Futbola vs. Automobilismoa

Dagoeneko pasa da aste bat Alemaniak munduko kopa lortu zuenetik. Txapeldun berriaren herrialdean bizi naizenez, nahita ere ezinezkoa da mota honetako gertakizun batez ez konturatzea. Futbola gustatu ez ezkero edota normalean jarraitu ez ezkero ere konturatzeko moduko zerbait da. Gainera, normalean futbola jarraitzen ez duen jende asko elkartzen da kalean, tabernan edo etxean telebista aurrean beraien talde nazionalaren partiduak ikusteko.

Niretzat apur bat arraroa da, suposatzen dut euskaldun askorentzat bezala. Euskaldunok ez dugu (oraindik) FIFA-k onartutako talde nazionalik. Ondorioz eta zoritxarrez ez dugu munduko kopa bezalako txapelketa baten errepresentatzen gaituen talde bat, gurea sentitzen dugun talde bat. Behin txapelketa hasita batek berehala aurkitzen du jarraitzaile bezala begiko duen talderen bat edo beste; baina ez da gauza bera. Agian egunen baten posible izango da talde nazional euskaldun bat munduko kopan parte hartzen ikustea. Ordura arte zaila izango zait beste jarraitzaileek sentitzen dutena ulertzea. Beraz nik munduko kopa ikusten dut ez kolore konkreturen bat babesteagatik, futbola asko gustatzen zaidalako baizik eta bestela ere jarraitzen dudalako.

Futbola ahal dudanean ikustea gustatzen zaidanez eta jarraitzen dudanez, ikusi dudan azken partiduetako bat Brasil eta Alemaniaren arteko 7-1 hura izan da. Ia 2 aste pasa dira ordutik, baina partidu hura ikusten ari nintzela burutatu zitzaidan gai bat aipatu nahiko nuke. Brasildarrei futbola „o jogo bonito“ bezala definitzea gustatzen zaie; baina eskeini zuten ikuskizuna nahiko tamalgarria izan zen. Alemaniak Brasilen aukerak suntsitu zituen 6 minututan 4 gol sartuta. Brasildarrek shock egoeran ziruditen, jokalariak zein ikusleak, futbolari hainbesteko garrantzia ematen zaion herrialde baten. Egoera osoa nahiko krudela iruditu zitzaidan, baina esan behar da Alemaniak golak merezita egin zituela, behar bada Brasildarren puntu ahulak aldez aurretik ondo aztertuta zituztelako.

Brasilek sufritu behar izan zuen egoera egungo 1 formulan askotan gertzen dena baino krudelagoa iruditu zitzaidan. Automobilismoa orokorrean nahiko kirol eskergabea da. Soilik irabazten baduzu edo podiumean bazaude aipatzen da zure taldea; erdialdean edo atzean bazaude, hau da galtzaileetako bat bazara, inor ez da zutaz gogoratzen, inork ez du zure taldearen izena aipatuko. Irabazten baduzu garaile bezala goraipatuko zaituze; galtzen baduzu ostera, gutxienez iluntasunean sufrituko duzu. Zentzu horretan automobilismoa ez da futbola bezain krudela galtzaileekin.

1 formulako talde batek egun negargarri bat izaten badu, telebista-kamarak ez daude gainean beraien malkoak mundu osoari erakusteko. Argi guztiak irabazleari zuzenduta daude; zentzu horretan automobilismoa kirol bihotzbeheragoa. Asko jota egunkari edo publikazioren batek 1 formulako talderen batek izandako egun txar baten jarraipena egingo du, baina ez Brasilen porrotaren ondorengo egunean ikusi ziren titularren mailako ezer. Italian ere ez da gertatzen mota horretako erreakzio bat Ferrarik irabazten ez duenean. Eta italiarrek Ferrarirengan duten pasioa ez da brasildarrek beraien hamaikakoan dutena baino gutxiago.

1 formulan porrota eta ondorioz irainaren mugan dauden titularrak ez dira lasterketa txar batera mugatzen. Kotxe edota pilotu motel bat suertatzen bazaizu, gertakizun eta albiste negatiboak asteetan edo hilabeteetan zehar luzatu daitezke, ez dira 90 minutu negargarritan amaitzen.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude