KROSAK ONDOEZIK?

OK Magazinerako idatzitako iritzi artikulua

Urtarrila amaitzear den honetan, kros denboraldia ere azken txanpan sartzera doa. Nazioarteko egutegian ditugun krosak ospatu dira degoeneko eta orain, otsailean, Euskadiko txapelketa baino ez da geratuko aurtengoari agur esateko.

Ezagutzen nauenak jakin badaki zenbat estimatzen ditudan krosak. Benetako atletismoa bizi izaten da horrelako lasterketetan. Geurean zorionez, kros denboraldiko egutegia aberatsa da, alegia, lasterketa ugari ospatzen dira lokatzetan. Halere, ez da aparteko ausardiarik behar krosek azken urtetan behera egin dutela esateko.

Nolabaiteko galera hau azaltze aldera, arrazoi ezberdinak egon daitezkeelakoan nago. Alde batetik ditxosozko arazo ekonomikoa legoke. Puntako lasterketa bana zuten EAEko herrialdeek duela gutxi arte; Laudiokoa Arabak, Zornotzakoa Bizkaiak eta Elgoibargoa Gipuzkoak. Gaur egun, ganorazko diru iturririk gabe, Laudiokoak Nazioarteko izaera galdua dauka. Zornotzakoak, aurtengoan, aspaldiko mailarik baxuena izan du eta zorionez, Mugertzaren oroimenezkoak mailari eutsi dio.

Badira Gipuzkoan aipamen berezia merezi duten beste bi kros ere. Donostiako Nazioartekoa eta Errege egunez ospatu izan den Uliakoa. Lehenengoak egundokoak egiten ditu urtero Lasarteko zalditegian lasterketa txukun bat ospatu ahal izateko. Bigarrena berriz, “herrikoitu” beharrean izan dira; korrikalari ez federatuek ere har dezakete parte eta honekin bigarren diru iturri bat ziurtatzea lortu dute.

Baina bada arduratzen nauen beste arrazoi bat ere. Kros egutegia egiterako orduan bata besteari kalte egiteko moduko kontuak ikusi ahal izan ditugu. Esate baterako, aurtengoan, Uliakoa eta Zornotzakoa egun berean ospatu dira eta gainera, aste betera Araba zein Bizkaiako txapelketak jarri zituzten. Korrikalariak bata ala bestea aukeratu beharrean izan ziren eta kontu honekin denak eta denok galtzen dugu.

Krosetan atletismoa arnasten da; ederrak dira ikusteko eta parte hartzeko. Erakunde eta gainerakoei lasterketa hauek ganora gehiagorekin laguntzeko eskatuko nieke eta Euskadiko Federazioari berriz, berari badagokio bederen, egutegiaren arazoa aztertzeko.

IMG-20131208-WA0000

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude