TXIMINO BURUEN GURUTZEA

MONKEY

  • Kuttuna, primate edo tximino buruekin. Adi xehetasunari: buru bakoitza ezberdina da

    Aguirre lehendakaria sarreran botatako ideia “frogatuko” luke objektu honek. Hau da, Kixmi, Jesukristo-tximinoa Inperioaren erlijioa herri pagano bati ezarri nahi izan zaion une eta lekuetan agertzen dela, boterearen faltsukeriaren salaketa gisa.

Lurperaturik aurkitu zuten gurutze hau Hego Kalifornian, XX. mendearen hasieran. Antza denez, Ertamerikako indioek egiten zituzten halako gurutzeak magiarako tresna gisa, eta lur azpian sartzen zituzten, misiolari espainiarrengandik ezkutatzeko.

Ameriketako indioek propagandista kristauekin izaniko harremanen testuinguruan bilatu, eta luze gabe agertu da lehen froga: tximino buruz hornituriko gurutzea.

Objektuak txunditu egin nauela onartu behar dut. Ez nuen espero halako irudi argia topatzea horren erraz eta azkar. Zer da, ordea, objektu hau?

Tximino buruak, gurutze batean, eta lurperatuta. Inperioaren erlijioaren aurkako magia ekintza baterako tresna al da? Ala, idazkerarik gabeko indioen artean eskuz-esku ibilitako irudi-panfleto bat, Inperioaren agenteek predikaturiko mundu ikuskeraren faltsukeria salatzeko?

  • Jesukristo tximino bat da! Ez da Jainkoa, Jainkoaren tximinoa baizik. Giza zurien boterea gezurrezkoa da!

    Susmoa eragiten du gurutze honek, edonola ere. “Froga argiegia” da, egiazkoa izateko. Ez dut arrazoirik zalantzan jartzeko Ameriketako indioek halako objektuak egiten zituztela, baina gurutze honen historiak, behintzat, zuhur begiratzeko arrazoiak ematen ditu.

Froga dekonstruitzen

Hamlin Garland (1860-1940) idazle estatubatuarrak atera zuen lurpetik gurutze hau, 1930ko hamarkadan. Hainbat nobela eta Ulysses S Grant presidentearen biografia idatzi ondoren, Ameriketako Estatu Batuetako indioen historia ikertu zuen Garlandek. Pulitzer saria eman zioten 1922an.

The mistery of the buried crosses (Lurperaturiko gurutzeen misterioa) du izenburu Garlanden azken liburuak. 1939. urtean argitaratu zuen. Medium baten sinesgarritasuna aztertu nahi izan zuen Garlandek, eta ikerketa horren berri jasotzen du liburuak. Antza denez, hainbat izpirituk instrukzioak ematen zizkioten mediumari, lurpean ziren objektuak topatzeko. Garlandek egin zuen indusketa lana. Ez dezagun ahaztu mende hasieran sekulako arrakasta zuela esoterismoak, oro har, eta izpiritismoak bereziki. Jakina denez, Madame Blavatsky eta gainerakoek ohitura handia zuten izpirituekiko komunikazioaren “frogak” fabrikatzeko.

Tximino buruen gurutzea indioen lana izan edo mende hasierako buru-bero baten asmakizuna izan, hor dago gure Kixmi, ia 2.000 urte pasata, munduaren historia ezkutuaren oihartzun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude