Mondraren batzar orokorra hilaren 17an

Mondra futbol taldeak batzar orokorra egingo du hilaren 17an, Kulturateko bigarren solairuan; 18:30ean da lehen deialdia, eta 19:00etan, bigarrena. 2012-2013 denboraldiari dagozkion azalpenak eman eta 2013-2014rako aurrekontua aurkeztu eta onartuko dute. 100. urteurrenez ere berba egingo dute eta inork zuzendaritzarako hautagaitza berririk aurkeztuz gero, bozketa ere egingo da.

Ondorengoa da gai-zerrenda:

  • Presidenteen ongi-etorria.
  • Irakurketa eta aurreko aktaren onarpena.
  • 2012-2013 denboraldiko kirol azalpena.
  • 2012-2103ko diru-kontuen azalpena.
  • 2013-2014rako aurrekontuaren proposamena eta onarpena.
  • 2013-1014rako kirol proiektua.
  • 100. urteurrenaren azalpena.
  • Kandidatura berriak baldin badaude klubaren zuzendaritzako, bozketa egingo da.
  • Galderak eta eskaerak.

Zuzendaritzarako hautagaitza berriak

2012-2013 denboraldia bukatuta eta 2013-2014 denboraldiaren atarian, zuzendaritzatik gogora erazi diete bazkideei batzar orokorrean hautagaitza berriak aurkezteko aukera dagoela. Baldin eta zuzendaritzarako hautagaitza berririk aurkezten bada, hauteskundeak egingo dituzte batzarraren egunean, hilaren 17an.

Hautagaitzak aurkezteko bete beharrekoak:

  • Hautagaitza osatzen duten pertsonen izen-abizenak.
  • Hautagaitzaren berri idatziz jakinarazi klubaren egoitzan.
  • Epea: hilak 15.

Mondraren proiektu berrirako, entrenatzaile eta kirol zuzendari berriak

Gaur arratsaldean Mojategin egindako agerraldian aurkeztu dituzte Mondrako lehen taldeko entrenatzaile berria izango den Gotzon Urtzelai eta Abel Maestre, klubeko kirol zuzendari berria. Zuzendaritza batzordeko kide den Ramon Azkaratek adierazi du datozen hiru urteetarako kudeaketa eta kirol ikuspuntutik proiektu berria jarri gura dutela martxan, eta gazteek izango duten protagonismoa aurkeztu du.

P1220725

Etorkizunera begira sustraiak jarri eta hortik gora egitea. Horixe da, Mondrako zuzendaritza batzordeko kidea den Ramon Azkarateren esanetan klubak hurrengo hiru urteetarako  planteatu duen proiektuaren helburua. Azkarateren esanetan proiektu horretan taldeko jokalari gazteek berebiziko garrantzia izango dute: “Herriko jende gaztea gura izan dugu taldean, orain arte lehen taldean jokatzeko aukera izan ez duena. Ea esperientzia hartzen duten; badago jendea Mondra goian egoteko”. “Helburu moduan, Zuzendaritzari  igotzea datorkigu burura, baina badakigu zaila dela. Beraz, igo ez arren  ditugun beste helburuak betetzen badira, ez da ezbehar bat izango”, gaineratu du.

Gazteekiko egin duten apustu horrek ekarri du Azkarateren esanetan, Gotzon Urtzelai bergararra entrenatzaile moduan hartu izana: “Bagenituen erreferentziak, badakigu nola lan egiten duen eta gure bide beretik doa: jende gaztearekin lan egitea gustatzen zaio, nahiz eta taldean beteranoren bat ere egongo den”.

Erronkarekin pozik

Azken urteotan UDAko alebinen entrenatzailea izan den Gotzon Urtzelaik bere aldetik, adierazi du beretzat aurrerapauso bat dela Mondrako entrenatzailea izatea. “Erronka berri ba da guretzat, eta oso gustura gaude”. Berarekin batera ibiliko da entrenatzaile laguntzaile lanetan Jon Iregi. Dagoeneko hasi dira taldearekin lanean (gaur egin dute bigarren entrenamendua): “Jokalariek gu,  guk jokalariak eta eurak euren artean ezagutzea da asmoa. Ea jendea ezagutzen goazen, dinamika onean sartzen garen eta urtea ondo hasten dugun” gaineratu du entrenatzaile berriak. Abuztuaren 19an hasiko dute aurredenboraldia; liga, aldiz, irailaren 22an.

Kirol zuzendari berria

Entenatzaileaz gain, kirol zuzendaria ere berria izango da aurrerantzean. Abel Maestrek hartuko du kargua,  alebinetatik hasi eta lehen talderaino. Gazteekiko apustua berretsi du: “Talde polita da, eta sendotasuna dagoen lekuan, gauzak irten egiten dira”.   Klubaren norabidea guztiz aldatzeko asmoa  ere adierazi du Maestrek: “Oinarri aproposak ezarri nahi ditugu; talde kultura egon dadila, Mondra familia bat izan dadila “. Bai klubaren eta baita bere aldetik ere entrenatzaile berriak babes osoa izango duela gaineratu du, eta formetan erabatako aldaketa iragarri du: “Irribarreak ikusi nahi ditut, ez aurpegi tristeak eta alferrikako errutinak”. “Hau kirol bat da, joko bat, beraz goazen ondo pasatzera”, gaineratu du.

Realaren kontrako partidua

Mondraren 100. urteurrenaren harira, Mondrak eta Realak lagunarteko partidua jokatuko dute datorren astean, uztailaren 12an Mojategin. Klubetik partidura joateko deia egin diete zaleei, besteak beste taldeari ekonomikoki laguntzeko ere balioko duelako. Arrasateko Tantaka, Rumba, Monte, Kajoi eta  Ziorla tabernetan egongo dira salgai sarrerak, eta Aretxabaletan, Oñatin eta Bergaran saltzeko asmoa ere azaldu dute. 12 urtetik gorakoendako 10 euro balioko du sarrerak; gaztetxoendako, aldiz, 3 euro.

Oihan Vitoria (Dokumentalaren egilea): “Belaunaldi ezberdinetako jendea batu dugu 100 urteak kontatzeko”

80ko harmarkadan Jose Letonak hartu zuen talde zuri-morearen historia kontatzeko lana. 30 urte geroago, 100. urteurrena beteta, Oihan Vitoria (Arrasate, 1991) eta Jokin Uribeetxeberria (Arrasate, 1989) arduratu dira historia osatzeaz, ikusentzutekoa eginda.  Huheziko ikasle hauek egindako 32 minutuko dokumentala datorren martitzen eta eguenean erakutsiko dute jendeaurrean, 19:00etan, Kulturaten.

Zer dela-eta okurritu zitzaizuen lan hau egitea?

Ikusentzuteko Komunikazioa ikasi dugu Huhezin, eta gradu amaierako proiektua egin behar genuen. Hala, ze gai aukeratu erabakitzen ari ginela, Jokinen lagun Xabi Pavonek [Mondrako jokalaria] aipatu zion Mondrak 100 urte betetzen zituela aurten. Hor sortu zen ideia. Mondrako zuzendaritzari proposamena egin genion, unibertsitatearen baietza izan ostean. Eta Mondrakoei ideia oso ona iruditu zitzaien, besteak beste, urteurrenari bultzada emateko lagungarria izan zitekeelako dokumental hau. Eta, lanean hasi ginen.

Unibertsitatean dagoeneko aurkeztu duzue lana, eta badakit oso nota ona izan duzuela.

Bai, gu gustora geratu gara lanarekin, eta Mondrako zuzendaritzakoei ere asko gustatu zaie. Egia da, baina, unibertsitateko notarekin batera, herritarren iritzia ere oso garrantzitsua dela guretako, akaso garrantzitsuagoa, eta balorazio edo kritika horiek lana jendaurrean erakusten dugunean jasoko ditugu: Mondrako zaleek zer dioten, herritarrek… Eta, dokumentalean elkarrizketatu ditugunen iritzia ere garrantzitsua da guretako.

Zer erakusten du dokumentalak? Aurrerapen bat egiterik?

Garbi dago 100 urte orduerdi pasatxoko lanean batzea oso zaila dela, gainera, zerbait erakargarria egin nahi genuen, ikuserraza. Lana elkarrizketetan oinarritzen da, belaunaldi ezberdinetan protagonista izan direnak batu ditugu, eta penaz ere geratu gara, Mondran zeresana eman duten jokalari asko utzi ditugulako kanpoan. Baina ezinezkoa zen denak batzea.

Hala, Letonaren liburua erabili genuen gu ondo kokatzeko, pertsonaia esanguratsu batzuk identifikatzeko, baina ez genuen kontakizun kronologiko bat egin nahi. Bestalde, Mondrako artxiboko eta Arrasate Press-ko argazki zaharrak erabili ditugu, eta baita Goiena Telebistako irudiak ere; lana osatzeko lagungarri izan dira horiek, baina esandako moduan, elkarrizketak dira dokumentalaren oinarri.

Zeintzuk azaltzen dira? 

Guztira 15 pertsona elkarrizketatu ditugu, euren bizipenak, anekdotak jaso ditugu… Hamarkada bakoitzeko ordezkari ezberdinak azaltzen dira dokumentalean, esaterako, azken belaunaldikoak Laspiur eta Ruben Rueda, Jose Luis Ezkurra presidentea, Realera salto egin zuten Aranbarri, Kortabarria, Sagasta, Aitor Lopez Rekarte, Mikel Gonzalez… Eta, emakumezkoen ordezkari moduan, esaterako, Rosi Catanga eta Sokoa Azkarate. Horiek adibide batzuk dira.

Taldeak aurten izan duen amaierak izan du eraginik lanean?

Pena apur batekin geratu gara, 100. urteurrena irudi tristeekin amaitu dugulako, Goiena Telebistak ligako azken partiduan batutakoekin, jokalariak negarrez, besarkadak… Zalantza genuen dokumentala zelan amaitu, baina gertaera hura kontatu egin behar zen, amaiera tristea da, baina halaxe pasatu da, 100. urteurrenean kategoria galdu da, eta horrela jaso dugu.

Mondrari omenaldia egin dio Gipuzkoako Futbol Federazioak

Ezkurra eta Garai errekonozimendu plaka jasotzen

 

 

Gipuzkoako Futbol Federazioak urteroko batzar nagusia Arrasaten ospatu du eta Mondraren mendeurrena dela eta, errekonozimendu plaka bat eman die Ezkurra, presidente ohiari, eta Ander Garai, presidente berria izango denari. Batzar nagusia Inazio Azkarragaurizar alkateak hasi du, Mondrari zoriondu eta zaleei eta kirolariei orain arte bezala jarraitzeko eskatuz.

Omenaldi beroa jaso zuten 80 urtetik gorako beteranoek danborradan

Sanjuanetako danborradan Mondra taldeak oso protagonismo berezia izan zuen. Taldeak berak konpainia atera zuen danborradarako eta 80 urtetik gorako jokalari ohiek omenaldia jaso zuten udaletxeko balkoian. Danborradan gainera Mondraren ereserkia jo zuten konpainia guztiek 100. urteurrenaren omenez. Ospakizun afaria ere egin zuten beteranoak Alkartu elkartean doneka gauean.

Argazkiak

JO2_7400 JO2_7380 JO2_7379 JO2_7374 JO2_7371 JO2_7360 JO2_7097

Astebete atzeratu da Mondraren eta Realaren arteko partidua Mojategin

Uztailaren 12an jokatuko da Mondraren eta Realaren artekoa Mojategin eta ez uztailaren 5ean, hasieran aurreikusita zegoen moduan. Izan ere, Realak aldatu egin du aurre denboraldiko planifikazioa Txapeldunen Ligako egutegiak behartuta.

Hori horrela, argazki erakusketa eta Mondraren 100. urteurreneko ikus-entzunezko bereziaren aurkezpena ere astebete atzeratu dituzte. Uztailaren 9an eta 11n, martitzen eta eguen, izango dira aurkezpenok Kulturaten, 19:00etan.

Era berean, Arrasate Futbol Elkartetik gogora ekarri dute aste honetan direla sanjuanetako danborrada eta 80 urtetik gorako Mondrako jokalari izandakoei egingo zaien omenaldia.

Mondrak zaleen laguntza eskatu du zapatuko partidurako

Neurketa garrantzitsua du Arrasateko futbol taldeak zapatu arratsaldean (18:00), etxean; txapelketako azken norgehiagoka izango da. Egun eta ordu horretan jokatuko dira azken jardunaldiko partidu guztiak eta orduantxe argituko da Mondrak ohorezko erregionalean jarraituko duen edo mailaz jaitsiko den datorren denboraldiari begira. “Lortu dezakegu, baina zaleen laguntza ezinbestekoa da”, adierazi dute zuzendaritzatik. Sarrera doan izango da egun horretan Mojategin.

Aurreko domekan Ostadarren kontra galdu eta gero (3-1), azken partidura arte defendatu beharko dute maila Mondrako mutilek; Aurreraren kontra neurtuko dituzte indarrak, hil ala biziko norgehiagokan. Une garrantzitsuak izango dira, zalantza barik, eta horregatik, zaleen babesa eskatu dute zuzendaritzatik, egun horretan ez hutsik egiteko eta Mojategira joateko esanez; sarrera librea izango da.

Gontxak bat egin du deialdiarekin

Mikel Gonzalez Realeko jokalari arrasatearrak ere bat egin du deialdiarekin. “Ea asteburuan jendea Mojategira gerturatzen den, Mondra animatzera”, esan zuen martitzenean Kulturaten, 100. urteurrenaren harira Iñaki de Mujikak gidatutako futbolaren gaineko hizketaldian.

Ford Mugarriri omenaldia

Neurketa hasi aurretik, talde zuri-moreak omenaldia eskainiko die Arrasateko eskubaloi taldeko zuzendaritzako kide eta jokalariei. Castron igoera lortuta, datorren denboraldian Nazional Mailan jokatuko du Ford Mugarrik.

Mikel Gonzalez: “Ea asteburuan jendea Mojategira gerturatzen den, Mondra animatzera”

Iñaki de Mujika gidari, Kulturateko aretoan denboran atzera saltoa egin eta garai bateko futbolaz eta gaur egungoaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Izan ere, Mondraren 100. urteurrena aitzakia ederra izan da koadrila hau batzeko: Aitor Lopez Rekarte, Inaxio Kortabarria, Mikel Gonzalez, Txomin Arzamendi, Jon Sagasta eta Jesus Aranbarri arrasatearrak arduratu dira Mondran egin zituzten urteez, eta Realean egindakoez berba egiteko. Anekdotak izan dira berbaldiaren abiapuntua –irratiko maisuak ondo daki jendeak zerekin gozatzen duen– eta gonbidatuak joko horretan sartu dira, beteranoak, batez ere. Bukaeran, Mikel Gonzalezek eskaera bati erantzun dio, asteburuan Mondrak izango duen partidurako deialdia egin du.

Ia bi ordu iraun duen berbaldiak askorako eman du: garai bateko futbola, gaur egungoa, gustuko futbol zelaiak, nork ematen zituen ostiko gehien, eta futbol jokalariaren egunerokoaz, gauza askotaz berba egin dute. Azpimarratzekoak izan dira Inaxio Kortabariak esandakoak; futbola utzi zuenean hartu zuen lasaituaren gainean egin du berba, hor bai, serio: “Nire ustez futbol jokalariaren bizitza oso gogorra da, eta gaur egungoek dirutza jasotzen badute, ni poztu egiten naiz. Badirudi ametsetako bizimodua dela, baina ni erretiratu nintzenean sekulako lasaitua hartu nuen. 15-20 urtez errutina berean sartuta, hurrengo asteko partidua, entrenamenduak, presioa… Ez dago besterik, eta nire sentsazioa da futbola amaitutakoan, 35 urterekin, 16 urteko edozein gazte prestatuago dagoela bizitzari aurre egiteko. Hori da nik bizi izan dudana, gauza material asko dituzu eskura futbolak eman dizunari esker, baina bidean gauza pertsonal asko utzi dituzu, eta heldutasuna falta zaizu”.

Beteranoak: Kortabarria, Sagasta, Arzamendi eta Aranbarri, batera.

Hausnarketa, baita, futbolean bizi izandako une gogorrez jardundakoan. Rekartek, zelan ez, Aitor Zabaleta izan du gogoan: “Kirolari moduan hunkituta geratzen zara, baina baita arlo pertsonalean ere. Zer ari gara egiten?, horixe pasatzen zaizu burutik. Baina futbola gizartearen isla ere bada, eta aurrera egin behar da, horrekin bizi izaten jakin, eta une horretan familiarengandik gertu egotea da egin daitekeen gauzarik onena. Baina bai, momentu gogorrak izan ziren haiek”.

Seriotasunetik baino, umoretik

Arratsaldeak, baina, seriotasunetik gutxi izan du. Sagastak erakutsi du ez dela plaza-gizon makala, eta Aranbarri ondoan, barrezka jarri dituzte ikusleak, behin baino gehiagotan. Gaur egun hegazkinez erraz bidaiatzen dela esan die de Mujikak, baina garai hartan Puertollanora joan egin behar zen, eta Aranbarrik hartu du hitza: “Autobusean, gainera, masajistak eskopeta eramaten zuen, ehiztari amorratua zen-eta. Eta, Gaztelu eta biok egiten genuen txakur lana. Hau da, autobusetik jaitsi, usoei tiro egin, eta gu bialtzen gintuen ehizatutakoa batzera”. Halakoekin, pentsa, arratsaldea zelan joan den.

Ekitaldia hasi denerako aretoa bete egin da.

Normala den moduan, Mikel Gonzalezek mingainari heldu egin behar izan dio behin baino gehiagotan, harek esandakoak gaur egun oihartzun handia izan dezakeelako; aspaldi ikasi zuten futbol jokalariek, prentsa aurrean, tentuz jokatzen. Hala, 20 urte barru, eta ilea zurituta –baldin badu– entzutekoak izango dira harek kontatuko dituenak. Bitartean, Realeko atzelaria gustura ondokoen anekdotan entzuten.

Normala den moduan, Mondraren 100. urteurrenean Iturripe futbol zelaiko kontuek argitara irten dute, eta de Mujikak berak onartu du Iturripeko obren ostean, futbol zelaia zegoen tokian gaur egungo kantxak ikusterakoan tristura galanta hartu zuela. Ez da, baina, gogoan izan duten zelai bakarra izan. Gai hori ere egon delako mahai gainean, futbol zelai gogorrena, alegia, Bernabeuk ematen duen inpresioarena eta beste: “Barregura ematen dit niri Bernabeuk”, bota du Kortabarriak, eta kontatu dute Calahorrako zelaian ikusle batek farias-a epailearen buruan itzali zuenekoa. Hala, badira plaza zailagoak.

Asteburuan Mondraren partidura joateko deia

Mahai gainena izan diren gai guztiak plazaratzeak luze joko luke. Hori bai, Mikel Gonzalezek Mondra Futbol Taldeak asteburuan izango duen partidu garrantzitsura jendea animatzeko deialdia egin du, partidu hori irabaztea delako urteurrena ospatzeko modurik onena, kategoriari eustea, alegia. Kazetariak eskatu dio deialdia egiteko, baina ideia zuzendaritzako kide batena izan da –argi ibilita. Eta Arrasatekoak, kamerara begira, ez du zalantza izan: “Ea jendea Mondra animatzera Mojategira gerturatzen den”. Lerrook idazten ari dena konbentzitu egin du. Eta zu?