Batek baino gehiagok galdetzen dit 1 formulako motore-hornitzaileek zer egin dezaketen eta zer ez beraien motoreak 2015ra eta aurrera begira hobetzeko. Zer dago onartuta eta zer ez arautegiaren arabera? Galdera oso interesgarria da, batez ere Ferrari eta Renault etxeen aurtengo motoreen gabeziak kontuan izanda. Gai hau araugileen (FIA) mahai gainetik pasa da dagoeneko.
Araugileek, 2014 hasieran sartutako formula berriaren bizi zikloan zehar suertatzen diren kosten kontrolatzeko helburuarekin, mugak ezarri dizkiete teknikariei eta haien sorkuntza mugagabeari. Agian paradoxa bat da, baina horrela daude gauzak. FIA-k inposatutako murrizketak 7 urtetan zehar luzatzen dira motorgileentzat. Murrizketa hauekin garapen „kontrolatu“ bat onartzen dute, motorgileen kostuak ahalik eta arinen mantentzeko. Kostuak kontrolatuko ez balira, talde txiki bat behar bada ez litzateke bere motore-hornitzailearen faktura ordaintzeko egoeran egongo. Mota horretako egoera batek kirola arriskuan jar lezake.
Hasiera baten araugileen ideia motoreak 2014 bukaeratik guztiz „izoztea“ zen. Gauzak dauden bezala plan horrek ez zirudien hain zuzen kirolaren etorkizunatzat, batez ere motorgileetako batek besteekiko abantaila nabarmen bat lortuko balu hasieratik. Hori izan da hain zuzen gertatu dena. Mercedes etxeak garatutako produktua beste maila batean aurkitzen da Ferrari eta Renaulten eskaintzekin alderatuz. Ondorioz, FIA-ko araugileek programa edo plan bat sortu dute urtero-urtero motorgileek burutu ditzaketen aldaketak definitzeko, eta mugagabeko gastua ekiditeko (hobe esanda, debekatzeko).
7 urteko programa hori zehazterako orduan, motore bat osatzen duten elementuak 3 kategoriatan sailkatu dituzte (1, 2 & 3 puntudun piezak). Sistema honen arabera, 1 formulako motore bat osatzen duten pieza guztiek osotasunean 66 puntu batzen dituzte. Guztizko honetatik aldaketan onartzen dituen puntu sistema bat sortu dute. Adibidez pistoiak birdiseinatu nahi badituzu, 2 puntu ordaindu beharko dituzu; ignizio sisteman aldaketak sartu nahi badituzu berriz, puntu 1 gehitu beharko duzu kontuan. Sistema honekin, urtero motorgile bakoitzaren esku uzten du arautegiak aldatuko nahiko lituzkeen piezen aukera. Urtetik urtera, onartutako puntuen kopurua murrizten joango da. 2015erako 32 puntu erabil ditzake motorgile bakoitzak. Horrek esan nahi du motorearen piezen ia %50a aldatzea onartzen dela. Urtetik urtera erabil daitekeen puntu-kopurua jaisten joango da, 9% inguruko murrizketa urtero. Horrek esan nahi du 2018an soilik 15 puntu erabili ahalko direla; hau da, motorearen piezen %23a garatzea onartuko da. Gauzak horrela, modu indirektu baten muga ekonomiko gorakor bat ezartzen da motorgileentzat arauen bidez; eta aldi berean garapenarekin urteetan zehar jarraitzea onartzen da. Ondorio bezala, urtetik urtera 1 formulako motoreak elkarrengandik geroz eta gertuago egon beharko lirateke errendimendu aldetik. Sistema honekin motorgile berrien sarrera onartuta dago (2015ean Honda sartuko da McLarenen hornitzaile bezala) eta hauek praktikan ez dute desabantailarik jasango. Dirudienez Honda toki desberdinetatik ingeniariak kontratatzen hasi da, egun lehian ari diren taldeen arazoak eta hauen soluzioak ezagutzen dituen pertsonala.