Oteizaren museoan

Egun batzuk dela Altzutzara joan ginen Oteizaren museoan bisitaldia egitera. Ederra da museoa: ez handi, ez txiki, neurri-neurrikoa, arte-lan esanguratsu eta zoragarri ugari ditu ikusgai, dokumentazio ugari begi bistan, ikus-entzunezko interesgarriak (hunkigarria da ikustea Orioko artista guztiz apalduta esaten “La vida me sienta mal” bideo baten) eta, gainera, Oteizaren  etxea, biltegia eta tailerra zena ikusteko aukera dago.

Iruñatik bederatzi kilometrora dagoen herri koxkor horretan bezperan zerutik, plausta, jausi den moduko eraikinean daude kokatuta Oteizaren obrak (Arrasaten dugun eraikin enblematikoekin zerikusirik ez duen horietako bat da, jaungoikoari esker!). Museoa, Javier Saenz de Oizak Oteizaren lagunak diseinatu zuen eta oso bat dator, estiloan, artistaren obrarekin.

 Oteizaren museoa

Esan bezala, guztiz gomendagarria da museoa, hala ere, txokantea iruditu zaizkit hiru kontu hauek:

  • Ez dago formatu handiko obra bat bera ere ez ikusgai. Ez dago eskultura handirik ez museo barruan ezta kanpoaldean! Oso-oso arraroa da hau, ala?
  • Ez dago ezer ere ez umeentzat prestatuta. Gaur egun, ia museo guztietan daude umeentzako propio antolatutako ikuskizun edo ibilbideren bat. (Nire proposamena: Oteizaren haserrealdiak 3D ikus-entzunezko beldurgarria).
  • Harrigarria Saenz de Oizak arkitektoak zementua tindatzeko erakusten duen afana. Barrualde osoan zementua lur kolorean tindatuta du (ondo geratzen da) kanpoko aldean, berriz, dena beltz (ez hain ondo)…

5 iruzkin “Oteizaren museoan” bidalketan

  1. luistxo

    Oteizak hil baino 50 urte lehenago utzi zion eskultura egiteari. Hainbat tokitan agertzen diren mamotreto erraldoiak (nonbait Altzuzan faltan botatzen dituzunak), adibidez Donostiako Pasealeku Berrikoa, Oteizaren obra direla esatea iruzurrean erortzea da. Hil ondoren ere inauguratu ditu Oteizak holakoak, baina, esaten dizudan bezala, iruzurra besterik ez dira: 50 urte lehenago klarionarekin mahaigain baterako egindako modelo txiki batzuen estrapolazioak dira, artekari batzuek negozio biribil bihurtuak.

    Erantzun
  2. Goio A.

    Aupa, Luistxo
    Banuen aipatzen duzun txikitik handirako estrapolazio horren berri baina, egia esan, ikusgai dauden eskultura handi asko bere bedeinkapenarekin, eskultura utzi aurretik eta zahartzaroan sartu aurretik egindakoak zirela uste nuen…
    Eskerrik asko informazioagatik.

    Erantzun
  3. zerutik jausia

    Asko gustatu zait argazkia. Konposaketan zeruak hartzen duen pisua  oso polita da. Urdinaren hutsunea oso oteitzarra da, gainera.

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude