Mondra taldeak dituen ehun urteetan bizi izandako une gazi-gozoak, anekdotak, historiaren parte izan diren protagonisten hitzak… Horiek guztiak eta gehiago jasotzen ditu Oihan Vitoria eta Jokin Uribeetxeberriak egin duten eta gaur Arrasaten estreinatu duten dokumentalak.
Mondran jokatu izan dutenak, era batera edo bestera klubarekin zerikusia izan dutenak, betiko jarraitzaileak zein zale gazteagoak… Arrasatear ugari egon dira gaur arratsaldean Kulturaten estreinatu duten Mondrari buruzko dokumenatala ikusten. Ikusten eta gozatzen, emanaldia amaitu denean izan den txalo zaparradari kasu eginez gero.
Ikus-entzunezkoak irauten duen orduerdi inguruan, klubaren sorrera, une pozgarriak eta gogorrak, anekdotak, historian zehar izan diren futbolzelai ezberdinak, nesken taldearen ingurukoak eta beste hainbat kontu jaso dituzte dokumentala egin duten Oihan Vitoriak eta Jokin Uribeetxeberriak, beti ere klubarekin lotura zuzena izan duten pertsonen hitzetan oinarrituta.
“Historia entziklopedikoa baino, nahiago genuen Mondrako kide izan direnek euren bizipenak kontatzea: anekdotak, egindako lagunak, Mondrak zer eman dion… Norberaren testigantza pertsonala jaso gura izan dugu”, azaldu du Oihan Vitoriak emanaldia amaitu denean.
Erakusketa ere bai
Dokumentala ikusten egon diren askok Kulturateko klaustroan dagoen eta Mondraren historiako argazki jasotzen dituen erakusketa ikusteko aprobetxatu dute. Talde argazkiak dira gehienbat erakusketan daudenak, Mondratik pasatu diren arrasatearrak asko eta asko izan direnaren adierazle.
Bihar eta eguenean, berriz
Dokumentala gaur ikusterik izan ez dutenek bihar eta eguenean izango dute horretarako aukera, beste b i emanaldi egingo dituzter-eta. 19:00etan izango dira biak, berriz ere Kulturaten.