Pink experience

Zer dute gay gaiko kartelak bazterrak horrenbeste harrotzeko? Lumagorriren kartelarenak, hamar bat urte dela izandako antzeko pink bizipen bat gogora ekarri dit.

Gasteizko, Gaytasuna eta Arabako Lesbianen Asanbladako lagunek ekainaren 28rako kartela egiten laguntzea eskatu zidaten. Egin genuen lana: bi mutil/blusa muxuka San Prudentzioaren bedeinkapenarekin; leloa, “Gugan sustraitua dago”.
Blusak gay

Ba, orduan ere egon zen polemika txiki bat. Gogoratzen dut, bereziki, eta lagun horrek kontatuta, blusa batek botatakoa: “Oraingoan, pasatu egin zarete! Zer ikusi dugu blusok homosexualekin?”.

Hamar urte geroago, ez da batere eskandalagarria kartel hura, eta epaitzeko beste parametro batzuk (ala ez?) erabiliko genituzke: ona-txarra, polita-zatarra, nahi dena…

Gauzak aldatu dira, egun, blusa hura ez dut uste (publikoki, behintzat) asaldatuko zenik, egun, mutil bi horiek beraien artean ezkonduta egon daitezke (edo ez), edo dibortziatuta, edo bakoitzak bere aldetik ibili. Segurutik, aldatu ez den bakarra gainean dagoen harrizko estatua izan da, berak ez du-eta  aldatzeko ezta hobetzeko inongo asmorik.

Gizartean ematen diren aldaketa handiak, probokazio fasea behar dute, normaren apurketa transgresioz egiten da, eta hori, eskandalagarria suerta daiteke. Gure kulturan oso sartuta dago homofobia, eta deskuidatu orduko azaleratzen da, modu bortitzenean edo, –ikusi den moduan–, beldurraren formarekin.

Lumagorrikoek, akaso horretan larregi pentsatu barik, debalde eta modu onenean, Ibarretxeri gay ikonoa (harrapa zak!) izateko aukera eskaini diote.

Oraindik, hitz egiteko denboraz zaude, Juan Jose.

4 iruzkin “Pink experience” bidalketan

  1. juanjo

    Baina, baina… Zer da hau? Susto galanta eman didazue kartel horrekin! Izan ere, oso zoriontsu bizi naiz Begorekin; baina baditut nire  ‘pekatutxoak’  gazte garaian eginak.Hain zuzen, mutilen artekoak ‘pekatu’ zirenean. Horregatik, lehen momentuan sustoa hartu dut, kartela ikusita.

    Gero, ordea, pentsatu dut guapo nagoela. Allakuidaus!

    Erantzun
  2. Gari

    Goio, pelma! Utzi behingoz artikulua lasai, oso ondo dago eta!

    (Nabari zaizu diseinatzailea zarela, behin eta berriz lana retokatzen, konformatu gabe)

    (Behin eta berriz retokatzen ari zarelako, egunean bi edo hiru aldiz azaltzen zait artikulu hau Bloglinesen, eta zurekin beti gertatzen zait. Cómo sois!)

    Erantzun
  3. Goio A.

    Luistxo:
    Kartela, Gaytasuna-k (Arabako Gay taldeak) eta ALA-k (Arabako Lesbianen Asanblada) kaleratu zuten.
    Gaytasunak ez du weebgune propiorik baina, EHGAM-eko (http://www.ehgam.org) gunearen bidez zabaltzen dute berriak. ALA, bestalde, azken urteetan geldi egon ondoren, berriro lanean ekitekotan omen dabiltza.
    Nik, oso buru txarra dut datetarako baina, nire lagunari deitu diot eta, idatzi nuen bezala, orain hamar urte (9 akaso) egin genuen kartela. Argazkilari gasteiztarraren izena ere ez dut gogoratzen. Nahikoa duzu honekin?

    Gari:
    Arrazoia duzu. Eskerrik asko. Oso amorragarri izaten da hori baina, zer egin orria aurrean duzun bakoitzean falta bat aurkitzen baduzu?
    Ea, negozio nitxo berria aurkitu duzun? Bloglines-erako ordainpeko (oso garesti!) estentsio bat, gauzka zuzendu eta gero “Ez eguneratu sindikazioak” egingo duen aukera…

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude