Ibarretxe, lehendakari?

Hautagai batek behar du, lehendakari izendatzeko, legebiltzarraren gehiengo osoa, erdia gehi bat, 38 boto. Hori gertatzen ez bada, bigarren botazioan nahikoa da gehiengo sinplea, hau da, hurrengoak baino boto bat gehiago. Lehengo hirukoari Aralar gehituta, Ibarretxek hartuko lituzke 33. Beste horrenbeste hartuko lituzke Lopezek, PPk botoa emango balio. Airean dago lehendakaritza? Lehen botazioa

Iruditu zait Arnaldori entzun diodala lehendakariaren izendapenerako ez dagoela arazorik. Berez, nahikoa litzateke EHAKren botoa gehitzea EAJ-EArenari Ibarretxe irteteko lehendakari. Edo, bai eta ez esate aldera, bost boto alde eta lau aurka ematea. Hau koherente litzateke azken hilabeteotan Sozialista Abertzaleak erakutsi duen jokaerarekin. Baina, hori gerta dadin, ez zen txarra izango Ibarretxe agertzea atzo gauean baino umilxeago. Bestela gerta daiteke gehiengo osorik ez izatea. Lehen txanda honetan, pentsatzen dut sozialistek eta popularrek botoa emango diotela bakoitzak bere hautagaiari.

Oraingoan, nahikoa da hurrengoak baino boto bat gehiago lehendakari izateko. Egoera honetan, popularrek metatu egingo lituzkete haien botoak sozialistenekin, 33 bilduz. Eta Ibarretxek beste horrenbeste izan ditzake EHAK barik. Beraz, hauen botoak erabakiko luke auzia, oraingo honetan nabarmenago utziz Ibarretxeren ahulezia. PPk bere aldetik esan ahal izango luke berriro ‘borreroek izendatu dutela lehendakaria’. Hala ere, ez da ikusten aukera hoberik. Ez zaie komeni ez sozialistei eta ez Batasuna ohiari egoera erabat ezegonkortzea. Baztertu ere ez nuke baztertuko sozialistek uko egitea bigarren bueltan hautagaia aurkezteari.

Bigarren botazioa

Inork ezin du bere kabuz aurrera egin, eta denbora beharko da aukera posibleak garatzeko. Ez dut bideragarri ikusten hiruzpalau astetan EAJ-EAk gobernu akordiorik lotzea ez sozialistekin, ez eta EHAKrekin, eta horiek dira dauden aukerak. Ez dakit nahi nukeen ere, presaka eta ‘gobernagarritasun sakratuaren’ izenean egindako txapuzarik. Alderantziz, uste dut egokiena litzatekeela aurreko hirukoa luzatzea urte betez edo biz, nahi bada Aralar gehituta, eta bitartean abiatzea alderdien arteko mahaia. Mahai honek eztabaidatu behar luke marko juridiko berria, beste gunean dagokienek ‘desmilitarizazioa’ lantzen duten bitartean. Behin bi lan hauek burututa, etorriko lirateke erreferenduma eta gobernu egonkorra, hauteskunde berriak eginda edo gabe.

Eta gobernua?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Lanera

Ez genuen sorpresa handirik espero, baina egon da. Ze, sorpresa beste izenik ez du merezi EHAKren emaitzak. Deigarria izango zen errepikatzea orain lau urteko EHren emaitza, gehienok uste genuen galeraren bat izango zela. Baina ez dio eutsi bakarrik egin, orduan baino botu gehiago lortu ditu eta, ondorioz, bi eserleku gehiago.

Are deigarriago izan da EHAKren emaitza ia osorik EAJ-EAren lepotik etortzea. Bazirudien Ibarretxeren lanak gutxienez lehengoari eusteko balioko ziola eta, zerbait jasotzekotan, saria jasoko zuela. Baina ez, duela lau urte hartu zuen boto andanatik zati handia bueltan joan zaio EHAKra.

EAJ-EAren lepotik

PSE nagusitu egin zaio PPri eta bien baturak eserleku bat gehiago eman du. Hala ere, ez da nahikoa aldaketa eragiteko, Patxiren ahalegin ‘zibilizatua’ Ajuria-Enea eskuratzeko ezerezean gelditu da.

Besteak

EB eta Aralar-en emaitzak txukunak dira, baina ez diete giltzarik ematen. Eserlekuen pisua baino areago, bien jarrera izan daiteke eragingarri, gaurtik aurrera.

Izan ere, lan galanta gelditzen zaie denei. Herritarrok ezin dugu gehiago egin, orain hautetsien txanda da. Jar dezatela baleko helburutzat gehiengo bat, 2/3ekoa edo %60koa. Adostu dezatela egutegi bat, orain hau eta etorkizunean hura. Orduan, sar daitezela konklabean guztiak, eta ez bedi inor irten handik ‘fummata bianca’ lortu arte. Hori izango da seinalea: ‘habemus pacem’.

Konklabea

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Domekan

Gaur, eguaztena, ez dut oraindik erabaki nori emango diodan botoa, hemendik eta domekara gerta daitekeenaren zain. Baina bai antolatu dut nire erabaki arbola, eta hemen zirriborratuko dut, inork baliatu nahi badu Deskarteak

PP erabat deskartatuta daukat, nire pentsamoldearen antipodetan dago. PSEri botoa emango nioke, une egokian eta –adibidez- Gemma Zabaleta izango balu buru, baina ez Patxiren alderdi honi, oraindik gehiegi gogoratzen dit Redondorena.

Horretaz gain, hobesten dut inork ez lortzea gehiengo osoa. Badakit EAJ-EA koalizioa horren eske dabilela, baina konbentzituta nago aginte absolutuak gaiztotu egiten dituela agintariak, eta nahiago dut beti izan dezatela norbaitekin negoziatu beharra. Gehiengo osoa nahi dut, ahalik eta handiena, independentziara bidean aurrera egin dezaketenentzat.

Hobespenak

Hortik aurrera, azken orduan erabakiko dut. Nahi nuke Aralar sar dadila legebiltzarrean, eta kopuru txukunekin, uste dut bere presentziak eragin ditzakeela joko berriak. Ezker Batua ez dut baztertzen, zubigintza maite dut eta Atxaga ere bai. Eta domekan amorrua nagusitzen bada nire baitan, orduan hautatuko dut botorik mingarriena, EHAKrena.

Aukerak

Seguru daukat botoa emango dudala. Beti baderitzot garrantzitsu botoa emateari, areago orain, aro berria ekartzeko erabakigarri izan daitekeen honetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Udaberria Esteñibarren

Magnolioaren loreek iragartzen badute neguaren amaiera, tulipanek adierazten dute udaberriaren eztanda. Kaletar ohi naizen aldetik, mirestu egiten dut udaberria, nahiz gero madarikatzen dudan -mahastizain ere banaizenez- belarraren hazkunde hiperazkarra eta kontrola ezina.

Hemen duzue etxe aurreko tulipan multzo bat:

eta hemen, berriz, Joxe Aranzabalek famatu duen Esteñibarko intxaurpean, haren alaba Miren eta ama Paula.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Txiki, Ormaiztegiko errepublikarra

Apirilaren 14an ezin dut aipatu gabe utzi Ormaiztegiko Txiki, Ignazio Merzero, bigarren abizenez Intxausti, neroni bezala. Gerrak irten zuenean 16 urteko komunista, frentera joan zen matxinoen aurka egitera, eta ez zen itzuli herrira 50 urte igaro arte. Geroztik urtero, gorbata jantzita eta errepublikako koloreak paparrean, bakarra izan da Ormaiztegin errepublika publikoki gogoratzen. Intxaustitarrak

Esan dut Txikik bazuela genetan Intxaustitarren ekarpena. Klan berezia ziren Ormaiztegin. Nire aitona, Julian Intxausti, zen Izquierda Republikanakoa, Manuel Azañaren alderdikoa. Bere seme Juan Mari, sozialista zen eta Xanti, berriz, ANVkoa. Gerran eta ondoren asko pasatakoak, guztiak ere. Noizbait kontatu behar ditut iritsi zaizkidan haien andantzak. Txiki ere Intxaustitarra zen, amaren aldetik, eta ezin hau ere normala izan. Pako Mendizalgoarekin eta, komunisten batalloiean joan zen faxistak borrokatzera, artean 16 urteko mutikoa. Han desagertu zen herritik, eta urte batzuen bueltan elkartu zen Donibane Lohitzunen bere lehengusu Juan Marirekin, nire osabarekin.

Ez dut ezagutzen bere detaile guztietan Txikiren ibilbidea urte haietan. Bai iritsi zait pintore lanetan aritzen zela eta, menturazale izanda, iritsi zela Polinesiara, Mururoa atoloira, eta han pintatu zituela frantsesen instalazio atomikoak. Badakit, baita ere, ezkonduta zegoela euskal emazte batekin Iparraldean, eta bat-batean haien bikote-lagun oneneko andrearekin hasi zela amodiotan. Amodio horietatik jaiotako Marina neskatilak seko liluratu ninduen hamabost bat urte genituela, eta orduan izan nuen, alabari esker, Txiki ezagutzeko aukera, Miarritzen bizi zela. Alproja samarra, eta maitagarria.

Mururoa atoloia

Urteen poderioz, Txikiri erretiroa iritsi zitzaion, eta ez lanetik bakarrik. Seme alabak frantses eta autonomo, emakumeentzat agure, deliberatu zuen Ormaiztegin emango zituela bere azken urteak. Bazituen ilobak, eta berehala egin zituen lagunak. Politika kontutan irmo jarraitzen zuen, ezkertiar eta errepublikar, eta hurbildu zen Herri Batasuna sortu berrira. Baina, hain zen gizon atsegina eta errespetuz betea, gehienek hartu zutela ondo, gehienekin izan duela harreman abegikorra. Behin telebistan elkarrizketatu zuen Elixabete Garmendiak eta esaldi bat gelditu zitzaidan katigatuta bihotzean: ‘Ez dut Jainkoagan sinesten, nire zoritxarrerako’. Horregatik, bere anaia Gonzalo hil zenean, eliza atarian egin zizkien Txikik diosalak hurbildutakoek, elizkizunaren aurretik eta ondoren. Fede gabea izanik, ez zeritzon zintzo elizan sartzeari.

Herrira itzuli

Ez nintzen beti Ormaiztegin tokatzen baina inoiz bai eta, apirilaren 14a iritsita, Txikik ospakizun handia prestatzen zuen. Goizean goizetik gorbata janzten zuen, jaka txukunena eta honen paparrean hiru zinta mutur, bandera errepublikarraren koloreekin. Kalean apur bat paseatu, batarekin eta bestearekin berriketan, txikitoren bat edo beste hartuz, eta eguerdi aldera egiten zuen erosketa berezia, gutiziaren bat eta arraina, eta soziedadean hartzen zuen plazer, bapo janez ardo onarekin. Eta siesta orduan tokatu ezkero samaritanarik, orduan bai egun biribila!

Gaurko egunez

Gaur, errepublikaren urteurrena ospatzen ari nintzela, bapo janez eta ardo onarekin, trumilka etorri zait Txikiren oroimena. Seguru berak ere eguna ospatu duela, nolabait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nik zergatik behar dudan bakea

Duela egun batzuk bota nuen Elkarriren galdera. Eta erantzun batzuk izan dira, interesgarriak. Neuk agindu nuen emango nuela iritzia amaieran, eta hori egingo dut gaur. Ea amaiera barik, beste tanda baten hasiera den! Bakea behar dut libreago izan nahi dudalako, gatazka eta tentsio giroan neurtu egin behar ditudalako hitzak eta ekintzak, orekatu jarrerak, eutsi haserrealdiei. Bakea behar dut erradikalago jokatzeko, trifulka politikoa ahaztu eta gizartearen gaitzei errotik erantzun ahal izateko eta, adinean aurrera noan heinean, esne txarreko agure zorrotz bihurtu nahi dudalako.

Eta zuek, Joxe, Iban, Luistxo, Gari, Maite, Goio, Julen eta Patxi-en koadrilak…? Zuek zergatik behar duzue bakea? Interesa badut horixe jakiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Nahas

Ez dakit zuei, baina niri egonezin moduko bat sortzen dit hauteskunde aldi honek. Bost axola kanpainak berak, nekez izaten dira anekdota baino gehiago. Baina legebiltzarra desegin eta berria hautatzeko prozesuak estali eta trabatu egin du beste bat, sakonagoa.

Sinetsita nago azken urtebetean mamitu egin direla osagai politiko inportanteak: Ibarretxe planak eman duen astindua, ezker abertzalean gertatu diren mugimenduak, Espainiako gobernu aldaketa… Bakarka ez dute gatazka konponduko baina, guztiak batera jarrita, aukera garbia dago saiakera bat egiteko.

Keinuak egon ziren, ugari, duela 2-3 hilabete. Eta bazirudien ahalegin serioaren atarian geundela, baina hauteskundeen katramilak dena zokoratu du. Egunotako giroan nekez aurki daiteke itxaropenerako motiborik. Zergatik ote da botoak irabazteko alderdi guztiek ateratzen dituztela sinplekeria, setakeria eta beste zenbait -keria? Gure inteligentziari egindako iraina iruditzen zait, nola iraingarri ikusten dudan garbigarrien publizitatea, etxekoandreei zuzenduta dagoelako hain sinplea, hain kutrea.

Keinuetan etena

Eta, hala ere, uste dut prozesu sakona abiatuko dela, hauteskundeen ondoren. Eragile guztiak konturatu dira aukera sekulakoa dela, faktore asko dagoela alde. Egunotako nahasmena argituko da 17an, botoarekin. Ondoren nagusitu bedi ganora.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sagardoa ez da txakolina

Atzo izan nintzen aurtengoz hirugarren sagardotegian, Legorretako Aulian (klikatu gida interesgarria eta han gastronomia, ez dauka lotura zuzenik). Ohi bezain bikainak aurkitu nituen Auliako tortilla eta txuletak baina, beste sagardoegitan bezala, sagardoa arrunta iruditu zitzaidan. Eta pentsatu nuen bide luzea gelditzen zaiola sagardoari, txakolinaren maila harrapatzeko. Txakolinaren iraultza

Badira hogeita bost urte inguru Getarian hasi zirela txakolin modernoa egiten, geroago Bizkaian eta Araban. Bi hitzetan, iraultza zen txakolingintzan erabiltzea ardogintzaren teknologia berria: enologoen jakinduria, upel herdoilezinak, hartziduraren kontrola, filtroak, hotza… Eta, honekin batera, mahatsaren definizioa: hondarribi zuria izango zen txakolinaren lehengaia, eta hau ondo zaintzeko mahastizaintzaren teknika garatu zen. Prozesu trinkoa izan da, eta horren ondorioz gertatu da txakolinaren iraultza. Gaurko txakolinak antz handiagoa du egungo beste ardo zuriekin, duela 30 urteko txakolinarekin baino.

Zenbat zantzuk erakusten du sagardogileak ari direla urratsak egiten. Baina oraindik ez dago finkatuta zein sagar mota diren euskal sagardoaren lehengaia, eta hau ezinbestekoa da espezie aukeratuak landatzen hasteko. Sagardotegi gehienetan erabiltzen da oraindik egurrezko upela, nahiz batzuk sartu duten herdoilezina, ez da erabaki ea bata ala bestea den egokiena, edo bakoitzaren abantailak. Oraindik sagardo asko saltzen da oso etiketa kaskarrekin, gutxi dira urtea bezain datu inportantea jartzen dutenak. Ez dago jatorri izendapen egituratua, sagardoaren kalitatea bermatuko duenik. Eta sagardo arrunta aurkitzen da toki gehienetan.

Sagardoa bidean

Iruditzen zait zenbat sagardotegi hobeto ari dela ostalaritzan sagardogintzan baino, probesten ari direla txotxaren olatu luzea, eta atzeratzen ari zaiela gai nagusia. Nahiago nuke mugituko balira, sagardo onaren zale naizen aldetik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Uraren deia

Lau egun eman ditut zeruan. Bakoitzak jakingo duzue zeuena non, nire zerua Bartzelonatik gora dago, La Garrigako bainuetxe honetan. Bitxia lehorreko batek aurkitu izana uretan zerua, ez?. Bada, zeruan ere, akordatu egin naiz zuekin eta pentsatu dut bueltan kontatu behar nizkizuela emandako urratsak, zerura bidean. Ormaiztegi

Nire umetako Ormaiztegin bazen bainuetxe handi bat. Haren azken urteak eta nire lehenak parean suertatu ziren. Baina, hala eta guzti, baditut irudi batzuk akorduan: Don Luis Aldai balkoitik karameluak botatzen mutikooi; eta famili ospakizun bat, bataio edo jaunartzeko oturuntza jendetsua. Badatozkit, baita ere, zerbitzari dotore eta bulartsuen irudiak, baina ez dakit hauek ez ote dizkiodan Felliniri hartu.

Ormaiztegiko bainuetxean uratsa jaiotzen zen, ‘aguas sulfurosas ferro-manganíferas’ errezitatzen zuen izeba Katalinak. Eta sona handia zuten azaleko gaitzak osatzeko. Hain handia, urrunetik ere etortzen zela jendea, ilustre samarra gainera. Nire aitona Julian karteroa zen eta haren baserria, berez Tellerizar, bihurtu zen ondorioz Karterone. Han entzunda dakit nola jaso zuen behin gutuna Madrilgo alkateordeak, Ilera (edo Hilera?) jaunak, bainuetxean zegoela.

Bainuetxeen gainbeherak Ormaiztegikoa ere harrapatu zuen. Berpizkundeak, berriz, ez. Ordurako birrinduta zegoen. Eraikin handitik zati txiki batek bakarrik dirau, etxebizitza bihurtuta.

Agian txikitako arrak eragingo zuen hurrengo urratsa. Kontua da garaiz kanpoko opor batzutan otu zitzaidala Arnedilloko bainuetxera joatea, duela 20 urte inguru. Ondoa jota zegoen sasoi hartan, urtean apenas sei hilabetez irekitzen zuten eta, ni joan nintzenean, gehiago ziren langileak bezerook baino. Bainuak ia niretzat bakarrik! Kontua da bederatzi egun haietan seko maitemindu nintzela hidroterapiaz. Eta, gainera, bainuetxeko langile taldetxoa bihurtu zitzaidan lagun min. Haietako biren ezkontzan izan nintzen duela dozena bat urte, eta beste birenera joatekoa naiz, aurtengo udan edo, ezkontza homosexualak onartuko dituen legearen arabera.

Arnedillo

Garai hartan banenbilen osteopata batekin, ea bizkarrean eta gerrian sortzen zitzaizkidan kargek ba ote zuten erremediorik. Bainuetxetik bueltan etorri nintzaionean, sinistu ezinik esan zidan niretzat hura zela –alegia, ura- terapiarik onena. Harrezkero, ez dut utzi pasatzen urte bakarra bainuetxera joan gabe.

Hamar bat urtez bezero fin ibili naiz Arnedillon, baina bainuetxearen berpizkundeak jendetza ekarri zuen eta patxada eraman. Orain lagunengana joaten naiz, bisitan.

Bainuetxe ezberdinak korritu ditut geroztik: Liérganes eta Puente Viesgo, Palacio de las Salinas eta Zestoa. Eta denetan ibili naiz gustura. Baina, handi samarrak izanda, jende askorekin konpartitu behar dira zerbitzuak eta nik Arnedilloko patxada hura nahi… Hala ere, Zestoa hartu dut ohiko, abenduan asteburu batez joateko. Oso ondo antolatuta dauka bainuen gunea, eta bainuetxe bakarra izango da munduan euskaraz edonon egin daitekeena. Hori gutxi balitz, mirariak ere gertatzen dira. Nire lagun Jose Antonio, 60 urteren bueltan joan zen lehen aldiz, nik gomendatuta. Eta txundituta itzuli zitzaidan: ‘Hi, gogorra bigundu jatek eta… biguna gogortu!’.

Erromesaldia

Ez dakit behar bezainbat dokumentatuta ote dagoen Zestoako uren eragin afrodisiakoa, baina hori barik ere, oso aukera ona da. Dena den, nik jarraitzen nuen galdutako zeruaren bila.

Arnedilloko lagun batek gomendatuta joan nintzen lehen aldiz La Garrigara. Bainuetxearen sarrera atarte arrunt baten dago, kale nagusian, eta susmo txarra hartu nion hasieran. Baina barruan zerua zegoen. Bainuen gunea itzela da eta hotelak ez ditu… 22 gela besterik!. Gainera, aste santuan bete samar egon ondoren, pazko astean egoten da ia hutsik. Eta, egonaldia bapo ordainduta, zerbitzu mordoa doan erabil daiteke egun osoan zehar. Errematerako, aire libreko gunean, lorategi ederra du igerileku epelaren bueltan.

Berriro zerua

Hango errutinan, goiz osoa ematen dut ur eta mimo artean. Bazkal ondoren siestatxoa eta paseoa, soro zainduen artean. Eta afal aurretik, berriro saunak, ur beroak eta patxada, itzelezko patxada. Zinez diotsuet, nik ez dut gehiago behar zeruan egoteko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Banoa bainuetxera

Aspalditxo hartu nuen ohitura, laster 20 urte, eta on egiten dit. Dena suertatzen zait mesedegarri, bero hezea eta lehorra, ur beroa eta epela, mila moduko masajeak, ardurarik eza, irakurketa lasaia…. Beraz, Kataluniako La Garrigan emango dugu datorren astea. Han bigunduko ditut egunotan mahastian sortutako uzkurdurak, eta ahaztuko aberri omen eta alderdi multzo besterik ez den herri bat, ahaztu sikiera aste betez.
Jarraitu, mesedez, bakearen galderari erantzuten, eta larunbatean berriro egongo naiz bueltan. Maite zaituztet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina