Apartheidaren Kixmi

img-01

  • Nire lanean beti izan du eragin handia Hegoafrikaren izaera politiko eta soziala. Nire gaiak honetatik ateratzen ditut: gizabanakoek hierarkiekiko dituzten harremanak eta erasoa, bortizkeria, biktimizazio, botere eta menpekotasuna, eta egoera hauek elkarrekiko duten harreman paradoxikoa. 

janalex-x

Hit (Poor Walter) eskulturan, esaterako, gizon bat gurutziltzatu zuen, soinean trajea eta buruan kapela jantzita dituela.

Jane Alexander eskulturagile hegoafrikarraren (Johannesburg, 1959) lanean behin eta berriz agertzen dira giza-tximinoak eta gurutzefikapenak. Izan ere ikonografia kristaua erabiltzen du, Hegoafrikako egoeraz mintzatzeko.

Stripped (‘Oh Yes’ Girl) lanean emakume bat agertzen da, gorpua zauriturik, martiri kristauen gisa. Irudi honek ere gurutzefikapena ekartzen du gogora.

Beste hainbat eskulturetan, haloak jarri izan dizkie Alexanderrek bere pertsonai torturatuei.

 alexander2

John M. Coetzee idazle hegoafrikarraren bertsio plastikotzat jotzen dute askotan Alexander. Izan ere, idazleak zein eskulturagileak antzeko pertsonaiak jartzen dituzte eszenan eta testuinguru beretik abiatzen dira.

Coetzee hiru dimentsiotan

  • Kolonialismoak sortu zituen eta egun lausoki apartheid deitzen dugun sistema horretan areagotu ziren giza harreman deformatu eta okertuak. Barne bizia deformatu eta okertuan aurkitzen dute horiek errepresentazio psikikoa.

Horrela azaltzen du Coetzeek bere pertsonaien psikologia. Errepresentazio psikiko literario hori irudi fisiko bihurtzen du Alexanderrek. Abere burua jartzen die pertsonaia askori, alimaleko sistema politiko baten menpean egoteak gizatasuna galarazi izan balie bezala.

Nabarmentzekoak dira tximino (babuino) burua duten pertsonaiak. Bidoi baten gainean jartzen ditu batzuetan (African Adventure, instalazioan, kasu), kolonizatzaile zuriak eta haien boterearen funtsa (makinak eta haiek mugitzeko petrolioa) errepresentatzeko. 

alexander

Beste bat gurutzea gogora ekartzen duen tramankulu batean igota agertzen da, instalazio berean.

Egurrezko auto bat gidatzen agertzen da beste giza-tximino bat multzo berean. Settler (Kolono) izena jarri dio egileak.

Sistema politiko bidegabe eta bortitz zehatz baten aurkako kritika puntuala al da hau?

Apartheidaz harantzago

Apartheid historikotik harantzago doaz Alexander zein Coetzee. Baten irudiak ikusi, bestearen eleberriak irakurri eta Kafka datorkigu gogora berehala. Gizakion bizitza botere mekanismopean zentzugabeko antzerki anbiguoa bilakatzen dela esaten digute hiruek. Gizakiak abere bihurtzen direla.

Apartheid historikoa bukatu zenean, Egia eta Berradiskidetzea leloari eskainiriko erakusketa bat antolatu zuten Hegoafrikako agintari berriek. Jane Alexanderrek Integration Programme: man in Poweralls (extra tough, reinforced, guaranteed fully shrunk) lana aurkeztu zuen. Burua estalitako morroi beltz bat jarri zuen eskulturgileak, eta, haren ondoan, berriz agertzen da giza-tximinoa. Tximuak lepoan duen zapian honako hitzak daude brodaturik: Haize emanez altxatu garra altu, Jainkoa, Nazio eta Aberriarengatik

Coetzeek “boterearekiko eta boterearen tortsioekiko obsesioa” salatzen ditu bere lanean. Botere obsesio horri Inperio izena jartzen dio Waiting for the barbarians eleberrian:

  • Zergatik ezin dugu denboran bizi arraina uretan bezala, txoria airean bezala, haurrak bezala? Inperioak dira errudun! Inperioek sortu dute historiaren denbora. Inperioek ez dute euren existentzia urtaroen denbora zirkularrean, errepikakorrean eta uniformean kokatzen, baizik eta handitasun eta endekapenaren denbora desorekatuan, hasiera eta amaieraren denboran, katastrofearen denboran. Inperioek historian bizitzera kondenatzen dituzte euren buruak, eta historiaren aurka konspiratzera. Inperioen pentsaera ezkutuak idei finko bakarra du: nola egin, ez amaitzeko, ez hondoratzeko, euren aroa luzatzeko.

Galdera bera irakur daiteke, akaso, Alexanderren Kixmi misteriotsuen aurpegietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude