hasita etorri dira aldaketak, orain EP3 du izena gehigarriak, (EP[T] deituko zela ere zabaldu zen eta gainera, kioskoetan salgai jarriko zutela *Ciberpaís difuntoarekin egin zuten moduan). Hala ere, Tentaciones* zaharra lurperatu duten (hau da, produktu berri honekin ordezkatu) ala denboraldi baterako kutxa baten barruan gorde duten aurrerago ikusiko da. Oraingo produkto berri hau zenbatzerako orduan behintzat, 1 zenbakia jarri dute…

Oso-oso urrun geratu da EP3 berri hau (hirugarren irudia) aurreko Tentacionesek prentsa-diseinuan suposatu zuen iraultzatik.

Egia esateko, azken urte hauetan diseinu lan bat bide berriak markatu izan dituena egon bada (eta, jakina, inongo lotsa barik non nahi kopiatu izan dena), hori, duda barik, Fernado Gutierrez diseinugileak egindako Tentaciones izan da. Mundu mailan, mugarri garbi-garbiak izan dira *El País*-endako Gutierrezek egindako lanak: hasierako diseinu apurtzaile hura (lehenengo irudia) eta orain urte pare bat-edo egindako birdiseinu dotorea (erdiko irudia).

Baina, itxura ikusita, EP3 honetan, ikusten denaren baino ikusten ez den horretan jarri dute indarra argitaratzaileek: interaktibitatea, irakurle gaztearen partehartze eta lankidetzan, hain zuzen.

Hiru zutabetan (horregatik izenaren “3”-a) oinarritzen omen da EP3-ren arima: ostiraletako aldizkarian, Internet-ean (www.elpais3.com Flash estiloko gunea, oso “ikusgarria” baina, etengabe “Kargatzen” dagoela esaten dizun horietakoa!) eta sakelako telefonoaren erabileran. Hau da, gurean, Matraka argitalpenarekin nahi egin izan dena baina, handira jota.

Interaktibitate asmoak beteko diren, eta medio batetik besterako fluxua lortuko duten ala ez ikusteko dago oraindik, hala ere, jokaldi borobila ematen du: irakurle-erosle gazteak kioskora erakarri eta www.elpais3.com webgunea erabilita, Internet negozioa indartu. Azkenaldian, El Pais.es zer edo zer egin beharrean zegoen, Internet zerbitzuak kobratzen hasi zenetik, negozio osoa El Mundo.es -en eskuetan geratu zen-eta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude