Artikoan, egunkari barik

Aste pare bat dela, El País-en, Microsoft-eko Steve Ballmer-eri Juan Luis Cebriánek egindako elkarrizketa argitaratu zuten. Gaiak, pentsa daitekeen moduan, Microsoft bera, etorkizuna, berrikuntza teknologikoak, informazioa eta horrelakoak izan ziren….

Egunkarien salmenten krisia dela-eta paperezko egunkarien etorkizunari buruzko iragarpena egitea eskatu zion kazetariak, eta zera esan zion Ballmer-ek: “20 urte barru ez da paperezko egunkaririk existituko, egunkari elektronikoak, bakarrik, egongo dira”.

Bost hilabete atzerago, 2006ko maiatzaren 7an, hain zuzen, eta egunkari bereko EPS aldizkarian, James Lovelock (lurra auto-erregulatzen den Gaia teoriaren asmatzailea) elkarrizketatu zuten. Iragarpen apokaliptiko mordoa bota zituen ingelesak, hala nola, mundua, egun ezagutzen dugun moduan 2050 urtea baino lehenago betiko galduko dela; aldaketa klimatikoa, dagoeneko, geldiezina dela eta katastrofearen atari-atarian gaudela… irtenbide bakarra izango duela gure espezieak, Artikoa, baina 500 milioi lagunik bakarrik biziraungo dutela…

Egia esan, teknologia eta ingurugiroa doazen martxan 20 urte askotxo iruditzen zaizkit hainbeste eta hainbeste paperezko egunkari irauteko eta, aldiz, 2050. urtea bueltan ikusten dut Artikoan etxe-iglu-barrakoi edo dena delako baten bila ibili behar izateko…

Nola aldatzen diren gustuak eta ohiturak! Oso gogoko izan arren paperezko egunkariak ez dut halako pena handirik hartzen Ballmer-en iragarpenarekin, hori bai, espero dut James Lovelock guztiz oker ibiltzea.

3 iruzkin “Artikoan, egunkari barik” bidalketan

  1. Goio Telletxea

    A zer nolako etorkizuna zain duguna. Iglu batean mundua eta gizakia beraren ibilera tristeak egunkari elektroniko bat irakurtzen.

    Paperezko argitalpenak ez ditugu behar bezala baloratzen, egia esan. Urri dena da gehien baloratzen dena, eta urritzen hasten diren egunean bertan hasiko gara baloratzen. Ekologia aldetik, argi dago paperaren aurrezteak naturari on egingo diola. Halere, badaude aspalditik paper elektronikoa bezalako soluzioak. Beti bezala, ez merkaturatzearen arrazoiak zeintzuk diren jakin behar. Batzu argiak izango dira, besteak ez horrenbeste. Zenbat ekonomia ote dago paperaren menpe?.

    Erantzun
  2. Goio Arana

    Aupa, Goio Telletxea

    Eskerrik asko. Oso itxura polita du aipatzen duzun tramankulu horrek… Eta, ondo pasatuko ahal izango dira orriak han* behar izango diren manoplatzarrekin?

    (*) Begiratu dut eta ez da Artiko esan behar arktiar (edo horrelako zer edo zer) baizik. Ba, horixe.

    Erantzun
  3. Goio Telletxea

    Kaixo Goio Arana, (abizena aipatu behar ezberdintzekotan, ezta?) 🙂
    Ba tinta elektronikoa darabilten tramankulu ezberdin hainbat daude egi esan, baina manoplatzarren latztasunera egokitu denik ez dut uste erraz aurki daitekeen. Baina beno, euskaldunek ere hainbat gauza eraberritzen omen ditugu eta Iriscom bezalako sistema berritzaileak erabili beharko ditugu. Hau pasaitar batek sortutakoa da, militarrek garatutako teknologia batean oinarrituta (beti gerlarako aurrerakuntzetatik datoz berrikuntzak). Honi esker, zenbait gaixotasun larri dituzten erabiltzaileek irisari esker kontrolatu ahal dute ordenagailuko kurtsorea.
    Tekleatzeko pantailan teklatu bat agertzen da, eta behin irisarekin hizki gainean kokatu ostean, begiak itsi eta klik modura ulertzen du ordenagailuak. Era sinplean esplikatu dut, baina basikoki ulertzeko horrela dabil sistema hau. Unitateak ez dira merkeak ere, baina ETB-2-ko “Pásalo” programan agertu zen egilea duela hilabete batzu eta ez doakio gaizki ere. Tipoaren izenaz ez naiz oroitzen, baina EHU-ko irakasle izandakoa ere bada.

    Kuriosoa eta Euskal Herrian sortutakoa. Beraz, Goio, agian horrelako beste soluzio bat eraman beharko da Arktiar izotzetara, ezta? jejej

    Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude