Haur dantzarien eguna izan zen hilaren 29an Aretxabaletan. Guztira lau herritako taldeak elkartu ziren: Aretxabaleta, Soraluze, Antzuola eta Arrasate. Azken honetako taldeak bi izan ziren.

Eguzkitsu hasi zen eguna, umeak gustura zebiltzan alde batetik bestera karapaixoa eskuan zutelarik. Behin hamaiketakoa eginda, plazara gerturatzeko ordua iritsi zen eta bertatik, auzo desberdinetara joatekoa dantza desberdinak eginaz.

Antzuolarrak Arrasateko Txikitxu dantza taldearekin ibili ziren goizean zehar herriko kaleak alaituz. Umeetako batek goizeko saioa amaitu ostean halaxe esan zigun: “dantza gaizki egin dugu, baina karapaixoa ona zegoen”. Dantzak bukatu ostean bazkaltzeko ordua iritsi zen.

Bostetean hasi zen arratsaldeko saioa herriko pilotalekuan. Ordubete inguru iraun zuen eta bien bitartean dantza desberdinez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutako guztiek. Agurrarekin eman zitzaion hasiera saioarik betiko lez, eta honi jarraiki kaskarrotz edota zazpi jauzi bezalako dantzak ikusteko aukera egon zen.

Behin saioa amaitu ostean, ume guztiak autobusetara joan ziren herrietara itzultzeko. Egun borobila izan zela esan dute antzuolarrek, ondo pasatu zutela.