2013 denboraldia iragana da. Aro bat amaitu da, zentzu desberdinetan. Webber 1-Formulatik agurtzen da, Ferrarik ez dio Massari kontratua luzatzen, Ross Brawnek Mercedes uzten du, etab. Agian pilotu gehiago dira Brasilen azken aldiz 1-Formulan gidatu zutenak beraiek jakin gabe, datozen egunetan pilotuen merkatuan gertatzen denaren arabera. V8 motoreak iraganaren zati izatera pasa dira, honekin batera Cosworth bezalako historiko batek 1-Formulari agur esaten dio.
Egia esan urteroko joan etorriak dira, aldaketak bizitza errealean baino azkarrago gertatzen diren kirol baten. Askoren buruan dagoen galdera: Vettel/RedBull bikotearen nagusitasun aroaren amaiera al da? 2013ko autoa azken 4 urteetako oinarriaren eboluzio baten emaitza zen. Eboluzio horrek 4 txapelketa eman dizkio Vetteli, azkena duela egun gutxi. Baina 2013ko autoa gaur iragana da. 2014a arautegi berri batekin datorkigu. Eragin nagusienak alderdi aerodinamikoan eta batez ere motoreetan izango dira. Turboa 1-Formulara itzultzen da, motore guztiz hibrido baten. KERS-a egun arte ezagutu dugun formatuan desagertzen da, eta bi errekuperazio sistematan banatzen da: energia mekanikoaren eta termikoaren errekuperazioak. Orain arteko motoreekin alderatuz, alderdi teknologikotik begiratuta motore berriak konplexuagoak izango dira. Efizientziak pisua irabazten du, energiaren kudeaketari ematen diote garrantzia arau berriek. Aldaketa honen alde nago, formula berriak gaur egun automozioak dituen erronkei modu errepresentatiboago baten erantzuten dielako. Arautegi aldaketak teknologia berrien garapena behartzen du; teknologia hauetako batzuk seriera transferituko dira egungo konbustio motoreak hobetzeko. Hobekuntza potentziala izugarria da eta epe laburrera soluzio 100% elektrikoak galdera ikur gehiegi ditu prezio lehiakor baten merkaturatzeko. 1-Formulak gizarteari teknologikoki egindako ekarpena handitu beharko litzatekeela pentsatu izan dut betik. 3 dira datorren urtean motore berriak aurkeztuko dituzten ekoizleak: Ferrari, Mercedes & Renault. 2015ean Honda itzuliko da 1-Formulara McLaren taldearekin, Sennaren garaiko McLaren-Honda bikotea birsortuz.
V8 motoreak edozein kasutan omenaldi bat merezi du. Aro honen amaierak erreakzio desberdinak eragingo ditu. Gehienengan nostalgia eragingo du. Ecclestoni ez omen zaio V6 turbo berrien ideia gehiegi gustatzen, batez ere soinuagatik. Nere ustez medio batzuek burututako kanpaina negatiboak gehiegizkoak izan dira. Argi dago V6 turbo baten soinua ezin dela V8 atmosferiko batenarekin alderatu, batez ere turboaren ondorioz. Soinuak alderatu nahi dituzuenontzat, hemen dasteketa bat:
Renault V8 (2006-2013):
http://www.youtube.com/watch?v=Czw1pB6ZDRM
Renault V6 turbo (2014-):
http://www.youtube.com/watch?v=g8jz_Dgb8D4
Mercedes V6 turbo (2014-):
http://www.youtube.com/watch?v=hwJ9ifFUXX4
Honda V6 turbo (2015-):
http://www.youtube.com/watch?v=4l4Gk8J5vL0
Aerodinamika aldetik, aldaketak ez dira 2009koak bezain nabarmenak. Dena den, autoak ez dira estetikoki oraingoak baino ikusgarriagoak izango. FIA-k kontuan hartu beharreko zerbait ozan beharko litzateke etorkizunerako. Auto azkar bat ez da inoiz itxusia izango.
Taldeek garapenean inbertitu beharra dute datorren urtean auto lehiakor batekin hasteko. Krisialdi ekonomikoaren ondorengo klima baten, non babesleen laguntzak oraindik eskasak diren (batez ere puntako taldeak ez direnentzat) hau arazo bat da. 2014ko txapelketan parte hartu ahal izateko, talde bakoitzak $500,000-ko inskripzio tarifa ordaindu beharko du. Honi puntu bakoitzeko $5000 gehitu behar zaizkio. Talde txapeldunaren kasuan $6000 dira puntu bakoitzeko. RedBull-ek 596 puntu batu ditu, beraz $4.07 miloi ordaindu beharko ditu parte hartzeko! Honi Vettelen soldata eta bonusak gehituz gero ($1 miloi garaipen bakoitzeko), irabaztea ez zaio merke irteten RedBull taldeari.
Ongi etorri Xabi blogarien mikro mundu honetara. Gustura jarraiketan dot 1 formula eta gustura jarraittuko xuat hire bloga