Plangintza 2

Joan den astekoaren haritik, nahi nuke apur bat sakondu eta proposamenen bat egin.

Orain datorren Eskualdeko Lurralde Plana errealitate horretan oinarritzen da: badago zonalde bat bateratsu funtzionatzen duena, ‘eremu funtzional’ bat. Eremu hori murgilduta dago indar eragile handiko ekimenetan, Garaia bera, tranbia edo autopista, eta ekimen horiek eraldatu egingo dute ibarra, onerako edo txarrerako. Horregatik, kalte balizkoak murrizteko eta onurak areagotzeko, behar da aldaketaren kudeaketa egokia, bertakoek gidatua.

Debagoienak baditu osagai batzuk bateratasuna bultzatzen dutenak: MCC taldea ibarrean dago errotuta eta barreiatuta; berdintsu Unibertsitateko hiru campusak, Goiena komunikazio taldea, edo kirol eta gizarte mugimenduetan dauden gune bateratuak. Bidean den Garaia poloak ere ibar osoan eragingo du eta arlo askotan: hezkuntzan, industrian, kulturan eta elkarbizitzan, besteak beste.
Datozenak

Mankomunitateak badu Garapen Agentzia bat, baina ez dakit zertan den. Beharko luke enpresa publiko bat, talde tekniko profesionalarekin, zehazteko hilabete gutxiren bueltan diagnostiko eta egutegi bat, hurrengo hamar urtetarako. Hor josiko lirateke ekimen guztiak elkarren osagarri izateko; hor ezkonduko interes lokalak ibarrekoekin eta orokorragoekin. Hortik gidatuko litzateke ibarra etorkizunerantz.

Kudeatzeko

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Maria eta Mariano

Irratian pulpitoa izateak baditu bere morrontzak, eta gaur arratsaldez -eguraldi txarra lagun- hiru bat ordu eman ditut Madrilgo parlamentuko eztabaidari begira. Eta ikusi dut Zapatero oso kaskar, hitz egiten trakets, edukietan arrunt. Aldiz, disdiratsu iruditu zait Mariano, sendo, gaizto demonio. PPren sindromea ote? Maria

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan EAEko azken hauteskundeetan, ETBk antzerki hura egin zuenean lau hautagairekin. Maria gustatu zitzaidan gehien. Ondo ikasita eraman zuen esan beharrekoa, beste guztiek bezala, baina besteek baino hobeto esan zuen, tonu egokian, begirada eta keinuak zainduz. Lehen aldiz aipatu nuenean batzuk harritu egin ziren, baina biharamuneko inkestetan nabari zen Mariaren arrakasta komunikatiboa.

Mariaren jefeak baditu zama batzuk parlamentari moduan: oso erretoriko hitzegiten du, eta ezpainetan duen soinu bereziak kendu egiten dio seriotasun apur bat. Baina gaur ikusi dut ondo, gogor, zorrotz, mingarri. Ez ahaztu eztabaida parlamentario hau izaten dela urteko neurketa printzipala, eta hemen direla lidergoak sendotzen edo ahultzen. Gaur Marianok egurra sendo eman dio Zapaterori, 3an utzi du 22ra.

Mariano

Maria eta Marianoren kasuan oso lagungarri da Bartoloren teknika: nota bakarreko txirula jotzen dutenez, erraza zaie melodia menderatzea, eta maisutasunez jotzea. Zailago dira polifonia eta orkestra, arrisku gehiago dute akatserako, lan asko egin behar da armonia garbiak lortzeko.

Bartolo

PPren dotriña oso da lineala, eta manikeoa. Hori da agian Aznarren meritu nagusia: gorputz estrategiko sendoa eman izana espainiar eskuinari. Sinplea, mononeuronala, ulergarria, esplikatzen erraza.

Baina ez da hori bakarrik, gogoratu bestela Aaangel Aaaceves.

Gaurkora itzulita, oso garratza izan da Mariano eta Zapateroren artekoa. Honek ez du asmatu egurrari aurre egiten, eta haserre aritu da, ba-zu-gehiagoka. Ez banaiz asko okertzen, zauri honek iraun egingo dio Zapaterori eta sakondu araziko PP eta PSOEren arteko pitzatua. Eta hau oso onuragarria izango litzateke Espainiako politikaren bilakaerarako hurrengo hilabetetan.

Garratz

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Txakolinaren aurkezpena Guggenheim-en

2004ko uztaren aurkezpena izan dugu gaur eguerdian Bilbon, Puppyren txabolan. Han izendatu dira txakolinaren hiru enbaxadore berri: Bizkaiko Merkataritza Ganbara, Miriam Ocariz diseinatzailea eta Koldo Saratxaga enpresaburua. Hala ere,ekitaldiak ez du bat ere glamourrik izan.
Bilbainadak

Julio Ibarra aurkezle, eta hizlari Asier Arzallus -Jatorri Izeneko presidentea eta aitaren semea- eta Jose Luis Bilbao -Bizkaiko Aldun Nagusia-. Topiko ugari: zuen ahalegina, txakolina eta burdina, iragana eta geroa… Ganorazko berba erdirik ez: nola doan sektorearen bilakaera, arrisku eta aukerak, epe labur eta ertaineko eginkizunak… Eta bilbainada ugari, Athletic-ak kopa irabaziko du eta txakolin asko beharko da ospatezko, autobus mordoa finalera joateko… Penagarri.

Hiruzpalau minutuko berbaldia gertu ekarri du, baina bilbainaden artean ez diote tarterik egin. Eta bera zen gaurko izarra. Irizar autobus enpresan egin duen lanak sekulako ospea eman dio, liburu oso saldua ere idatzi du eta han-hemenka dabil hitzaldiak ematen. Lagun komun batek aurkeztu gaitu, eta azkenean esan ahal izan diot neu nintzatekeela Irizarreko buru kooperatiba bihurtu izan ez balitz, aitak horretarako prestatu nahi baininduen. Asko gustatu zait Koldo, ikusi dut buru argiko eta adimen handiko pertsona.

Saratxaga

Hau izan da eguneko gairik interesgarriena. Euskal txakolina hiru deituretan dago banatuta: Getaria, Bizkaia eta Araba. Eta nonbait arriskua dator Burgos eta Kantabria aldetik, haiek ere eskubidea baitute txakolin izena erabiltzeko, han ere egiten baizen garai zaharretan. Horren aurrean, aukera egokiena ikusten da hiru euskal deiturak bakarrean biltzea eta indartzea, atzetik datozenek ez dezaten izan amore ematea beste erremediorik. Ez da erraza izango, noiz izan da gurean erraza bat egitea?

Txakolin deitura bakarra

Guggenheim-ekoa bukatu eta Sheraton hotelean izan dugu bazkaria. Duela ez asko ere han izan ginen beste aurkezpen baten, ez dakit susmoa hartzen hasi edo ez. Kontua da bikain bazkaldu dugula, goi mailako sukaldari bat dago hor. Eta antolatzaileek aukeratutako txakolinak ondo eutsi dio janaren mailari. Amaiera ona izan du gaizki hasitakoak.

Bazkari bikaina

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Plangintza

Jaurlaritzak onartu berri du Debagoienerako lurralde plana. Ez dut ezagutzen behin betiko testua, eta agerkariak arin samar ibili dira, ‘EAEko laugarren hiria’ edo ‘Gipuzkoako bigarren hiria’ moduko izenburu deigarritan. Urkulu

Guztiek azpimarratu dute, hori bai, Urkuluko asmoa bertan behera gelditu dela, ‘jaso zuen oposizio handiagatik’. Beno, Urkulukoaz eman nuen iritzia bere garaian, eta ez dut uste konpondu nahi zena konpontzen denik asmoa bertan behera utzita. Baina ez daukat amorrurik edo komisiorik hura defendatzeko, dagoela bakean egitasmo hila.

Hura galduta ere, eskualdeko lurralde plana (ELP) da oso tresna inportantea. Lehen aldiz hartzen duelako ibar osoa antolaketa esparru moduan, unitate funtzional gisa. Eta detektatzen dituelako ibarrak dituen arriskuak eta aukerak hurrengo urteetan. Hau, noski, askoz gehiago da herrien batuketa sinplea baino.

Batuketa baino gehiago

Orain arazoa da nor arduratu behar den ibarrean ELP gauzatzeaz. Nik uste, Mankomunitateak behar duela lan honetan gidari, bera baita ibarreko administrazio gunea. Aldaketa asko beharko lituzke horretarako, besteak beste, jasotzea Udalen eta Aldundiaren partetik aginte eta baliabide gehiago.

Nork kudeatu?

Baina, hori egiten ez bada, arriskua da Jaurlaritzak goitik ezartzea plangintza, eta udal bakoitza berekoikerian ibiltzea. Denon kalterako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Mahastia maiatzean

Argazkirik ezean –oraindik ez duk eskura kamera digitalik- atzeratuta neukan mahastiaren kronika egiteko asmoa. Izan ere, mahastia zaintzea dut eginkizun nagusi, sanjosetan hasi eta sanmigelak pasa arte, eta kirioak airean ibiliko ditut sei hilabetez, hortik kalbarioa. Baina Andonik animatu egin nau, eta hemen doa lehen kronika. Negukoak

Uzta eman ondoren, mahatsondo nekatuak biluztu egiten dira orriak erantzita, eta lotarako prestatzen. Gabonak aldera lo seko daude, anestesiatuta. Behar ere bai, ze kimatzeko ordua dute. Adar gehienak mozten zaizkie eta lau uzten, bi luze eta bi motz, landarea berriro gara dadin udaberrian. Behin dena kimatuta, botika botatzen da zauriak ondo orbaintzeko. Aldi berean, gogortu egiten dira olaziak, tenkatu alanbreak, konpondu neguak utzitako kalteak.

Martxoaren erdialdera esnatzen dira mahatsondoak; lehentxeago edo geroxeago, segun eta nola joan den negu amaiera. Pinportak nabarmendu egiten dira lehenengo, gero kotoi bolatxo bihurtzen, eta apirila hasieran lehertzen, letxuga kukuilutxo itxuran. Une horretan botatzen da bigarrenez botika, oraingoa akaroen kontra. Beste zazpi edo zortzi botaldi beharko dira mahatsa sano iritsiko bada uztara.

Sanjose bueltan

Pinportak kimu bihurtu dira, eta abiatu dira gorantz, eguzki bila. Mahatsondo bakoitzeko bakantzen dira 15-20 kimu, aurrera egin dezaten, eta horietako bakoitza luza daiteke 3 metro edo 4, hain dira kementsu mahats landareak klima hezean. Kimuak luzatu ahala, gobernatu egin behar dira, alanbrera atxiki daitezen. Eta hemen ere bada botikarik, hirugarren hau ekiditeko gorrina eta oidiuma. Horixe du berezi mahatsak, gurea bezalako klima hezetan: kemen handiko landarea eta erasotzen erraza den fruta.

Maiatzean

Lora betean dago mahastia Esteñibarren. Baina ez imajinatu sagarrondo edo gereziondo lorez zuriturik. Mahatsaren lorea da luku ñimiño bat, berdea, gero fruta izango denaren miniatura bailitzan. Datozen asteetan, apur bat handituko da eta gero soildu bezala, loretik frutara doan seinale. Baina hori izango da kalbarioaren hurrengo atala, ekainekoa.

Mahastia loratuta

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Benedictus eta biok

Arazoak izan ditugu goiena.net-eko blogariok editatzeko, eta hori har nezakeen aitzaki ezkutatzeko nola ez dudan aste oso batez ezer idatzi. Bainan ez, hemendik aurrera somatzen baduzue blog honetan hutsune luze samarrik, erreparatu eguraldiari, eta ohartuko zarete nire hutsuneak parean tokatzen direla eguraldi onarekin. Horiek aprobetxatu behar izaten ditut mahastia zaintzeko, sasoi honetan mesedegarri izaten ditu-eta egindako mimo guztiak. Hala ere, agintzen dizuet ez zaidala berriro aste bete joango ezer berririk idatzi gabe.

Eta Benedictus? Bada, uholde nazkagarri hura pasata, gogoan geratu zaizkit bere aurkezpen hitzak, papa hautatu eta segituan: I cardinali hanno eletto me, un senplice e umile lavoratore nella vigna del signore. Euskaraz, eta erretorika bariz, mahastizain, neu bezalaxe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Udaberriak gauza asko dakartza guztiontzat: egun luzeagoak, eguzki indartsuagoa, odolaren kolpea… Niri, gainera, ekartzen dizkit gauza txar bat eta bi on. Txarra da belarra sarri-sarri moztu beharra. Onetan lehena, Musikaire jaialdiaren antolaketa, eta bigarrena, goiko saria epaitzea. Eta, aurten, honek sari erantsia ekarri du: epaimahaikide dut Arantxa Urretabizkaia, gazte garaiko musa kuttuna. RAKS

Sigla hauekin ezagutzen da Andoaingo Udalaren ekimena, saritzeko euskal kazetaritzan egindako lanen kalitatea eta bikaintasuna. Aurten hamazazpigarren edizioa du, eta bi sari emango dira: Kazetari Berria saria, 3.000 eurokoa, 27 urtez azpikoentzat, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, 9.000 eurokoa.

Txiripa zorionekoak eraman ninduen sariaren epaimahaira duela hiru urte. Nonbait, gogoan izan zuten toki hedabideetan egin dudan lana, eta derrepente aurki nintzen inguratuta idazlez, unibertsitate irakaslez eta euskal ‘intelligentsia’ko kidez. Esperientzia bikaina da mahastizain batentzat horrelako mahai batean aritzea. Baita eskuarea pasatzea euskarazko kazetaritzaren produkzioari eta aurkitzea gauza on asko, baita harribitxiak ere. Bide batez, esan dezadan ez dudala oraingoz -oraindik?- jaso soborno ahaleginik.

Epaimahaiko

Aurtengo edizioan, opari berezia izan da Arantxa Urretabizkaia mahaikide izatea, Laura Mintegik utzitako lekuan. Mugarri ahantzezinak dira nire gaztaroan Zergatik Panpox? eta haren idazlea eta, beste inor gutxietsi gabe, esan behar dut poz handia hartu nuela albistea jakin nuenean. Erantsi dezadan azkar, ilusioak jarraitzen duela bi bilera egin ondoren. Ilusioa berretsi egin da, hogeita bost urte beranduago. Nik amestu bezain maitagarri da Arantxa.

Arantxa

Eta, horrekin batera, pena galanta hartu dut jakitean berak ere jasaten duela jazarpena Hondarribian, alardea dela-eta, jarrera normalena azaltzearren. Kasu hauek adierazten dute zenbateraino errotu den intolerantzia gugan, nola jarraitzen dugun oso primitibo izaten, larru modernoaren pean. Tamalez, arazo hau ez da bake mahai baten konpontzen diren horietakoa. Denbora luzea beharko da, eta pedagogia egokia eta denon ahalegin handia, inoiz ikasiko badugu erraiak kontrolatzen eta hurkoa errespetatzen. Hori adierazi nahi izan nuen hemen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Habemus bodam?

Lege egitasmoa onartu zela-eta, mezua idatzi nien:
– Beno, legea badator… Zorionak! Has gaitezke jantzi dotorea prestatzen?
Eta haiek erantzun:
– Malkotan jarri ginen telebistan albistea ikusita, eta malkoak eragiten dizkigu ikusteak nola ez kaltetuek ere konpartitzen duzuen gure poza. Borroka barruan

Arnedillon bizi dira Jesus eta Josemi. Jesus ezagutu nuen lehenengo, artean bere sexu joera argitzeko borrokan zebilela. Bera baino helduago nintzen eta, nonbait, lagungarri suertatu zitzaizkion nirekin egindako berriketak. Lagun min bihurtu ginen.

Handik urte bira edo agertu zen Josemi. Hark ere bazekarren borroka, eta berari Jesusek lagundu zion. Hain goxo lagundu, maiteminak jo zituela biak. Badira dozena bat urte, eta harrezkero Arnedillon bizi dira elkarrekin, normal-normal.

Dena den, 200 biztanle inguru zituen Arnedillon ez zen berez normala bikote homosexuala. Beraiek gainditu behar izan zituzten trufak eta irainak, eta errespetutan bihurtu. Ohiko ez dena normal agertzen bazaigu, denbora nahikoan, normal bihurtzen da. Hori bai, normal jokatzeak ahalegina eta pazientzia eskatzen du, eta nire lagunek asmatu egin zuten horretan.

Borroka inguruan

Besterik da bakoitzaren etxeko kontua. Hemen arazoa izan daiteke zailago, segun eta familia zein pertsonez eta pentsamoldez dagoen osatua. Bi hauek arazo larriak izan dituzte, lagun soil baino maitale zirela azaldu zutenean. Eta ez beti helduenen partetik, buru atzerakoia edukitzeko ez dago derrigorrez zaharra izan beharrik. Hori ere gainditu dute, ordea, denborak ia guztia zentzatzen du.

Jesus eta Josemiren historia ez da oso literarioa. Arazoak arazo, ez dituzte egurtu karkaba beltzean, ez dute jasan jazarpen itzelik. Baina, ohiko ez dena normal bihurtzea bada meritu bikaina, eta istorio honek merezi du erremate zoriontsua, kanpaibuelta eta eper-janarekin. Ezkontzaren bidez, gizarteak aitortuko die legezko normaltasuna. Ez da lorpen makala.

Happy end

Ez dakite oraindik noiz izango den, uda partean edo ondoren, baina ni hasi naiz jantzi dotorean pentsatzen. Kontatuko dizuet, Arnedillotik bueltan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Txuri goizetan

Txuri goizetan nire zain egoten da, eta igurtzika hasten zait hurbiltzen natzaion orduko. Txuri goizetan mugitzen zait berehala sukaldeko mahairantz, eta begi ertzetik zelatatzen du ea atzetik noan; eta behin sukaldeko mahai gainera igota, etzaten zait tripaz gora, sabelaldea fereka diezaioan.

Txurik goizetan estimatzen ditu nire ferekak lehenak baliran -edo azkenak-, eta jardun daiteke nirekin luzaro, jateko duen irrikari eutsita.

Txurik goizetan esnarazten du nire samurtasuna eta egiten dit itzelezko oparia, pertsona osoago bidaltzen bainau mundura.

Beraz, Txuri, katu eme elur kolorekoa, mimosa erabatekoa, mila esker zuri!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Emaitzetan irakurri dut

Datorren astean tokatzen zitzaidan idaztea ARGIAko Azkena. Baina, nola normalean politikaz idazten dudan, Mikel Asurmendik aurreratu egin zidan txanda, eta epea apur bat luzatu, 17ko hauteskundeen errepasoa egin nezan. Telegrama sortan, hauxe bialdu diot duela ordu erdi. Hauteskunde gaua

Itxurakerian sumatu nituen alderdiak hauteskunde gauean. Irabazi propiorik apenas inork, eta hurkoaren galera zuten gehienek pozgarri. Asko hobetu beharko dute, emaitzak ondo ulertu, ondorio zuzenak atera eta egoera zail hau kudeatzeko.

Hamarretik zazpiko partehartzea ona da; handiagoa izan balitz hobe, baina ez dago aitzakiarik. Duela lau urtekoa aparta izan zen.

Partehartzea

Ibarretxek boto itsasgora eskatzen zuen eta itsasbehera jaso du. 2001ean utzitako botoak kendu egin dizkiote oraingoan, eta bere ohiko mailan gelditu da, 450.000 botoen bueltan. Ibarretxek egin duena izan daiteke balekoa gehienentzat, ordea orain beste zerbait eskatzen zaio. Liderra da -primus inter pares- baina erregetza galdu du, eta umil beharko du aurrerantzean, hauteskunde gauean baino umilago.

EAJ-EA

Botoetan bere gailurra hartu du Patxik, baina eserlekuetan ez, izan dituzte gehiago. Emaitza txukuna da, eta neurri handian zor dio Madrilgo gobernuan Zapatero egoteari. Hango txanden arabera, hemen bigarren edo hirugarren dira sozialistak. Baina ez du irabazi, ez dauka joko propiorik. Zapateroren mandatari gelditu da.

PSE-EE

Patxiri mesede bezala, Mariari kalte egin dio Madrilgo txandak. 2001ean puztu egin zen eta oraingoan hustu. Formetan leun eta mezuan tinko, bazterrean dago EAEn. Madrilgo nagusiek txakur jarraitzen dute PSOErekin, eta horrela ezin garatu hemen lankidetzarik.
Katalunian antzera egon ziren, Piqué mugitzen hasi zen arte.

PP

Sorpresa eman du, EHren azken emaitzak gaindituta. Hankaz gora gelditu da alderdien legea eta Aznarren estrategia. Eta orain hasiko dira inkognitak argitzen: nola konponduko diren Batasunarena egiteko, edo legezko erasorik jasoko ote duten, haiekiko harremana bistaratzen den neurrian.

EHAK

Eutsi egin dio lehengoari, baina saririk gabe. Botoak galdu ditu, eta pisu erlatiboa ere bai, bere partea ez da lehen bezain erabakigarria. Hala ere, badirudi finko duela boto-zorua eta atxikipen deigarriak jaso ditu (Atxagaz gain, Gartzia, Medem…)

EB

Lortu du legebiltzarrean sartzea, eserleku bakarrarekin. EHAK eta EH onenaren arteko boto koskatik zatia hartu du, ez dena. EBk bezala, ez du giltzarik ezer baldintzatzeko, bere abileziak eman beharko dio eragiteko pisua.

Aralar

Desagertu egin da, 15 urte iraun eta gero. Gogoan dut bere sorrerak eragin zuen sustoa. Goian bego.

Unidad Alavesa

Teknikoki airean dago, baina uste dut Ibarretxe izango dela. Ez zaie komeni sozialistei edo Batasunari egoera guztiz ez-egonkortzea.

Lehendakaria

Gehiengo posibleen bi ardatzetan EAJ-EA dago, batean sozialistekin, bestean EHAKrekin. Oso zaila ikusten dut aste gutxiren buruan bi aukera horietako bat gauzatzea. Ez dakit nahi nukeen ere, presaka eta ‘gobernagarritasun sakratuaren’ izenean egindako txapuzarik. Egokiago litzateke aurreko hirukoa luzatzea urte betez edo biz, nahi bada Aralar gehituta, eta bitartean abiatzea alderdien arteko mahaia.

Gobernua

Alderdi guztien mahaiak eztabaidatuko luke marko juridiko berria, aurrez zehaztuta zein den adostasun minimo onargarria, non dagoen fummata zuria (2/3? edo % 60?). Aldi berean, eta beste gune batean, dagokienek landu beharko lukete ‘desmilitarizazioa’. Behin bi lan hauek burututa, etorriko lirateke erreferenduma eta gobernu egonkorra, hauteskunde berriak eginda edo gabe.

Mahaia

Ez dugu onartzen alderdiak legez kanporatzerik. STOP. Gehiengo zabalak eta trabeskakoak hobesten ditugu. STOP. Konstituzionalistek eserleku bat gehiago, abertzaleen boto portzentaia gora, Ibarretxeri frenua, Batasunari bultzada… Ez duzue ulertzen? STOP. Guk egin dugu gurea, zuena da orain txanda. STOP.

Boto emaileen mezuak

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin