Goizean esnatu naizenean gogoratu dut bizarra mozteko garaia heldu zaidala. Eskua aurpegitik pasa dut lau egunetan atera zaizkidan lau ileak bertan ziren jakiteko. Kafe beroari azukrea botatzen ari nintzela, bizardun ugari etorri zaizkit gogora; Xabier Lete abeslaria eta San Jose izeneko aintzinako futbolari andaluziarra esaterako. Halere, jakin badakit, bi hauen traza hartzeko hiruzpalu urtetan ezin izango nukeela bizarrik moztu.
Beste behin, atxurrarekin bizarrak erraz mozten direla frogatu dut. Hortzak garbitu eta goizeroko dutxa hartuz bukatu ditut komuneko kontuak. Sukaldera iritsi naizenerako marrubizko marmelada tostadan zabaltzen ari zen etxeko txikiena; goizero lez, <<egun on txiki>> esan eta muxu bat eman diot. Harridura keinu bat nabaritu badiot ere, ez du apartekorik esan, ez du apartekorik egin.
Alabetan txikienari beste bi sorginak batu zaizkio berehalakoan. Hauen aurpegietan harridura keinu bera nabaritu dut. Aurpegiera ilun eta zitalak nire itxura berria salatu du; eta orduan, berehala, Xabier Lete Diego Garcia bilakatu da.
Etxetik zalapartaka atera gara. Ohikoa izaten da geurean. Gainera, gaurkoan, bibotean ere, kolonia pittin bat bota behar izan dut. “ Katua bibotia garbiketan ari bada….eurixa laister”
Azaroa November ei da eta nombait, Movember ere.