Lagun bati entzun berri diot, aste betean pasatu zela blog hitza ez ezagutzetik alde guztietan entzutera. Hark iturri zuen Joxe Aranzabalen liburua eta honen aurkezpenak hedabideetan izan duen oihartzuna. Agian zuk beste iturri batetik jaso duzu berba magikoaren berri. Gerta dakizuke oraindik aro kretazikoan egotea, blog berba ezagutu gabe, baina horrek ez dizu asko iraungo. AEBtan iaz berbarik sonatuena izan omen zen, Irak-eta baino areago, eta dagoeneko sukarrak jo gaitu gu ere.
Blog-a da tresna bat sarean jartzeko ugazabak nahi duena, testuak, irudiak, soinuak, loturak Eta edonor izan daiteke blog baten ugazaba, berdin pertsona edo talde, zu edo ni. Beno, ni dagoeneko hasi naiz blogari, asteon. Izan ere, blogintza iritsi da goiena.net atarira, eta hor ausartu gara batzuk lehen urratsak egitera.
Eta zer da, bada, blog-a?
Nire blogak zutabe honen izen bera du, piperrautsa, eta hemengo antzera arituko naiz. Hori bai, bi pizgarri handirekin. Batetik, arituko naiz formaz libreago, hemen lotuta bainago neurri eta maiztasun jakinetara. Eta bestetik, jaso ahal izango ditut zuen iritziak hemen ez bezala. Zutabea abiatu nuenean, eskaini nuen helbide bat, baina apenas erabili duzuen. Orain samur daukazue kontua: sartu blogean eta erantzun. Bota iritziak edo proposamenak. Han sortzen den trukeak izango du isla gero hemen, paperezko Piperrautsan.