Herritarrak ei ziren bertako gaixoak. Entzutetsua izan zen, edo da, herrian aldrebeskeria. Oraindik ere, geurean dugun birus malapartatu honek, bazterrak nahastu zituen Bastida herrian eta herritarrak gaixo egotetik, herria bera eri egotera pasa zen. Beharbada, telebistetako iritzi emale sasi- adituen erruz, edota, zergatik ez, horrela nahi izan zuelako interesatuak.
Briñas herria zeharkatu ahala, garai bateko kontuak etorri zaizkit gogora. Bastida herrira iritsi aurretik, aldapa gaiztoa igotzen ari naizen honetan, ordu txikitan eta argirik gabe, behin korrika igo nuela gogoratu dut. Haron auto- stopa egin, eta Buradongo jaietara zihoan begi irtendun gazte batek eraman gintuen kotxez “ El Portal de La Rioja” izen xelebreaz ezagutzen den gaintxoraino. Bertatik, eta zainetan oraindik ere, ardoa genuela, etxerako bidea hartu genuen hala moduz.
San Gineserako bidean gara. Izan ere, Toloñoko mendizerran zehar bueltatxo bat egitea da gure asmoa. Gure harridudarako autokarabanez josita dago. Jakin badakit Kanogaleko aparkalekuan sarri izaten direla autokarabanak baina San Ginesekoak zinez harritu nau. Ez da ohikoa izaten. Aparkalekuan pare bat buelta eman ostean lortu dugu autoa aparkatzea. Toloñorako bidea hartu bezain pronto, Malenek Bastidako konturen bat kontatu behar diodan galdetu dit; istorioek aspertuko duten beldur da, horregatik, abisua.
Gaur bisitatuko dugun mendiak Nafarroako Erresuman aparteko garrantzia izan zuela bota diot; bertan eta egun Arabako Errioxa bezala ezagutzen dugun lurralde osoan, ugari izan ziren Gaztelako erasoak zaintzeko gaztelu eta gotorlekuak. Maleni arnasestu ahul bat nabaritu diot eta honek bidea eman dit beste konturen batekin jarraitzeko; oraingo honetan, nerabezaro gordinenan Toloño mendian gaua pasa izan genuela esan diot. Gaubelan uda ikaragarri haietako abenturak errepasatzen genituela argi horidun linterna baten babesean. Ziskusfatuseko txamizoko zurrakapotea edan genuenekoa edota gaztainondotako burnizko eserleku urdinetan gertatukaok azaldu dizkiot ere. Dena ezin kontatu ordea, Gaizkaren bodega txikian epeldu edota egositakoak beste baterako gordetzea hobe.
Ezagunak ere badira, gailurrerako bidean ikus daitezkeen erosio fenomenoak. Lurtadura hauek Mairuaren Zurrustak bezala ezagutzen dituenik ere bada, nere iritzi apalean, okerreko izendapena. Iñigo eta Iñiguez aita seme traidoreak bertatik botako nituzkeela esan diot Maleni; Nafarroako Erresuma utzi eta Haroko jaun bilakatzeko Gaztelako erregearen alde borroka egitera pasatu ziren taridoreak alegia.
Hiru ordu inguruko bueltatxoa egin ostean heldu gara San Gineseko aparkalekura. Maiderrek Ertzaintzak atsedenguneko mahaietan ziren igandezaleak ohartarazi dituela komentatu digu. Oraindik ere birusaren faseak, puzlea bailiran, hutsuneak bete nahian dabiltza antza. Azkar batean egin ditugu atsedenlekuan egin beharreko azken kontuak; kotxea hartu eta autokarabarik gabeko Kanogaleko aparkalekuan utzi dugu autoa. Oraindik ere, tentsioa nabari da horren herri zigortuan. Katamalotxuak aurpegian ditugula atera gara aparkalekutik. Alabek saiatzeko eskatu didate; ezagunen batekin trikits eginez gero, agur arrunt bat nahikoa dela azpimarratu didate. En fin….
Errepide bazterrean dagoen taberna aukeratu dugu bazkaltzeko, La Cervecera izenez ezaguna den taberna udatiarra alegia. Aldaketa batzuk nabari dira tabernan. Batetik, Tabernarako sarrera lekuz aldatu dutela konturatu naiz; agian, oztopo arkitektonikoak saihestu aldera. Bestetik, mostradore ingurutik atera eta pilotalekuaren atzeko aldera eramaten zuen pasadizu txikia desagertu dela ikusi dut. Bazkaltzen hasi ahala eta nire mahaikideen etsipenerako, eguneko azken batailatxoa kontatzera ekin diot. Pilotalekuan jokatzen genituen futbol partidu beroen gozamenaz mintzatu naiz eta nola ez, haurrak ginela egarria hasetzeko aipatutako Cervecerako mostradore gainean jartzen zituzteen plastikozko txongil edo botijo haien existentzia aipatzen ere ausartu naiz.
Aitta nahikua da , ez???? – Malenek serio.
Ardo beltza dastatzen naizela ekarri ditut gogora beste hainbat kontu eta abentura. Horrenbeste eskaini eta eman didan herri aberatseko kontuak. Bastidarren xalotasuna eta prestutasunaz. Urteen buruan eginiko lagunez.
Maskarila edo katamalotxuek okerreko protagonismoa dutela egin dugu alde bertatik. Briñasa gerturatzearekin batera, autoko leihotik Toloñora begiratu dut. Gaztelu zaharraren bila nabil, gotorlekuak herria zaintzen jarraitzen duen ziurtasuna dut.