Dena ez da urre gorria Arrasaten. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta maila altuena duen herrian ere txirotasuna bertatik bertara aurki daiteke.
Ikerkuntza teknologikoa bultzatzeko egiten ari diren Garaia Berrikuntza Gunearen eta hasiberri diren Olandixoko saihesbidearen arteko eremuan luze daramate kanpatuta Errumaniatik etorritako ijito koadrila.
Urriko eguerdi eguzkitsu batean arrimatu nintzen kanpalekura argazkiak egiteko asmoarekin. Lau emakume aurkitu nituen bertan bazkaria prestatzen eta, berehala onartu zuten argazkietan irtetea.
Argazkiekin hastear nengoela lauetariko batek, “egon momentu batean” esan, kanpin-dendara sartu eta etxean egoteko moduko kamiseta erantzi eta gustukoago bat jantzita bueltatu zen: I love Tokyo. Polita izan zen. Kale gorrian bizi arren ez dute neska errumaniar horiek eder agertzeko gogorik galdu. Gainera, begi-bistakoa zen trastu zahar eta pinu-apea artean bizi arren, handik eta hemendik lortutako gauzekin kanpamenduari etxe-giroa ematen ahalegindu direla.
Bestelako kontua izan zen gizonezkoak agertu zirenenen: haiek ez zuten ez barriketarako ezta argazkietarako umorerik. Neskei eskerrak emateko ia asti barik alde egin behar izan nuen.
Argazkiak egin nuenetik ez du ia atertu eta euria bota eta bota dabil. Ez da gero gozoa izan behar…
Oso interesgarria, Goio, eta argazki politak benetan. Eskerrik asko, bestalde, errumaniar horien berri emateagatik eta argazkiak uzteagatik. Izan ere, oraingo asteko Goienkaria-n, bihar argitaratuko den zenbakian, gai horri heldu diogu eta erabili ditugu Goiok lagatako argazkiak. Ahalegina egin arren, guk ez dugu zuzenean errumaniar horien adierazpenik jasotzeko aukerari izan, ze gure kazetariak hara hurbildu zirenean, taldeko gizonezko batekin topo egin eta handik bidali egin zituen-eta. Edozelan ere, albistea osatu dugu Arrasateko Udalean eta Caritasen jasotako datu eta adierazpenekin.
Zure argazkiak ikusi nituenetik, enbidiatan-edo hor nabil bazterrei ere beste begi batzuekin begiratzen. Eta ia egunero, handik pasatzen banaiz, behintzat han ikusten ditut Roneon bi eskale lurrean eserita. Behin baino gehiagotan eurengana argazkiak egitera joateko asmoa izan dut buruan, baina euren intimitatea hautsiko nuela iruditzen zitzaidan. Zure hitzak irakurrita, pentsa daiteke ez luketela igual horrela hartuko, baina kostatzen zait, ez dakit. Esan nizun aurrekoan ere, baina oso argazki ederrak dira. Inguruan daukaguna hobeto erakusten dizkigute, gainera.