Aste osoa zerura begira egon ostean, eguraldiari so, iritsi da Antzuolara azken hilabetean zehar antolatzen ibili garen Haurren Dantzari Eguna. Aurten inoiz baino dantza talde gehiago egon gara, guztira 8, eta 300 dantzaritik gora.
Eguraldia lagun izan ez arren, ateri zen tartetxo batean herriko kaleak dantzaz betetzera joan gara. Hainbat tokitan dantza egin ondoren eskolako patiora bidea hartu dugu, eta polita izan da antzuola bezalako herri txiki batean nolako dantzarako afizioa dagoen ikustea.
Batzuentzat lehen aldia izan da dantza kalean egiten, beste batzuk berriz ohituta daude, baina herrian egiteak daukan garrantzia hori gaztetxoen urduritasunean nabari da.
Goizeko Saioa primeran joan da, eta guztiok dantza egin eta gero bazkaltzeko ordua iritsi da. Bazkariak indarrak hartzeko balio izan digu arratsaldeko saioa gogotsu hasteko. Bertan herri bakoitzak dantza berezi bat egiteko aukera izan du eta guk, etxekoak izanik, bi. Igitai dantza zoragarri bat eta banako jendetsu bat, oilo-ipurdia jartzeko bestekoa!
Egunari bukaera ezin hobe bat emateko, guztiok batera fandango eta arin-arin bat egin dugu.
Utzi erantzuna