Hileko artxiboak: maiatza 2013

Mondrak zaleen laguntza eskatu du zapatuko partidurako

Neurketa garrantzitsua du Arrasateko futbol taldeak zapatu arratsaldean (18:00), etxean; txapelketako azken norgehiagoka izango da. Egun eta ordu horretan jokatuko dira azken jardunaldiko partidu guztiak eta orduantxe argituko da Mondrak ohorezko erregionalean jarraituko duen edo mailaz jaitsiko den datorren denboraldiari begira. “Lortu dezakegu, baina zaleen laguntza ezinbestekoa da”, adierazi dute zuzendaritzatik. Sarrera doan izango da egun horretan Mojategin.

Aurreko domekan Ostadarren kontra galdu eta gero (3-1), azken partidura arte defendatu beharko dute maila Mondrako mutilek; Aurreraren kontra neurtuko dituzte indarrak, hil ala biziko norgehiagokan. Une garrantzitsuak izango dira, zalantza barik, eta horregatik, zaleen babesa eskatu dute zuzendaritzatik, egun horretan ez hutsik egiteko eta Mojategira joateko esanez; sarrera librea izango da.

Gontxak bat egin du deialdiarekin

Mikel Gonzalez Realeko jokalari arrasatearrak ere bat egin du deialdiarekin. “Ea asteburuan jendea Mojategira gerturatzen den, Mondra animatzera”, esan zuen martitzenean Kulturaten, 100. urteurrenaren harira Iñaki de Mujikak gidatutako futbolaren gaineko hizketaldian.

Ford Mugarriri omenaldia

Neurketa hasi aurretik, talde zuri-moreak omenaldia eskainiko die Arrasateko eskubaloi taldeko zuzendaritzako kide eta jokalariei. Castron igoera lortuta, datorren denboraldian Nazional Mailan jokatuko du Ford Mugarrik.

Mikel Gonzalez: “Ea asteburuan jendea Mojategira gerturatzen den, Mondra animatzera”

Iñaki de Mujika gidari, Kulturateko aretoan denboran atzera saltoa egin eta garai bateko futbolaz eta gaur egungoaz gozatu ahal izan dute bertaratutakoek. Izan ere, Mondraren 100. urteurrena aitzakia ederra izan da koadrila hau batzeko: Aitor Lopez Rekarte, Inaxio Kortabarria, Mikel Gonzalez, Txomin Arzamendi, Jon Sagasta eta Jesus Aranbarri arrasatearrak arduratu dira Mondran egin zituzten urteez, eta Realean egindakoez berba egiteko. Anekdotak izan dira berbaldiaren abiapuntua –irratiko maisuak ondo daki jendeak zerekin gozatzen duen– eta gonbidatuak joko horretan sartu dira, beteranoak, batez ere. Bukaeran, Mikel Gonzalezek eskaera bati erantzun dio, asteburuan Mondrak izango duen partidurako deialdia egin du.

Ia bi ordu iraun duen berbaldiak askorako eman du: garai bateko futbola, gaur egungoa, gustuko futbol zelaiak, nork ematen zituen ostiko gehien, eta futbol jokalariaren egunerokoaz, gauza askotaz berba egin dute. Azpimarratzekoak izan dira Inaxio Kortabariak esandakoak; futbola utzi zuenean hartu zuen lasaituaren gainean egin du berba, hor bai, serio: “Nire ustez futbol jokalariaren bizitza oso gogorra da, eta gaur egungoek dirutza jasotzen badute, ni poztu egiten naiz. Badirudi ametsetako bizimodua dela, baina ni erretiratu nintzenean sekulako lasaitua hartu nuen. 15-20 urtez errutina berean sartuta, hurrengo asteko partidua, entrenamenduak, presioa… Ez dago besterik, eta nire sentsazioa da futbola amaitutakoan, 35 urterekin, 16 urteko edozein gazte prestatuago dagoela bizitzari aurre egiteko. Hori da nik bizi izan dudana, gauza material asko dituzu eskura futbolak eman dizunari esker, baina bidean gauza pertsonal asko utzi dituzu, eta heldutasuna falta zaizu”.

Beteranoak: Kortabarria, Sagasta, Arzamendi eta Aranbarri, batera.

Hausnarketa, baita, futbolean bizi izandako une gogorrez jardundakoan. Rekartek, zelan ez, Aitor Zabaleta izan du gogoan: “Kirolari moduan hunkituta geratzen zara, baina baita arlo pertsonalean ere. Zer ari gara egiten?, horixe pasatzen zaizu burutik. Baina futbola gizartearen isla ere bada, eta aurrera egin behar da, horrekin bizi izaten jakin, eta une horretan familiarengandik gertu egotea da egin daitekeen gauzarik onena. Baina bai, momentu gogorrak izan ziren haiek”.

