Urtarrilak 14, domekan, aurtengo lehenengo “Familia jolasean” ospatu genuen eta oso arrakastatsua izan zen. Izan ere, familia ugari bertaratu ziren. 17:00etan Okendo ludotekako ateak zabaldu genituen eta poliki-poliki familiak gerturatzen joan ziren jolasteko irrikan.
Familiak ludotekara heldu ahala prestatu genituen txoko ezberdinetan jolasten hasi ziren. Behin talde handia bilduta, borobilean jarri eta elkar ezagutzeko aukera izan genuen bakoitzak bere burua aurkeztuz. Jarraian sukaldaritza egiteko proposamena luzatu genien familiei eta erantzun ona eduki zuela ikusirik, batzuk lanean jarri ginen eta beste batzuk txoko ezberdinetan jolasten jarraitu zuten.
Sukalde txokoan talde handi bat bildu eta madalenak egiteari ekin genion. Errezeta aurrean izanda, haurrek txandaka osagai desberdinak ontzira bota eta guztia nahastu egin zuten. Ondoren, masa moldeetan sartu eta txokolate zatitxoekin apaintzeari ekin zioten, azkenik labean sartzeko.
Behin madalenak labean sartuta, gure sukaldariak gainontzeko haurrekin batera jolastu zuten.
Txikienak ipuin eta panpina txokoan egon ziren batez ere eta bertan momentu politak elkarbanatu zituzten gurasoekin batera elkarri ipuinak kontatuz.
Arearen txokoak ere arrakasta handia izan zuen, haur batzuk hondartzan bezala aritu baitziren tresna ezberdinekin jolasean. Horren gustura zeuden non batzuk zapatilak kendu eta are kaxa barrura sartu zirela jolastera.
Beste batzuek eraikuntzak egiteko pieza transparenteak erabiliz, tipi handi baten barruan zegoen argi mahai baten gainean eraikuntzak egiten aritu ziren gustura asko.
Horrenbeste familia egon ziren ludotekako beste txokotan ere jolasean aritu zirela, musikarekin dantzan, baloi handiekin jolasean, etxe txokoan, mozorrotzen, marrazkiak egiten…
Bukatzeko berriro ere guztiok elkartu eta sukaldatutako madalena goxoak jan genituen.
Oso arratsalde dibertigarria izan zen domekakoa. Familiek, jolasaren bitartez elkar ezagutzeko aukera izan zuten eta giro paregabea sortu zen. Guztiok oso pozik joan ginen etxera, hurrengo asterako prest!