Udaberrirako plana egin dugu, eta zuetako nahi duenak izango du parte hartzerik. Paradisu Egitasmoa abiatu da, Guinness liburuan sartzen saiatuko gara.
Bidaia egingo dugu Kixmilogiaren leku santuetara. Egun bateko txangoa izango da, printzipioz, eta segun eta zenbat jendek ematen duen izena, autobus, mikrobus edo auto batean (‘sidecar’-rekin, noski) egingo dugu espedizio psikogeografikoa.
Egitaraua
Behin-behineko egitarau bat pentsatu dugu, baina edozein proposamena, aldaketa, gehitzea edo denadelakoa aztertuko dugu. Egitaraua irekia dela, alegia.
1- Jendea jaso, goizean goiz.
2- Erremellurira abiatu (Arabako Errioxako ardotegira).
3- Harrian zulaturiko hilobi erromanikoetan etzan, heriotza eta berpizkunde saio txamaniko laburra egiteko.
4- Berpizturik gaudela, Erremelluriko baselizara joan eta Bixente Ameztoiren Paradisua koadroa zuzenean ikusi.
5- Ardandegia bisitatu, biziaren ardoa dastatu.
Eguerdia
6- Otxate herri abandonatura joan. Giroa usaindu. Ektoplasmak ikusi, psikofoniak entzun, hirugarren faseko harremanak izan estralurtar zein intralurtarrekin.
7- Bazkari pantagruelikoa.
Arratsaldea
8- Paradisu Egitasmoa gauzatu, hau da, paradisugintzako munduko marka hautsi.
9- Etxera itzuli.
Paradisu Egitasmoaren helburua paradisugintzako munduko marka haustea da. Danteren arabera, jatorriko paradisuak zazpi minutu iraun zuen. Adan eta Ebak berehala egin zioten kosk sagarrari jainkoaren begi oroikuslearen aurrean.
Guinness marka?
Beraz, paradisua eraiki behar dugu berriz, eta paradisuari, gutxienez, 7 minutuz eta 01 segundoz eutsi.
Gizaki taldetxo bat bilduko gara, eta bakoitzak gehien maite duena egingo du. Demagun niretzat paradisua sardina ogitarteko bat jatea dela, Eros Ramazzotiren kanta hura entzuten dudan bitartean. Demagun niretzat paradisua Peru edo Marirekin (edo biekin) zirri egitea dela. Demagun Krimen Uriberen olerki bat ispiluaren aurrean irakurtzea dela. Demagun… Zenbat buru, hainbat “demagun” egongo da, jakina.
Nola osatu paradisua?
Norberak desio-objektu, ekintza edo pertsona hori ekarri beharko du.
Kutxazain automatiko batean egingo genuke saioa. “Paradisu” hitza farsi hizkuntzatik (Iranen egiten dena) dator, eta “lorategi itxia” esan nahi du. Leku itxia behar du izan, beraz. Horrez gain, Jainkoaren begiaren azpian egin behar dugu paradisua, eta kutxazainetan beti dago kamara bat, une oro piztuta, gizakiak zaintzen.
Non osatu paradisua?
Zerrenda bat ireki dugu blog honetan, eta jendeak txangorako izena hemen eman dezake edo sarrera honi erantzun. Paradisua osatzeko zer ekarri edo egingo duen esan ahalko duzu, edo sekretupean gorde. Masa kritikoa lortzen dugunean abiatuko gara, udaberri aldera edo.
Antolaketa
Paradisura goaz! Telebista ikusten geratuko al zara?
Izenak heldu ahal jarriko ditut, eta, aldamenean, bidaliriko mezu edo iruzkina.
Zerrenda
- MAIALEN (“Paradisura joan nahi dut”)
- OIER (“Paradisua, Magical Mistery Tour bat da; datorrena… datorrela”)
- IZARNE (“Paradishurantz mikrobuseez? UFO? Iufa! Banua!”)
- ARANTXI, AITOR, UNAX eta LIZAR (“Gure furgonetan joango gara, hurbil bizi gara eta”)
Great Blog. Thank you… seo company