ITV

                Automobilek gastu aldrebesak sortarazten dituztela, jakin badakigu. Lau hitz hauek idazten dituen pertsonai aldrebes honek ere, ohiko gastu horiei beste batzuk gehitzeko erraztasun itzela erakutsi du asteburuan. Bilbotik Arrasaterako bidea autopistaz egin eta peajean Hertzainek geratu eta ITVko paperak eskatu zizkidaten; orduan, konturatu nintzen otsaila adierazten duen laukitxoan zuela zulotxoa pegatinak. Beraz, bi hilabeteko atzerapena.

                Isuna poltsikoan sartu eta lekurik kondenatuenean irudikatu nuen hertzain malapartatua. Halere, oraindik ere, ITVa nork pasatu beharko duen galdetzen diot ene buru xelebreari; agian, ni neuk  aztertu beharko ditut buruko argi ta intermitenteak. Behe lainoak lausotzen dizkit aieneak.

                Ostiralean Berdintxiketan saio berri bat izan genuen Oñatiko kaleetan. Eguraldi eskasak edo, korrilalari gehiagoren partehartzea galarazi zuen antza.  Dena den, lasterketa ostiralean ospatzeak ere izango du eraginik. Ostiralekoaren aurkako lepotik egin zen Pasaia eta Hondarribia lotzen dituen mendi lasterketa; bertan, aurreko astean etxean ederto ibili zen Letamendik lan bikaina egin zuen. Talentu eta dohia itzelak ditu  Sanestebangoak. Eta aipatu ere, Aitzgorriko maratoia ate joka dabilen aldetik, Arratzuko mendi lasterketan Jokin Garaik egindako lana; isil isilik, maila polittaren jabe egin da Trianakoa. Biak ala biak, ITVa ganoraz pasa dute, ez da?

                Eta aipamen berezi bat Cuevaslagunarentzat. Europako txapeldun berria dugu Eibartarra. 100 kilometroko lasterketa irabazi du asteburuan. Itzela, handia, txapelduna.

                Nolabaiteko inspekzioak behin eta berriz eskas samar pasatzen hari denik ere bada geurean. Euskaltel txirrindulari taldeak ezer gutxi egin du orainarte. Larunbatean Giroa hasiko da Italian eta Romandian baino talante hobeagoa erakutsi beharko du talde laranjak. Eta azterketara iristeko aukerarik gabe gelditu denik ere ezagutu dugu asteburuan; Pablitok Akilesean izandako lesioak mutu utzi zuen frontoia. Irabazleek  gogo txarrez jantzi behar izan zuten txapela; ITVaren faltan, Akilesek baldintzatu baitzuen norgehiagoka.

                Eta ITVrik gaiztoenean notarik altuena aterako lukeen talderik ere bada geurean. Erreala zeruraino altsatuko nuke. Nolako jokoa, nolako poztasuna; atzokoan partidua ikustearekin batera  isunaren kontua azkar asko ahaztu zitzaidan.  Lo gustura egin dudan arren,  esnatzerakoan hertzainaren mostatxoa etorri zait gogora eta bigotearekin batera isuna.

                Aste dotorea dut. Emaztea Tenerife aldean dabil hiru alabekin. Larunbata bitartean solteroaren gotorlekua bilakatuko da Motxon kaleko kabia. Igande goizean emango diot pasadaxo dotore bat; emaztea datorrenerako paregabe egon beharko da. ITV berri baten momentua izango baita. En fin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude