Baserritarrak eta publizitatea

Baserritarren figurak publizitate munduan azken urteotan izan duen bilakaeraz eta sektore honetarako komunikazio estrategien premiaz aritu zen Iñigo Fernandez Euskara eta Publizitatea blogaren egilea eta Publis-NCM enpresako kontu exekutiboa. Donostiako agentzia honetan sortu dira hain arrakastatsu bilakatu diren Kaikuko eta EITB publizitate kanpainak, besteak beste.

Euskal Herriko Munduko Landagunea atalak antolatuta egin zen hitzaldia martxoaren 15ean HUHEZI ko fakultatean.

Modu entretenigarrian, oso ideia interesgarriak bota zituen Iñigok, gainera azken urtetako nekazal munduarekin lotura duten makina bat telebista spot erakutsi zituen.

Hona hemen, botatakoen artean bereziki argigarri iruditu zaizkidan lau ideia:

  • Marka bat, bakoitzaren buru barruan (ordenadorean egiten dugun bezala) sortzen dugun “karpeta” moduko bat da. Gure esku dago zer sartu, guk erabaki behar dugu jendeak karpeta hori zabaltzerakoan zer aurkitu behar duen.
  • Euskaldunok onak gara gauzak egiten, baina txarrak gero gauza horiek saltzen. Urte gutxi dela hasi gara ohartarazten komunikazioaren garrantziaz.
  • Komunikazioan, estrategiak eta planifikazioa behar dira. Sormen artistikoa icebergaren tontorra besterik ez da. Zatirik ikusgarriena, baina tontorra besterik ez. Azpian azterketa mordoa eta plangintzan lan handia dago.
  • Ondo komunikatzeko ez da derrigorrez marka handi eta diru asko gastatu behar. Inportanteena ideia da. Aurrekontuak ahalmenaren neurrira egokitu behar dira. Badaude debaldekoak edo merkeak eta aprobetxagarriak diren bitartekoak: Internet, tokiko prentsa…

Gainera, bitxikeri ugari kontatu zituen, adibidez, EITBren azkenengo spota (enbor jaurtitzaileena) Errumanian grabatu zela ekoizpena merkeagoa zelako. Bertako protagonista, euskaldunaren aurrean lehian galtzen duena (argazkian ezkerrekoa), esaterako, ostatuta zeunden hoteleko botonesa zen.

2 iruzkin “Baserritarrak eta publizitatea” bidalketan

  1. Iñigo

    Kaixo, Goio:

    Eskerrik asko, aurrena, hitzaldiaren inguruan idatzi dituzun hitz on horiengatik. Benetan pozten naiz gustatu zitzaizulako.

    Idatzi dituzun ideia pare baten inguruan zerbait gaineratu nahi nuke:

    .- “Marka bat, bakoitzaren buru barruan (ordenadorean egiten dugun bezala) sortzen dugun “karpeta” moduko bat da. Gure esku dago zer sartu, guk erabaki behar dugu jendeak karpeta hori zabaltzerakoan zer aurkitu behar duen.”

    Badaezpada ere, argiago gera dadin: duen tamaina duela ere, enpresa, erakunde edo gizarte-eragile bakoitza marka bat da, karpeta bat nolabait jendearen burmuineko disko gogorrean. Enpresa edo dena delako horren arduradunek lortu behar dute, komunikazioaren bitartez, karpeta horren barruan enpresari komeni zaizkion ideia edo baloreak eduki ditzatela hartzaileek: Nola ikusi behar gaituzte? Zein da gure izena entzutearekin batera burura etorri behar zaizkien tasunak?…

    .- “Komunikazioan, estrategiak eta planifikazioa behar dira. Sormen artistikoa icebergaren tontorra besterik ez da. Zatirik ikusgarriena, baina tontorra besterik ez. Azpian azterketa mordoa eta plangintzan lan handia dago.”

    Azterketak eta plangintza baino gehiago, oinarrian komunikazio estrategia sendo bat egon behar duela esango nuke: komunikazio helburua, eskaintzen dugun etekina, sinesgarritasun euskarriak, posizionamendua, bilatzen ari garen erantzuna, tonua/estiloa… Den-dena ondo zehaztua. Arreta gehiago edo gutxiago erakar dezake sormen lan edo ekintza on batek, baina estrategia eraginkor bat jarraitzen badu soilik lortuko du bilatzen ari den erantzuna hartzaileen artean.

    Ondo bereiztu behar dira ezer egiten hasi aurretik egin beharreko azterketa eta ikerketa lanak, hura kontuan hartuz eta lortu nahi duguna lortzeko ezarri beharreko komunikazio estrategia, eta gero, azken hau gauzatzeko egin beharreko planifikazioa. Komunikazio estrategian dago gakoa. Nola egiten da, ordea, komunikazio estrategia eraginkor bat?

    Erraza da esaten zein alderdi zehaztu behar dituen (komunikazio helburua, eskaintzen dugun etekina, sinesgarritasun euskarriak, posizionamendua, bilatzen ari garen erantzuna, tonua/estiloa…), baina zaila da gero hura eraginkor izateko moduan ondo lotzen. Horregatik behar ditugu kreatibo eta diseinatzaile onak ez ezik, komunikazio arduradunak edo komunikazioan aditu diren lankide edo aholkulariak ere.

    Atzo galdetu zenidan, Goio, ea zer egin daitekeen enpresa batek ezer berezirik ez badu eskaintzeko, kalitatea bezalako etekin erakargarri bat ez badu eskaintzeko ea zeri heldu behar diogun. Ez dakit ondo erantzun nizun, baina esan nahi izan nizun kasu bakoitza ezberdina dela, baina kasu guzti-guztietan, beti dagoela zeri heldua, hura aurkitzeko gauza denarentzat.

    Ondo-ondo izan.

    Erantzun
  2. Goio Arana

    Eskerrik asko, Iñigo, azalpenagatik.

    Oso adibide polita iruditu zitzaidan karpetarena eta zuk emandako argibidekin oso ondo ulertzen da.

    Ekarpen honekin jendeak askoz hobeto ulertuko du bertan esan zenituenak.

    Mila esker.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude