Jainkoaren tximinoak

KONGO1

Picasso homo sapiensa eta Congo txinpantzea buruz buru. Ziurrenera, XX. Mendeko artistarik garrantzitsuenak dira, biak ala biak. Laranjak eta sagarrak nahasten? Ez, artistak eta tximuak txanpon bereko bi aldeak dira. Baina, nork imitatzen du nor?

Congo

Congo albiste izan zen 2005eko maiatzean. Lehen aldiz artearen negozioaren historian, tximino baten margoak saldu zituzten enkante etxe batean. Renoirren eta Andy Warholen lanekin batera eskaini zituen Londresko Bonhams etxeak. Aurreikusi baino 20 aldiz garestiago saldu ziren lanok. 25.600 dolar ordaindu zituen Howard Hong estatubatuarrak. Bere burua “margo garaikidearen zale amorratu” gisa deskribatu zuen Hongek. Congoren lanak “gizateriaren eboluzio osoa” errepresentatzen duela gaineratu zuen.

pnga_erakutsi 3.pl

Congo 1954. urtean jaio zen eta 1950ko hamarkadan egin zituen lanok (horietako bat goiko irudian). Londresko zoologikoko izarra zen tximinoa, batez ere Desmond Morris zoologo eta antropologoaren ( Tximu biluzia
liburuaren egilea, beheko irudian, Congo besoetan duela) telebista saioan agertzen hasi zenetik. Denera 400 marrazki eta margo egin zituen bi urte zituenetik lau urtera arte. Morrisek Congoren lanen erakusketa antolatu zuen 1957an, eta eskandalua eragin zuen arte munduan. Artearen esan nahiaren inguruko sekulako eztabaida sortu zen. Arte kritikoak eskandalizaturik zeuden.

Bazuten kezkatuta egoteko arrazoirik. Jackson Pollock eta espresionismo abstraktua modan jarri baitzuten orduan, surrealismo zaharkituari txanda hartzeko artearen zirkuan. Congoren margoen eta Pollocken lanek duten antza harrigarria zen. Azpian bi irudi, bat Pollockena, bestea Congorena. Artean adituek esango dute zein den norena, zalantzarik gabe. Baina, profanoek?

lmc80105111427.hmedium

Are harrigarriagoa da Pollock beraren itxura simieskoa.

Eta zeresanik ez, haren margotzeko era.

(Hemen
klika daiteke, Pollock lanean ikusteko, eta entzuteko)

Salvador Dali liluraturik zegoen Congoren koadroekin eta fin ibili zen Pollockekiko antza ikusten. Zera esan zuen: “Txinpantzearen eskua ia gizatiarra da; Jackson Pollocken eskua erabat animalia da”.

Kongo eta Pollock bezala margotzea zer den probatu nahi baduzu, klikatu hemen eta tximino artistarena egin Miltos Manetasek sorturiko imitagailuarekin.

Picassok Congoren koadro bat erosi zuen. Mirok bere bi lan eman zituen txinpantzearen margo baten truke.

Tuberkulosiak hil zuen Congo 1964. urtean, 10 urte zituela.

Asuka

Asuka hiru urteko txinpantzea da, eta Tokioko (Japonia) Izu Shaboten parkean bizi da. Iazko irailetik urrira arte Asukaren lanen erakusketa antolatu zuen Tokioko galeria batek. Bi urte eta erdi zituenean, margotzeko tresnak eman zizkioten Asukari, lehen aldiz. Zaintzaileak harriturik zeuden, tximuak koadroak orekaz konposatzeko zuen trebeziarekin.

Goiko irudian, Asukaren “Tomate Baratza” lana. Iazko martxoan hasi zen serio margotzen, eta geroztik ehun bat lan egin ditu. Kolore argiak gustuko ditu, eta ez du inoiz beltza erabiltzen, inpresionista ortodoxoen tradizioari jarraiki. Orduak pasatzen ditu oihalen aurrean, eta ez du inoiz bere burua kopiatzen. Hori oso giza-artista gutxik esan dezakete.

Koko

San Franciscoko zoologikoko gorila emea da Koko (hiru “koko” esaldi berean, hau marka!). Haren berri Markos Zapiain filosofoari esker dut. Bere blogean kontatzen du Markosek Kokoren nondik norakoak, baita haren inguruan sorturiko lan gatazka.

Komunikatzeko trebezia harrigarria izateaz gain (gormutuen hizkerako mila zeinu inguru dakizki, eta Interneten bidez txateatzen du) argazkiak egiten eta margotzen jarduten du Kokok.

Giza emakumeen titien inguruko obsesio fetixista dauka, Markosek kontatzen duenez. Egun 33 urte ditu (Kokok, ez Markosek).

“Naturaren tximinoak” eta “Jainkoaren tximinoak”, hona Errenazimenduan “artistak” esateko erabiltzen ziren esamoldeak, Fritz Mendax artearen eta faltsukeriaren historialariaren arabera. Tximinoekin konparatzea ez zuten irain gisa hartzen orduan, tximinoen ezaugarriak izatea dohain berezi eta preziatutzat zutelako. Artistek halako dohain zutela iruditzen zitzaien, azken finean, artisten lana imitazioaren artea zela uste zutelako. Mendaxek dioenez, artista bati “Naturaren tximino” esaten ziotenean, dohain bereziak zituela esan nahi zutenen. “Jainkoaren tximino” esamoldea, berriz, artearen gailurrera heldutako artistarentzat uzten zuten.

Tximu artistak, artistak tximu

XX. menderako, ordea, erabat bestela interpretatzen zen artisten eta tximinoen arteko antza. Konparaketa artistak iraintzeko erabili zituen, esaterako, Francis Picabiak . Aita kubatarra zuen artista frantsesa (Paris 1879-1953) Zuricheko eta Parisko dadaistekin ibili zen. “Tableau Dada” deituriko koadroan, artearen jainkoen heriotza iragarri zuen. Tximino panpina bat jarri zuen Picabiak irudiaren erdian. Inguruan, honakoa idatzi zuen: Cezanneren erretratua, Renoirren erretratua, Rembrandten erretratua…

PIKABIA

Artista edo ez artista, azken finean, tximinoak gu guztion erretratua dira.

4 erantzun “Jainkoaren tximinoak” bidalketan

  1. Arrazoia duzu Magabila,

    Ez dut zuk aipatzen dituzun horien erreferentziarik sartu inor ez iraintzeagatik. Izan ere, ikerketa honekin jarraitzeko harreman onak izan beharko ditut tximinoekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude