BI BOTILA ARDO

Ezagutzen nauzuenok jakin badakizue ardozalea naizela. Ez dago ardo txarrik, gustoka izan ala ez, horra hor ezberdintasuna. Ardoaren kultura oso errotua dago geurean. Asko dira kalean ohiko poteon ardoa edaten duten txikiteroak; baxoerdiak edaten dituzten gizasemeak alegia. Tabernariak zerbitzatzen duen ardoaren herena edalontzian uzten duten txikiteroak ganorazko erronda egiten dute herriko tabernetan zehar. Aitzitik, desagertzeko zorian dagoen espezie bat bilakatu da. Badira ere, kalimotxoan ardoa edaten dutenak edota garai bateko gasarekin, egun gaseosarekin, edaten dutenak ere. Eta zer esanik ez nerabeen artean arrakasta izaten ari den limarekin nahastutako ardo txuri malapartatua. Nik baina, beste multzo batean kokatuko nuke neure zaletasuna; batzutan bakarrik, bestetan konpainia onean, hiruzpalau ardo  edatea gustatzen zaion ardozalea naiz.

Modan ere badago. Horren ezagunak ei diren telesailetan, dexentetan ikusten dugu ardoaren presentzia. Edozein elkarrizketari zentzua emango balie bezala, antzezleen ardo bete kopak dira bigarren mailako protagonista behartuak. Hamar urtetik gora duten telesailetan wiskia da ohikoagoa eta ardoa agertzen bada, kopen lekuan edalontzi arruntak dituzte aktoreek eskutan.

Gabonetako egun hauetan ardoaren kontsumoa handitu egiten da; kalean ezezik etxean ere, zabaltzen dugu ardo botilarik. Maiz gertaera handiren bat ospatzeko gordeta dugun botila zabaltzen dugu. Denbora  luzez armairuan egotera kondenatu dugun botila.

Gabon gauean duela 23 urte ekoiztutako ardo botila bat edatea erabaki nuen. Arabar Errioxako Eltziego herrian dagoen Muriel upeldegiko ardo bat.  Ardo onduak dagoeneko, urteak ez baitira aldferrik pasatzen, kolore marroixka bat zuen; zerbait esate aldera, geriza kolorerik ez zuen inondik inora. Zabaltzeko keinua egin ahala, hau da,  kortxoa- kentzekoa kortxoarekin kontaktuan jarri bezain laster, otu nintzen. Kortxoa erabat ustelduta zegoen. Kostata atera nuen apurtutako kortxoa. Ardoa alferrik galduta zegoen. A ze disgustua!!

Exif_JPEG_420

Honi baina, irtenbide bat bilatzeko moduan nengoen. Izan ere, banuen tankerako beste botila bat ene upeldegi xumean. Bastida herriko Erremelluri upeldegiko erreserba batek bigundu zigun Murielek sortutako atsekabea. Ardo hau ere, aurreko mendean ekoiztutakoa zen; 1999an hain zuzen ere. Kortxoa egoera onean zegoen, ardoa ederto babestu duen seinale. Zabaldu eta dekantatu ondoren dastazea besterik ez zen falta izan. Tenpranillo eta garnatxa motako mahatsez egindako ardoa; geriza kolore ederra, pikota heldua, erribete granate bizikoa. Mundiala.

Halere, ez dut behingoan ahaztuko urte dexente dituzten ardoak eskaini ahal dizkiguten disgustuak. Ardoak ere alferrik galtzen dira eta askotan, inoiz heltzen ez den gertaera hori ospatzeko gordeta izatea, zentzugabekeri galanta da. Badut hurrengo bazkari edo afarirako beste bat dastazeko asmorik, honek ere urte dezente ditu dagoeneko. Ea bada.

<< Ardoak gure kezkak grabitzen ditu, arima azkeneraino bustitzen du eta tristuraren sendatzea ziurtatzen du>> Lucio Annea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude