Mondraren zein Realaren etxea izan da Mojategi

Partidu historikoa bizi izan du gaur Mojategik, hainbat arrazoirengatik: Mondraren 100. urteurrena, Realaren lehen bisita Mojategira, orain arteko sarrerarik jendetsuena, eta emaitza, gutxienekoa bazen ere, futbolean batere ohikoa ez dena: 0-12. Emaitzak ez du inor harritu, bi taldeen arteko aldea ikusita. Iagoba Arrasate Realeko entrenatzaileak esan duenez, taldearen jokoak “sentsazio onak” utzi dizkio: “Aurkariari errespetu osoz, exijitu diguten maila ematen dugu. Probatzeko eguna izan da, batez ere erasoko jokoan, eta pozik nago”. Mikel Gonzalez ‘Gontxa’ jokalari arrasatearrarendako “oso egun berezia” izan da: “Polita izan da etxean jokatzea, harmailak goraino beteta”. Lagunartekoa hasi aurretik jaso dituen opariengatik “eskerrik beroenak” eman ditu. Partidua amaitzeaz bat, halako kasuetan ulertzekoa denez, zaletuek hartu dute futbol zelaia, euren izarrekin argazkiak atera eta autografoak eskatzeko.

ARGAZKI GALERIAK
REALEKO JOKALARIEI HARRERA SINADURAK ZALEEI PARTIDUAREN LEHEN ZATIA BIGARREN ZATIA ZALEEN AMAIERAKO OSPAKIZUNA

BIDEOAK: Golak eta giroa
http://vimeo.com/70211341#at=0

Mondra serio irten da, ondo jarrita, eta lehen minutuetan aurre egin ahal izan dio talde txuri-urdinari. Golen bat egiteko aukeraren bat ere izan du Iker Pavon gazteak, baina hortik aurrera Reala izan da jaun eta jabe. Atsedenaldira 0-5eko emaitzarekin heldu dira eta bigarren zatian ia jokalari guztiak aldatu dituzte bi taldeek. Bigarren zatian ere dinamika bera jarraitu du norgehiagokak: Mondrako jokalariak baloiaren atzetik eta Reala patxada guztiarekin jokatzen. Gola egiten duten jokalarien zerrenda luzea da oso: Vela, De la Bella, Zurutuza, Prieto, Sangalli, Ros eta Pardo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude