Ander Garai: ” Igoera lortzea hiru urtetara zehaztutako erronka da, ezin gara zoratu”

Uztailaren 18an Mondrak egindako batzar orokorrean hartu zion Jose Luis Ezkurrari lekukoa Ander Garaik taldeko presidente karguan. Zenbait erronkei egin beharko die.

Garai ez da berria Mondran; azken urteetan bertako lantaldearen parte izan da eta badaki nolako lanak egin behar izaten diren. “Elkar ezagutzen dugu, talde polita da eta lanerako gogorik ez zaigu falta”. Gustura dago arrasatearra, beraz. “Bertigo pixka bat ematen duen arren, ez nago bakarrik eta errazagoa izango da”.

Diru eta talde kontuak

Taldearen egungo egoeraz egin digu berba Garaik eta klubak azken urteetan pilatutako zorra izan du hizpide: “Ekonomikoki egonkortzen goaz. Bospasei urtetara zorra kitatzea zen asmoa. Gure xedea, orain arte bezala, zero gastu edukitzen jarraitzea izango da”.

Lehenengo taldeari buruz berba egitera ere animatu da eta Garaik aditzera eman duenez, igotzea izango dute xede, baina ez epe motzera begira: “Taldeak maila galtzea golpea izan zen. Igotzea da helburua, baina hiru urtetako epe bat finkatu dugu;  ez dugu uste eta xede horrekin zoratu behar garenik”.

Gainera, arrasatearrak azaldu duenez, taldea gaztetzea ere bilatuko dute. “Eta beste erronka bat ere ipini diogu gure buruari: etorkizunean Mondrako lehenengo taldea harrobiko jendeaz –egon badago-eta–, bertako jokalariez osatuta egotea, eta aukera egongo balitz, bere osotasunean hala izatea gurako genuke”.

Eta emakumeen taldeagatik galdetuta, presidentearen berbetan, “mutilen taldearekin segituko duten filosofia berdina mantendu” gurako luketela gaineratu du Mondrako presidente berriak.

Jokalariez bai, baina entrenatzaileez eta entrenatzaile izateaz ere egin du berba, hezitzaile izatearen garrantzia azpimarratuz: “UDAkoen iniziatibaz, irailetik aurrera-edo, titulazioa Arrasaten bertan atera ahal izango dela pentsatzen dugu, eta eskertzekoa da”.

Mendeurrena dela eta, eskerrak

Amaitzeko, mendeurrena ere ekarri du gogora futbol taldeko presidenteak. Hala, orain arte data berezia ospatzeko prestaketetan lagundu duten den-denei eskerrak eman gura izan dizkie zuzendaritzakoen izenan, “baita antolatutako ekimenetan parte hartu duten guztiei ere”.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude