Hainbeste bilera eta entsegu ostean, heldu da helduen dantzari eguna. Aurten lehenengo aldiz Aretxabaletan ospatuko da. Dena prest genuela pentsatua, material guztia kotxean sartu eta Aretxabaletara joan gara. Behin bertan gaudela eta traste denak ondo ipinita, hor hasi dira ezustekoak, bati txapela falta, beste bateri galtzak eusteko gomak, beste bati galtzerdiak… Hau kaosa. Hala ere, saio nagusia hasterako denok prest eta saioaren neurrira jantzita egon gara. Saio nagusia hasi aurretik, kalejira bat egin dugu dantzari guztiak herrian zehar, herriko plazan amaitu arte. Ondoren, beti bezala Agurrarekin hasi gara eta beste hainbat dantza ezberdin egin ditugu, besteak beste: Arabako popurria, domingillo, Bizkaiko dantzak… Herri bakoitzak bere momentu berezia ere eduki du, dantza berezi bat eginez, gure kasuan Antzuolako jaietako alardean egiten den zortzikoa erakustea aukeratu dugu. Goizeko saioa amaitu ostean, bazkaltzeko ordua iritsi zaigu, eta Aretxabaletako kalean ederki asko bazkaldu eta gero, taldeen arteko jolas batzuk egin ditugu. Hura poza eta jolas gogoa! Arratsalderako, txistulariak lagun, dantza-poteo kontzeptua landu dugu, herrian zehar kaleak musika eta dantzaz alaituz. Hor ez da talde desberdinik izan, guztiok izan gara talde, dantzari; eta batzuk ilundu arte ere eutsi diogu. Poteoari amaiera emateko bidailagun izan ditugun txistulariei Agurra eskeini diegu, hurrengoan ere gurekin izan daitezen. Gertu gaude Baiarako Dantzari Eguneko 25. Urteurrena gertatzen hasteko!!!

Utzi erantzuna