Seriotasunetik baino, umoretik

Arratsaldeak, baina, seriotasunetik gutxi izan du. Sagastak erakutsi du ez dela plaza-gizon makala, eta Aranbarri ondoan, barrezka jarri dituzte ikusleak, behin baino gehiagotan. Gaur egun hegazkinez erraz bidaiatzen dela esan die de Mujikak, baina garai hartan Puertollanora joan egin behar zen, eta Aranbarrik hartu du hitza: “Autobusean, gainera, masajistak eskopeta eramaten zuen, ehiztari amorratua zen-eta. Eta, Gaztelu eta biok egiten genuen txakur lana. Hau da, autobusetik jaitsi, usoei tiro egin, eta gu bialtzen gintuen ehizatutakoa batzera”. Halakoekin, pentsa, arratsaldea zelan joan den.

Ekitaldia hasi denerako aretoa bete egin da.

Normala den moduan, Mikel Gonzalezek mingainari heldu egin behar izan dio behin baino gehiagotan, harek esandakoak gaur egun oihartzun handia izan dezakeelako; aspaldi ikasi zuten futbol jokalariek, prentsa aurrean, tentuz jokatzen. Hala, 20 urte barru, eta ilea zurituta –baldin badu– entzutekoak izango dira harek kontatuko dituenak. Bitartean, Realeko atzelaria gustura ondokoen anekdotan entzuten.

Normala den moduan, Mondraren 100. urteurrenean Iturripe futbol zelaiko kontuek argitara irten dute, eta de Mujikak berak onartu du Iturripeko obren ostean, futbol zelaia zegoen tokian gaur egungo kantxak ikusterakoan tristura galanta hartu zuela. Ez da, baina, gogoan izan duten zelai bakarra izan. Gai hori ere egon delako mahai gainean, futbol zelai gogorrena, alegia, Bernabeuk ematen duen inpresioarena eta beste: “Barregura ematen dit niri Bernabeuk”, bota du Kortabarriak, eta kontatu dute Calahorrako zelaian ikusle batek farias-a epailearen buruan itzali zuenekoa. Hala, badira plaza zailagoak.

Asteburuan Mondraren partidura joateko deia

Mahai gainena izan diren gai guztiak plazaratzeak luze joko luke. Hori bai, Mikel Gonzalezek Mondra Futbol Taldeak asteburuan izango duen partidu garrantzitsura jendea animatzeko deialdia egin du, partidu hori irabaztea delako urteurrena ospatzeko modurik onena, kategoriari eustea, alegia. Kazetariak eskatu dio deialdia egiteko, baina ideia zuzendaritzako kide batena izan da –argi ibilita. Eta Arrasatekoak, kamerara begira, ez du zalantza izan: “Ea jendea Mondra animatzera Mojategira gerturatzen den”. Lerrook idazten ari dena konbentzitu egin du. Eta zu?

 

Iñaki de Mujikak gidatutako solasaldia gaur Kulturaten, Mondraren mendeurreneko ekitaldien barruan

Mondraren 100. urteurreneko ekintzak gaur bertan hasiko dira. Iñaki de Mujikarekin jarriko dute martxan egitarau berezia; Herri Irratiko esataria Kulturaten egongo da (19:00), hainbat jokalari eta jokalari ohirekin irratsaioa egiten: Inazio Kortabarria, Jon Sagasta, Jesus Aranbarri, Aitor Lopez Rekarte eta Mikel Gonzalez izango ditu ondoan esatari ospetsuak.

Abuztura arteko ekintzen zerrenda

Maiatza

  • Maiatzak 21, martitzena: Iñaki De Mujika kazetariak moderatutako mahai-ingurua Inazio Kortabarria, Jon Sagasta, Jesus Aranbarri, Aitor Lopez Rekarte eta Mikel Gonzalezekin. 19:00etan Kulturaten

Ekaina

  • Ekainak 8, zapatua: Ardo eta gazta eguna.
  • Ekainak 23, domeka: Danborradan, bai haurrenean zein nagusienean, Jose Ramon Vitoriak berritu duen Mondraren ereserkia joko da. Ereserki hau bera Arrasate Musikaleko bandak ere joko du San Juanetako kontzertuan. Mondra taldeak, gainera, konpainia berezia osatuko du danborradarako goiko maila jokatzen duten 32 jokalarirekin, neska zein mutil.
  • Ekainak 28, barikua: Gipuzkoako Futbol Federazioen batzarra Amaia antzokian.

Uztaila

  • Uztailak 5, barikua: Futbol partidua Mondra eta Realaren artean.
  • Uztailak 17, eguaztena: Mondra Futbol Taldearen Batzar Nagusia. 19:00etan Kulturaten.