TXAPELAK ETA TXAPELDUNAK

amets

               Urteari bukaera emate aldera edo, txapelak banatzen hasi dira han eta hemen. Euskaldunok irabazlea txapel batez saritzeko ohitura dugu; Txapeldun hitza norgehiagoka irabazi duen pertsona izendatzeko erabiltzen dugu. Izen dotorea, borobila. Eta borobilak izaten dira txapeldunak egiten dituen saioak, irabazleak egiten dituen ahaleginak eta ikusle eta zaletuok jasotzen ditugun irudiak.

Txapelik goiztiarrena larunbatean banatu zen Gasteizen; Ogeta pilotalekuan Aimar Olaizola eta Irujoren arteko norgehiagoka jokatu zen. Partidu ederra jokatu zuten bi pilotari nafarrek; Aimarrek jantzi zuen, berriro ere, txapela. Dagoeneko zazpi ditu Goizuetako hormaren baten zintzikilatuak. Irujo ederto hasi bazen ere, Aimarrek lau t’erdiko kaiola hobeto kontrolatzen du Iberokoaren kalterako.  Olaizola txapeldun.

Igande goizez txapel ugari izan ziren korrikalarien buruetan. Goizeko hotzak derrigortuta, burua estali beharrean izan ziren Arabako hiriburura gerturatu ziren antxintxikalariak. Euskadiko maratoi erdiko txapelketa zen jokoan eta benetako txapela, txapeldunaren txapela, alegia, Kike Sebastian aguraindarrak jantzi zuen.  Eta Azpeitia aldean ere, izan zen txapelketarik; bertan, Gipuzkoako cross txapelketa jokatu zen. Asier Cuevas handia gogoz saiatu bazen ere, txapela Segura aldera eraman zuen Eneko Agirrezabal gazteak. Eneko eta  Kike txapeldun.

Iparraldera joan zaigu asteburuko txapelik borobilena. Euskal Herriko Bertsolari txapelketaren finala izan zen atzokoan. Amets Arzallus lapurtarrak irabazi du txapelketa. BEC delakoa beteta, bertso festa nagusitu zen. Zortzi bertsolariek saio aparta eskaini zieten gerturatutakoei; bertso sakonak, hunkigarriak….<<Txapel batekin bi buru ezin estali >> dio esaera zaharrak; baina atzokoan txapeldunak txapela aitarena behar zuela izan esan zuen, beti ere, amari eskaintzen zion bitartean. Amets txapeldun.

Inguruan ere izan da ekitaldirik. Arrasaten Santamasetako krosa jokatu zen igandean. Ane Zabala arrasatearrari jarri zioten burukoa. Giro ederrean egiten den lasterketa bat izaten da. Ea datorren urtean bertan izaten naizen.

Laster baten txapeldunik ospetsu eta handiena etorriko da geurera. Zorion, borondate eta epeltasunaren txapelduna, Olentzero. Bihen bitartean asteburukoekin  disfrutatuko dugu eta bide batez, ahaleginean aritu diren beste guztiekin. Txapela buruan eta ibili munduan. Ondo izan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude