Ekainan 4an, Bergarako jaiekin batera, Soraluzeko Euskal Jaira joan ginen 33
dantzari, 4 arduradun eta 2 txistulari. Eguraldi tristearekin hasi genuen eguna, eta, orduak
pasa ahala, ez zen asko hobetu.
Dantzari askok lehen aldia zuten herritik kanpo dantza egiten, besteek
bigarrena; beraz, urduritasuna, ilusioa eta ezinegona nabarmenak ziren autobusa
hartu bitartean. 9:30ak aldera abiatu ginen Plaentxira.
Euskal Jaia gustora eta indartuta hasteko karapaixo ederra jan genuen;
ondoren, gainontzeko dantzariak heltzen ari ziren heinean, eta aterrunea aprobetxatuta,
kalejiran irten ginen ausart-ausart. Zubian dantza pare bat egin eta euriak kiroldegira
bidali gintuen orduan.
Behin kiroldegian, dantza batzuk egin genituen talde denak iritsi bitartean, eta
ondoren, denok batera, alardeari ekin genion. Oinaringoek TXANKARRANKUA,
MAKIL-TXIKI MISTOA, TXAPELOAZ eta TXULALAI dantzak egin genituen.
Goizeko alardearen ondoren, bazkaltzeko ordua heldu zen. Umeak bi talde
haunditan joan ziren bazkaltzera, eta nagusiok gainontzeko herriteako arduradun eta
musikariekin bazkaldu genuen.
Arratsaldeko saioa 17:00etan hasi zen; berriz ere alpargatak eta zapiak jantzi
eta BANAKOA, LUZAIDEKO ESKU-DANTZA eta ITURRIA dantzatu zituzten umeek.
Goizean bezala, arratsaldean ere publikoaren zati handi bat Antzuolako gurasoek osatzen
zuten: horrek animoak! aupa zuek!
Azkenik, dantzak amaituta, Antzuolara bueltatzeko ordua iritsi zen,
sorpresaz beteta: Gorkari txerrikume bat, gazta eta ardaoa tokau zitzaion zozketa baten
(bazkari goxo bat egin beharko da, ezta?); umeendako ere goxoki batzuk eman zizkiguten;
eta autobus gidariak magia saioa eta alboka joaldia eskeini zigun (haur batek esan
bezala, “superautobusa tokau jaku!”).
Utzi erantzuna