Kuriosoa izan da, egun gutxiko aldearekin justu kontrako bidea egin dute Euskal Herriko bi argitalpenek: Zabalik (Vocento taldearen euskarazko astekaria) neurri handitik aldizkarien ohiko neurrira pasatu da, eta Kaleidosek, Gara ko aldizkari erdi indenpendenteak, neurri txikia izatetik ostiraleko prentsa neurriko gehigarria izatera eman du jauzia.
Zabalik
Urtarrilaren 20an kaleratu zuen diseinu berria.
Gaiek ez dute lehen bezain atenporalak ematen eta praktikotasunean irabazi du. Edukien aldetik aste bukaerarako agendaren zentzua eta erabilgarria izateko airea hartu du: zinema, musika, aisialdia
Itxuraren aldetik, nabarmen hobetu da diseinua (egia esan, asko zuen hobetzeko aurreko diseinuak) eta orokorrean, presentzia dotoreagoa lortu du.
Halere, badu akats handi bat: izenburu eta sarreren tipografia, baina gai hau, apropos, hurrengorako utziko dugu.
Kaleidos
Otsailaren 11n kaleratu zen formatu berrian.
Eduki aldetik ez da sumatzen aldaketa handi-handirik. Batez ere, zabalkundean irabazi du astekariak formatu aldaketarekin.
Bai Garak eta bai Kaleidosek berak, biak irten dira irabazle: Kaleidosek milaka irakurle lortu du egun batetik bestera, eta Garak ostiraleko eskaintzan aurrerakada handia ematea lortu du.
Diseinuari begiratuta eta Vocentoren aldizkariarekin konparatuz, honetan ez da goitik beherako itxura aldaketa eman. Neurri handira egokitu da aurretik eginda zegoen diseinua.
Ez dute emaitza txarrik lortu moldaketarekin, ez dira-eta errazak izaten neurri aldaketak. Diseinuan, ez du funtzionatzen berdin gauza bera neurri txikian edo handian.
Kaleidosen beste astekariarekin bezala, tipografian (orain arte erabiltzen zutenaren bera, bestalde) aurkitu dut arazo handien: Zabaliken “pasatu” egin badira aukeraketarekin, Kaleidosen motz geratu direla uste dut.
Aukeran, letra mota serioegi eta desberdin larregi dago (eta beraien artean ez hain desberdin, horixe izan daiteke arazoa). Pena da, Kaleidos bezalako produktu batek onartzen du-eta aukera tipografiko ausartagoa.