Laguardia herri turistikoa da. Horrelakoxea bilakatu da. “Z” hizkiz idazten duten Biazteri izeneko taberna batean ikusitakoak horrela baieztatu dit. Herrialde ezberdinetatik etorritako turistak ikusi al dira herriko kale estuetan barna. Inguruko upeldegiren batean azaldutako enologia teknikaren bat erakutsi nahian. Gehiegizko imintzio aldrebesak nabermentzen dira. Paperezko mukizapi batez “erribete” delakori begira; ondutako baten ordez, ardo gazte bat zerbitzatu dioten beldur agian.
Ni baina, adinak horrela aginduta edo, dekantazioari begira nabil. Ardo ondu edo zaharraren sedimentuak bereizten diren bezalaxe, orientazio sasoi berri bati atea zabaltzen.
Migueloa izeneko ostatuan egin dugu lo. Apartekoa. Bastida horren hurbil egonda, arreba eta koinatuaren Kanogaleko etxean lo egitea izango zen ohikoena. Neguak baina, termometroko merkurioa zero inguruan jarri du egun hauetan.
Hamarretarako aparkatu dugu Marques de Riscal upeldegiak bisitetarako duen aparkalekuan. Eltziegon gaude.Titanio eta altzairu erdoilezinez eraikitako arkitekturak kontraste jakin bat ematen dio herriari. Izan ere, estilo tradizional eta señoriala nabarmentzen da; barrokoa eta berpizkundea nonahi. Baina hau, beste baterako utziko dut.
Derrigorrezko beroketa egin ahala irteeran naiz. Ibilbideetan kolore berri bat gehitu dute; ohikoak diren hori, laranja eta gorriari beltza batu zaie. Esfortzu fisiko handiagoaz gain, teknikak ere izango du zailtasunik.
Mapa eman ahala, madarikazio bat atera zait ahotik. Orientazio frogetara ere iritsi da presbizia. Ezin ditut zenbakiak bereiztu, sestra kurbak zenbatu, mapa irakurri. Betaurrekoak behar ditut!!!!
Eskerrak oraindik, logistika inguruan dudala. Maider zintzo antzean izanda alboan harik eta irteera eman didaten arte. Eta kasualitatez, bizkarrean daraman poltsan, Cambrilseko ondartza ondoko botikan erositako betaurreko batzuk ditu. Agure baten traza badut ere, mapa irakurtzeko gai izango naiz. Datozen egunetan, “Tienda de orientación “ delakoan, horren aldrebesa den arazoa konpontzeko antiojuak dituzten begiratu behar. Antolatzailetako batek pasartearen berri jakin duenean, bere etorri graxioxoa jarri du martxan. Txisterik errazena egiteko osagaiek “El ciego de Eltziego” esatera eraman dute. Eneeee.
Lasterketa samurtasunez egiten hasi naiz; kale estu eta aldrebesen norabideak kontrolatu eta pinudi inguruko zulo eta lur bigunak zaindu behar izan ditut. Seigarren baliza pikatzeko gertu naizela, duela urte batzuk Ankarteko taldekoak bertara egindako bidai bat etorri zait burura. Txisko izeneko taberna dago 6. balizaren atzeko aldean. Taberna honen izenak zeresena piztu zuen beteranotako sasi futbolarien artean. Txisto eta Ixko nahastuz lortzen baitugu Txisko; norgehiagoka bete- betan biei batera deitzeko aukerako izena.
Harlanduzko horma erraldoi batek babesten du hamargarren baliza. Goruntz begiratu dudanean begiek burdinezko balkoi eder batekin egin dute topo; betaurrekoak jeitsi behar izan ditut horren artelan paregabeaz gozatzeko. “Burdinen Etxea” ei da. Orduko errementari treberen batek burututako balkoi ikusgarria du. Sarrerako ate dotorea ere, erraz nabarmentzen da. Halako plaka gris batek Nafarreteko Gebaratarren etxea dela adierazten du. Oñatik Nafarroako Erresuman zuen garrantziaren beste adibide bat?
Hurrengo baliza baten bila herriko lekurik esanguratsuenera iritsi naiz. Eltziegok historian zehar garai ezberdinak bizi izan baditu ere, Marques de Riscal upeldegiko bi eraikinetan bi sasoi ezberdin bereiz daitezke; eskualdeko ardogintzaren 150 urteak bi eraikinetan antzeztuak. “Usategia” edo “El Palomar” izenekoa da bietan zaharrena. Adituek Bordeleko frantses ukitua duela diote. Bertan omen dago ardoaren Katedrala. Modernoena berriz, Frank Ghery arkitektu ospetsuak diseinatutako eraikina da; Bilboko Guggenheim erraldoiaren egilea ere bada. Titanio eta altzairudun xaflek hegoak dirudite.
Erdi Aroko Mantibleko zubira ez dute inor balizak jartzera bidali. Froga hasi aurretik baina, bertan tela zuri- laranjaren bat aurkitu beharko nuen susmoa izan dut. Antxo Handiak eraikia, Iruñeako Erreinuko bi hiriburuen lotura errazteko eraikitako zubi ederra izan zen, Naiara eta Iruñea lotzeko alegia. Guar egun baina, iraganeko aztarna hutsak diraute. Baina esan bezala, ez dutenez horrenbesterainoko kilometroak mapan sartu, txunditu nauen herri señorial ederrean egin ditugu azken saiakera orientagarriak.
Helmugarako zuzenean eskailera heze batzuk egin didate harrera. Betaurrekoak sudurraren erdian ditut, hor nonbait. Urrutirako eta gerturako distantzian ezin moldatu. Ganoraz batu ditut Eltziegoko frogak eskainitako baliza guztiak; arlanduzko etxeetan barna ezezik, mahasti kromatikoren batean ere galduta, gozatzen.
Erropa izerdituak erantzi, lehorrak jantzi eta “S” hizkiz idazten den Biasteri herrira bueltatu gara. Egun Laguardia erabili behar omen da izen ofizial bezala, bai euskaraz, bai gazteleraz. Diotenez gertu zegoen Biñasperi izeneko herrixka batekin nahastu zuten Laguardia eta ondorioz, euskarazko izen bezala Biasteri ezarri. Kontuak kontu eta goizari bukaera enoturistiko bat eman nahian edo, harresitik kanpo den taberna batean sartu gara. Hautsez apaindutako ardo botila batzuen aldamenean “ Hemen, etxeko ardoa dugu” dioen ohar bat irakur daiteke. Oñatiko Guria tabernan zerbitzatzen zuten “eskilapeko” izeneko ardoarekin gogoratu naiz. Biura mahatsez eginiko bi ardo zuri eskatu dizkiot. Feskoak eta orekatuak. Eguna bezalaxe.



