Neurketa garrantzitsua du Arrasateko futbol taldeak zapatu arratsaldean (18:00), etxean; txapelketako azken norgehiagoka izango da. Egun eta ordu horretan jokatuko dira azken jardunaldiko partidu guztiak eta orduantxe argituko da Mondrak ohorezko erregionalean jarraituko duen edo mailaz jaitsiko den datorren denboraldiari begira. “Lortu dezakegu, baina zaleen laguntza ezinbestekoa da”, adierazi dute zuzendaritzatik. Sarrera doan izango da egun horretan Mojategin.
Aurreko domekan Ostadarren kontra galdu eta gero (3-1), azken partidura arte defendatu beharko dute maila Mondrako mutilek; Aurreraren kontra neurtuko dituzte indarrak, hil ala biziko norgehiagokan. Une garrantzitsuak izango dira, zalantza barik, eta horregatik, zaleen babesa eskatu dute zuzendaritzatik, egun horretan ez hutsik egiteko eta Mojategira joateko esanez; sarrera librea izango da.
Gontxak bat egin du deialdiarekin
Mikel Gonzalez Realeko jokalari arrasatearrak ere bat egin du deialdiarekin. “Ea asteburuan jendea Mojategira gerturatzen den, Mondra animatzera”, esan zuen martitzenean Kulturaten, 100. urteurrenaren harira Iñaki de Mujikak gidatutako futbolaren gaineko hizketaldian.
Ford Mugarriri omenaldia
Neurketa hasi aurretik, talde zuri-moreak omenaldia eskainiko die Arrasateko eskubaloi taldeko zuzendaritzako kide eta jokalariei. Castron igoera lortuta, datorren denboraldian Nazional Mailan jokatuko du Ford Mugarrik.