LEGE BAT INAUTERIETAN

Inauterietako jaietan gaude bete betean. Hitzordu ugari izan ditu asteburuak; askok Tolosan egingo zuten dantzan bertan izaten diren txaranga martxosoekin, betse batzuk aldiz, Oñatin geratuko ziren bertako giroaz gozatzen. Asteburu borobila izateko ahaleginean, zerbait falta izan zaio nonbait. Izan ere, bertan behera geratu dira amateur mailako futbol partida guztiak.

 

Espainiako Gobernuak ezarri gura duen lege xelebre batek izan du errua. Hartu nahi dituen neurri batzuen artean futbol taldeen laguntzaileak nominan izatea edota gizarte segurantza ordaintzea daude; horrela, lege honek talde askoren bizi iraupena kolokan jarriko lukeenez, eta gaiaren garrantzia kontuan izanda, Euskal Federakundeak hirugarren mailatik infantil mailarako partida guztiak bertan behera uztea erabaki zuen. Agian, talde jakin batzuetan, hauen egoera ekonomikoaren lizentziapean, posible litzateke horrelakorik baina legea orokorregia denez, bideraezina dela iruditzen zait.

 

Kez beteriko gortina baten gisan azaldu zaigu ditxosozko legea. Gobernu espainiarrak inauterietako jaietarako prestatutako mozorro bat bailitzan aurkeztu du legea. Horrela baitago legeen dantza, maskaren dantza; hipoteka ezin ordainduta dabilena bere etxetik kaleratu baina Banketxeak diru publikoz hornitu, erreskatatzen dituen dantza. Futbol talde aberatsak gero eta aberatsagoak diren bitartean, amateurrak torero mozorroa jantzi beharrean daude Madriletik bidalitako faenarako.

 

Futbolera begira ekoiztu den legea da nonbait. Beste kirol batzuetara zabalduko den beldur ere banaiz. Mozorro eta maskarek zerbait dute ezkutatzen eta gu, badaezpada, torero jantzita egongo gara zai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude