Ingurura begiratuz gero, ezin dugu ukatu gure ludotekako haurrek inguru horren aniztasunaren isla direla. Aniztasun handia, ezaugarri, behar zein komunikazio era ezberdinetan. Hori horrela, okendoko ludotekan komunikazio era ezberdinak elkarbanatzea pentsatu dugu. Era horretara, hezitzaileok ludotekako hainbat egoera identifikatu eta antzeztu ditugu haurren aurrean, ondoren guztion artean horretaz hausnartzeko helburuarekin.
Izan ere, pentsatu dugu antzerkia oso bitartekari egokia izan daitekeela haurrek beraien aisialdian ere euskara erabili eta aberasteko. Era horretara, hezitzaileon rol playingaren ostean, haurrek euren artean zein hezitzaileokin batera beste hainbat egoera identifikatu, antzeztu eta hausnartu ditugu!
Gainera, arlo psikologikoan, norberaren buruan konfiantza eta ziurtasuna hartzeko, autoestimua indartzeko, talde-lanean parte hartzeko; beren ekarpenak eginez, besteenak ontzat hartuz eta denen artean koordinatuz lan bat aurrera ateratzeko estrategia egokia dela iruditzen zaigu. Baita jende aurrean hizketan eta komunikatzen ikasteko ere. Arlo fisikoan, berriz, gorputza bere osotasunean lantzeko ere erabili dugu, mugimendua, oreka eta abar.
Eta, jakina, euskara bera ere bitarteko bezala erabiltzen den neurrian, landu eta aberastu egiten da.
Irakurleok, animatzen al zarete gurekin rol playingaren bitartez gozatzera?