Urzelairen Mondra eta Arrasateren Reala gertu, Mojategin ikuskizuna emateko

Gertu dago dena. Mojategiko berdeguneak orain arteko partidurik ikusgarriena hartuko du gaur, egubakoitza (19:00), Txapeldunen Ligako Realaren bisita izango duelako. Eta talde txuri-urdinak Mondra izango du aurrean, ziklo berri bati ekin dion taldea. Mojategiko leihatilak 17:30ean zabalduko dituzte sarrerak saltzeko (nagusiek 10 euro, gaztetxoek 3).

Jagoba Arrasateren (Berriatua, 1978) taldeak kolpe batean ahaztu ditu oporrak, aste barruko entrenamendu saioak intentsitate handiaz egin dituelako. Nahikoa da Zubietan ordubetez egotea ikusteko lan-saio gogorrak egiten dabiltzala, baloiaz eta barik, arlo fisikoari garrantzia emanda. Eta, berehala ikusten da, baita ere, oporretan zein lasaitu den komeni baino gehiago. Griezmann, esaterako, larri ikusi genuen eguaztenean, taldekideen erritmoari eusteko arazoekin –bero galanta egiten zuen.

Reala, aste barruan Zubietan entrenatzen.

Mondraren partetik, liga amaituta oporraldia behar baino gehiago ez luzatzeko ohitura izan da uztailean bi astez entrenamenduak egitea. Eta oraingoan aitzakia bikoitza izan dute, Realaren kontrako partidua prestatzeaz batera Gotzon Urzelai (Bergara, 1980) entrenatzaile berriari ondo etorriko zaiolako jokalariak ezagutzea: “Egia esan, guk partidu hau anekdota moduan hartzen dugu. Baina gauza polita da, Mondrara etorri eta Reala moduko talde baten kontra jokatu ahal izatea”, adierazi zigun Urzelaik joan den astean, aurkezpenean.

Hala, datorren denboraldian elastiko zuri-morea defendatuko dituzten jokalariak bertatik-bertara ezagutu ahal izango dituzte zaleek, Urzelaik aurreratu moduan, 10-11 jokalari berri izango dituelako taldeak.

Komunikabide asko

Mondrako zuzendaritzako ordezkariak buru-belarri dabiltza lanean, gaurko hitzordua behar den moduan irten dadin. Erronka galanta da eurendako, halako kirol hitzordu bat antolatzeko lan handia egin behar delako. Dena ondo bidean, baina, Mondrak merezi duen ospakizuna izango du, eta bultzada galanta, arlo ekonomikoan.

Sarrerak aurrez erosi ez dituenak gaur izango du horretarako aukera, Mojategiko leihatilak 17:30ean zabalduko dituzte-eta. Horrekin batera, komunikabide askok erakutsi dute partidua jarraitzeko interesa. Telebisten kasuan, Goiena Telebistako lantaldeaz batera lanean izango dira Antena 3, Canal+, ETB eta Teledonosti. Egunkari eta edizio digitaletarako, ostera, beste komunikabide askok egin dute eskaera.

Batetik, ulertzekoa da komunikabideen partetik Realaren proiektua abian jarriko den momentuan egon nahi izatea, baina zalantza barik, Asier Illarramendiren affaire-ak beste komunikabide askoren interesa piztu du; horiek, baina, arduratuago egoten dira Real Madrilen egunerokoaz, talde txuri-urdinarenaz baino. Atzo, eguena, Zubietan izan zen Illarra, taldearekin lehen entrenamendu saioa egiten. Eguaztenean Realaren eta Real Madril taldeen arteko negoziaketek luze jo zuten; Zubietan ziren entrenamendu saioa jarraitzen zuzendaritzako kide Juanjo Arrieta eta Aitor Mendibil, eta serio zeuden. Negoziaketa horiek, baina, oraindik ez dute fruiturik eman, eta mutrikuarra Zubietan izan zen atzo entrenamendu saioan. Ikusteko dago gaur Mojategin egongo ote den; hala bada, zaleek Realean geratzeko eskatuko diote, Zubietan gertatu moduan.

Partiduekin hasteko gogoz

2013-2014 denboraldiko Realak Mojategin hasiko du ikasturtea. Bi astez gogor entrenatzen jardun ostean, lagunartekoen txanda dator, eta jokalariek eskertu egiten dute hori. Helburua, abuztu amaieran gorputzaldi onean egotea, eta Markel Bergarak aurreratu moduan, partiduekin hasteko gogoz daude: “Aurre-denboraldiko bigarren zati hau gustura hartzen dugu, lagun arteko partiduena. Minutuak batzen hasteko unea da, eta ona da partiduen dinamikan sartzea, nahiz eta lagunartekoak izan. Gainera, Arrasateko partidua hitzordu polita izango da, Realak zale asko ditu-eta bertan”.

Jagoba Arrasate entrenatzailea, bailarako gaztetxoei kamisetan sinatzen.

Reala aspaldian ez da Arrasaten egon. Eta Mikel Gonzalez horren jakitun da. Txuri-urdinek bailaran jokatu zuten azken lagunartekoa Ibarra futbol zelaian izan zen, Aretxabaletan, eta Martin Lasarterekin mailaz igo zirenean Realaren autobusa ez zen Arrasatetik pasa –bat baino gehiago haserretu zen orduan. Bergaran egon ziren, eta Arantzazura igo ziren ondoren. Reala Arrasateko zaleekin zorretan dagoela esatea asko esatea izango da, baina gaurko hitzorduak azken urteotako hutsune bat beteko du. Zaleen txanda da orain, Mojategi jendez betetzeko ordua.

Gotzon Urzelai eta Jagoba Arrasate

Gaurko Mojategiko partiduak osagai asko izango ditu, eta horietako bat da entrenatzaile berrien estreinaldia ikustea; biak ala biak, gainera, harrobiko taldeetatik datozenak. Bi gazte, bakoitza bere kategorian, erronkaz betetako denboraldi baten aurrean: Jagoba Arrasatek debuta egingo du gaur Realeko entrenatzaile moduan, eta aurre-denboraldiko lehenengo entrenamenduen ostean Berriatukoaren lehenengo hamaikakoa ikusi ahal izango dugu.

Gotzon Urzelaik, berriz, gaurko partidua anekdota moduan hartzen du, opari polita, duda barik, harrobiko taldeetan ibili ostean Mondrarekin Realaren kontra jokatu ahal izatea. Lehenengoz eseriko da irailetik aurrera sarritan ikusiko dugun Mojategiko aulkian, eta lehenengoz ikusi ahal izango dugu Mondraren aurpegi berria. Zorte onena biei.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude