Realeko jokalari batendako gaurko partidua berezia izango da. Mikel Gonzalezek ondo ezagutzen ditu Mojategiko harmailak, tarteka Mondraren partiduak ikusi izan dituelako, baina oraindik ez du berdegune hori zapaldu. Gaur egingo du lehenengoz.
Norberaren herriaren aurrean jokatzea, berezia?
Bai, duda barik. Kilometroen harira duela urte batzuk Realak eta Osasunak Atxabalpen jokatu genuen lagunartekoa, eta partidu hartan Atxabalpen jokatu ahal izan nuen. Mojategi, baina, oraindik ez dut estreinatu.
Lagunak dituzu Mondran, egingo zenuten partiduaz berba.
Bai, koadrilakoak ere baditut Mondran, eta ezagun asko. katxondeoa ere izan dut eurekin, polita izango da. Ez bakarrik euren kontra jokatzea, baita Mondraren urteurrenean parte hartzea ere. Realean orain gutxi ospatu ditugu 100 urteak, eta klubarendako urte berezia izaten da.
Gogor hasi zarete lanean.
Bai, urte gogorra dugu aurretik, partidu askokoa. Liga hasteaz batera Txapeldunen Ligako kanporaketa fasea izango dugu, eta ondo prestatu behar gara.
Posible da hiru txapelketetan ondo lehiatzea?
Partidu asko izango dira, uste dut aurtengoaz alderatuta partidu bikoitza jokatuko ditugula, baina nik uste dut baietz, maila polita eman dezakegula hiru txapelketetan. Horretarako prestakuntza da garrantzitsua, baina esperientziadun jendea dugu lanean horretan pentsatzen. Jende asko dugu taldean, eta denok izango dugu jokatzeko aukera
Azken egunotan Real Madrilek Asier Illarramendirengan duen interesa izan da albiste. Eragiten dizue horrek?
Eragin ez, baina garbi dago gure artean ere komentatzen dugun gauza bat dela. Eta bestela ere, jendeak galdetuko digu, seguru. Horretan, baina, guk ezer gutxi dugu esateko. Real Madril gertu badago Illarraren klausula ordaintzeko ezer gutxi dago egiteko. Guretako bistan da jokalari garrantzitsua dela, eta gainera, kriston tipoa da. Taldean besoak zabalik hartuko dugu, ea zertan gauzatzen den dena.